Ez du aldarrian pentsatzen, sarian baizik. «Bigarren Mailako lau t'erdikoak hurrengo urtean Lehen Mailakoa jokatzeko eskubidea ematen du, eta hori da garrantzitsuena. Binaka estelarrak jokatzeko eskubidea urteko partidetan lortzen da». Erik Jakaren hitzak dira (Lizartza, Gipuzkoa, 1994), eta igandean Bigarren Mailako lau t'erdiko finala jokatuko du, Logroñon, Dario Gomezen aurka. Jaka da faborito garbia; apustuak doblean irtengo dira haren alde, baina ez da fio.
Jakak uda polita egin zuen, eta orduko sasoia luzatu du lau t'erdikoan. Iazko abenduan ebakuntza egin zioten orkatilan, eta, bost hilabetez geldirik egon ondoren, maiatzean itzuli zen pilotalekura. Hilabete pasa behar izan zuen jokoa hartzeko, baina maila oneko partidak jokatu ditu udan. «Min hartu nuenetik izan dudan sasoirik onenenean nago orain. Aurretik Victor, Artola eta tankera horretako aurkariekin jokatu izan dut, eta helburua horra itzultzea da. Dena den, ez dut horretan pentsatu nahi; aurretik igandeko finala dago».
Ondo egiten du lizartzarrak igandetik aurrerago ez begiratzen, hori partida garrantzitsua baita. Jaka konfiantzaz iritsi da, txapelketako partida guztiak irabazita, tartean Darioren aurka ligaxkan jokaturikoa (22-9). «Partida hark, baina, ez du balio erreferentzia gisa. Hartaz geroztik biok egin dugu gora, bereziki berak. Egun hartan, gainera, berak debutaren zama nabaritu zuen. Oro har ez zen partida ona izan».
Partida ezberdina espero du, beraz, eta bi estilo ezberdinen artekoa. «Bai, biak aurrelariak gara, baina joko ezberdina egiten dugu. Dariok kolpe bizia du, oso ondo sakatzen du, eta uste dut botera jokatzen saiatuko dela. Nik, aldiz, airez jokatuko dut, eta aurrera egin. Partida bere eremura daramanak asko du irabazia». Logroñon jokatuko dute, aurkariaren etxean, baina Jakari ez dio axola. «Edozein pilotalekura egokitzen naiz, eta Adarraga ona da. Arazorik gabe».
Hantxe galdu zuen iazko finala, Gorkaren aurka (22-18). Duela bi urte, berriz, finalerdietan kanporatu zuten Jaka. Beraz, aurtengoa da Jakaren txanda. «Esatea erraza da, baina oraindik zailena falta da». Iaz txapeldunorde izan zen, eta aurten, Lehen Mailakoaren atarikoa jokatu eta galdu egin zuen Jon Jaunarenaren aurka (22-18). «Atariko hori udako lanaren saria izan zela iruditzen zait. Kolpea izan zen galtzea, baina Jon ni baino hobea izan zen. Halere, Bigarren Mailakoa berriz jokatzea ez da atzerapausoa; are gehiago, uste dut mesede handia egin didala. Hobe da lehiatzen aritzea enpresa partidetan baino».
Zazpi Iturriko fruitua
Jaka Zazpi Iturri Amezketako klubean trebatu zen debuta egin aurretik. Besteak beste, Jokin Altunaren eta Iker Irribarriaren elkarte bera da. Haiek baino bi urte zaharragoa da, eta harreman estua du biekin. Aurretik bi aldiz izan da Bigarren Mailako txapeldun (2013an eta 2014an), Beñat Rezusta eta Xabi Tolosarekin, hurrenez hurren. Pilota jarduna ikasketekin uztartzen du, medikuntza txinatarra eta akupuntura ikasten ari baita. Lau urteko ikasketak dira.
Saria ez da txapela
Erik Jakak Bigarren Mailako lau t'erdiko finala jokatuko du igandean Dario Gomezen aurka. Iaz txapeldunorde izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu