Saskia bete dute zaleek

Erakundeen arabera, Munduko Saskibaloi Txapelketak 35 milioi euroko eragina izan du Bizkaian.Aurreikuspenak gainditu direla diote

Finlandiako zaleak, haientzat beren-beregi prestaturiko festan, BECen inguruan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2014ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Pozik, erronka «polito» gainditu delakoan. Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuorde Joxean Muñozek, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatu Imanol Pradalesek eta Bilboko Udaleko Bilbo Ekintzako zuzendari Nora Sarasolak, hiru erakundeen izenean, Munduko Saskibaloi Txapelketaren balantzea egin dute, eta, emandako datuen arabera, badute pozik egoteko arrazoirik: esan dutenez, ekitaldiaren zuzeneko eragin ekonomikoa 24 milioi eurokoa izan da, hots, aurreikusitakoa baino lau milioi euro gehiago, eta zeharkako eragina 35 milioi eurokoa izan da orotara.

Ostalaritzak hartu du eragin horren zatirik handiena, %87. Hotelak, aterpetxeak, landetxeak, tabernak, jatetxeak eta antzekoak izan dira onuradun nagusiak. Merkataritzan, berriz, eragina askoz mugatuagoa izan da. Instituzioek nabarmendu dute horrelako zerbait espero zutela, duela zenbait hilabete egindako txostenaren arabera eragin hori %2,8 baino ez zela izango aurreikusten baitzuten, eta aurreikuspenak bete egin dira.

Bisitariek turismoarekin lotutako produktuak erosi dituzte-oroigarriak, opariak eta beste-, saltoki handietan eta hoteletatik gertu dauden dendetan erosi ere. Gainerako dendetan eragina askoz murritzagoa izan da.

25.000 bisitari

Emandako datuen arabera, 25.000 bisitari berri izan ditu Bizkaiak txapelketak iraun duen bitartean. Finlandiatik iritsitako zale multzoa izan dute bereziki gogoan: eskerrak eman eta euren portaera laudatzeaz gain, hiru erakundeek adierazi dute espero dutela txapelketarekin hasitako lanak jarraipena izatea eta etorkizunean fruitu gehiago ematea, eta iragarri dute kudeaketa hasi dutela 2016an Bilbo eta Helsinki lotuko lituzkeen hegazkin linea bat zabaltzeko.

Joxean Muñozen arabera, txapelketaren antolaketak hainbat gaitasun utzi ditu agerian: erronkei erantzuteko, lankidetzan aritzeko, lanerako, atzerritarrei harrera egiteko eta abar. «Baina gaitasun horiek ez dira soilki elkar hartuta aritu garen erakundeonak, gizarte osoarenak baizik», gaineratu du.

Barakaldoko Udalarekin izandako gorabeheren inguruan, Pradalesek laudatu egin du udalaren lana, eta esan du «logikoak» iruditzen zitzaizkiola ekitaldiari etekina ateratzeko ahalegin guztiak, baina argi utzi nahi izan du Jaurlaritza, Aldundia eta Bilboko Udala izan direla antolatzaileak eta txapelketa Bizkaira ekartzeko inbertsioa egin dutenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.