Herri kiroletako estatusaren termometroan behean ageri da lokotx edo koxkor biltzea. Izar ezagunik ez, eta ardi beltzak dira lokotx biltzaileak. Kontrara, beste edozein modalitatek baino presentzia handiagoa dauka. Ez plazan, baina bai ikastetxeetan, eskola kirolean eta herrietako saio parte hartzaileetan. Irisgarri bai, baina ikusgarri ez.
Ipar Euskal Herrian sortua izan omen zen, baina nafarrak dira kirol horretan nagusi: Maika Ariztegi hamabost aldiz izan da Euskal Herriko txapeldun, eta Fernando Etxegarai, 11 aldiz. Etxegaraik, gainera, hamazazpi aldiz jantzi du Nafarroakoa txapela, bere txapelketa kuttunean. Halaber, transmisioa bermatua dauka, Ainhoa iloba puntan ari baita. Momentuz Nafarroako hiru txapel eta Euskal Herriko bi ditu saskian.
Ainhoak osaba du ispilu: «Maila izugarria eman du urte anitzez, eta, harekin batera, bertze hainbat beratar ere ibili gara lehian. Herrian betidanik afizio handia egon da, bai herri kiroletarako, bai mendi lasterketetarako ere. Hurbileko erreferenteak izateak asko lagundu dit». Etxegaraitarrak bezala, lokotx biltzaile asko aritzen dira mendi lasterketetan ere. Fernando bera euskal selekzioarekin aritu zen Munduko Kopan. Lokotx biltzeko proba 6-7 minutuko lana izan arren, mendian lasterka ibiltzeak mesede egiten die: «Batez ere lantzen den erresistentziak eta indarrak asko laguntzen du. Abiadura bai, baina gelditu eta altxatzeko indarra behar da, punteriarekin batera».
«Hurbileko erreferenteak izateak asko lagundu dit horrelako jardueretan parte hartzeko orduan» AINHOA ETXEGARAILokotx biltzailea
Mende aldaketaren atarian, arautegiak ere aldaketak izan zituen. Artaburu lokotxak zurezko makila bihurtu ziren, eta emakumezkoak, gizonak bezalaxe, 50 lokotx biltzera lehiatzen hasi ziren. Marka bikainak ezarri zituzten Ariztegik (7.11) eta Fernandok berak (5.57). Baina erreleboa heldu da azken urteotan. Errekorrak hautsi dituzte Ainhoak (7.05) eta Unai Iantzik (5.50).
Taktikak badu garrantzia. 25eko bi lerrotan 1,25 metrora jarritako 50 lokotx dira bildu beharrekoak, ordena librean. Saskitik korrika hasita, 1,625 km dira, hiru metroko distantziatik lokotxa botata, berriz, 200 metro gutxiagoko lana eginen du kirolariak. Punteria ona izanda eta arriskua hartuta lortu zuen Iantzik marka izugarri hori. Etxegaraik, berriz, abiaduran duen gaitasuna erabiltzen du segundoak jateko, eta arrisku gutxiago hartzen du gertutik botata.
Biek atzetik aurrera biltzen dituzte lokotxak, gehienek bezala, eta aurrekoak atseden hartzeko edo indarrak ahultzen direnerako utzi. Baina badira beste taktika batzuk erabilita txapelketak irabazi dituztenak ere, azken bi lokotxak bukaerarako utzita edo gertuen daudenak jasotzen hasita. Azterketa zientifikorik ez dago eskura.
'Azken saskia'
Bihar Mungian (Bizkaia) jokatuko den Euskal Herriko txapelketan faborito dira Unai Iantzi eta Ainhoa. Iantzi nagusi da Nafarroan azken zazpi urteetan, eta Euskal Herrian azken hiruretan: «Badakit txapela lortzeko aukera dudala, baina, horren aurretik, egindako lanarekin gustura gelditzea gustatuko litzaidake», adierazi du. Ondoren, hauxe erantsi du: «Gainerako lokotx biltzaile guztiek bezala, nire egun on eta txarrak izaten ditut. Egun ona dudanean, sei minututik behera ibiltzen naiz, baina egun ez hain onetan, bertze edozein lokotx biltzailek aurretik buka dezake».
Ainhoa ere txapelaren bila aterako da: «Horrekin batera, marka txukun bat egitea gustatuko litzaidake. Bestalde, badut erronka nire errekor hori jaisteko. Beste emakume batzuk lokotx biltzera animatzeko eta apuntatzeko balio izatea ere nahiko nuke».
«Lokotx biltzeari ez zaio balio nahikorik ematen, eta jendeak nahiago du beste gauza batzuk egin. Gehiago bultzatu behar da» FERNANDO ETXEGARAILokotx biltzailea
Fernandok transmisioa egin du familian, baina modalitatea kolokan ikusten du: «Lokotx biltzeari ez zaio balio nahikorik ematen, eta jendeak nahiago du beste gauza batzuk egin. Gehiago bultzatu behar da».
Hain zuzen ere, Oier Fuentes beratarrak ekoiztutako film labur batek Azken saskia du izenburu. Jesus Mari Sein zena du protagonista, Igantziko azken saskigilea. Hark eginak dira lokotx biltzean erabilitako saski gehienak. «Ni falta naizen egunean, lanbidea ere desagertu eginen da», zioen Ttipi-Ttapa aldizkariak 2013an egindako elkarrizketa batean, eta Matxinbentako (Gipuzkoa) otarregileengatik ez balitz kirola ere arriskuan legoke, otarre edo saskirik gabe.
Nafarroak eman ditu lokotx biltzaile gehien, Berak eta Berriozarrek bereziki; baina saskigileak Igantzik, 30 sakigiletik gora izan baitziren. Gaur egun, ordea, gaztainondo zur plastikoak ordeztu du tresna gehienetan. Bihar, aldiz, gaztainondo saskiak 50 lokotxez betetzen ariko dira Euskal Herriko hamalau kirolari, beren herrialdeetako lehenengo bi sailkatuak.