«Sari handia»... eta garestia

Ander Imazek eta Victor Estebanek ardura handiko ordezkapenak egingo dituzte etzi.Atzelariak abenduan egin zuen debuta.Aurrelaria bikain aritu da Berasaluzeren ordez

Victor Esteban, Kepa Peñagarikano pilota hautatzailea, Ander Imaz eta Iñaki Artola, atzo, Atanoko kantxan, etziko partidarako pilota aukeraketan. J. M. / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
2016ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Astelehen goizean telefonoak jo zuen, eta albistea jaso zuten biek. «Aldaketak daude, eta igandean Lehen Mailako finalerdietako partida jokatu behar duzu». Zirrarak irentsi zituen Ander Imaz eta Victor Esteban. Kide baten lesioarengatik, Jon Ander Albisu eta Oinatz Bengoetxea, hurrenez hurren, ardura handiko partida bat jokatu ahal izango dute etzi. «Sari bat da niretzat», onartu zuen atzo Imazek pilota aukeraketan; Victorrek, berriz, «aukera on» baten gisa deskribatu zuen. Sari garestia da, baina, galtzaileek oso zail izango baitute finalerako sailkatzea.

Herenegungo Bilboko eztabaidaren ondoren, Artola-Imazek eta Victor-Untoriak ez zuten arazorik izan pilotekin. Errioxarrak berandu iritsi ziren elurrarengatik, baina besterik ez. Beraz, aukeraketako begi guztiak ordezkoei begira zeuden. Imazek ez zuen ezkutatu «urduritasun» pixka bat sumatu duela: «Ez da aste normala izaten ari. Hedabideen aldetik dei gehiago jaso ditut, eta entrenamenduak ere ezberdinak izan dira». Saritzat hartu du, merezitakoa; debutatu zuenetik bi hilabete eta erdi pasatu dira, baina jokaturiko hamahiru partidetatik hamar irabazi ditu.

Aurkarien estrategia zein izango den nahiko garbi du Imazek: «Bikote handia osatu dute, eta nire bila joango dira seguru asko. Gauza asko egin beharko ditugu ondo. Nik saiatu behar dut Artola jokoan sartzen». Artola eta Imaz adin berekoak dira, baina behin bakarrik jokatu dute elkarrekin. «Galtzeko ezer ez dugula esan dit, eta lagunduko nauela. Elkarren aurka askotan jokatu dugu, eta ia beti ni itzuli naiz burumakur. Ea orain lagun diezaiokedan».

Victor Esteban, berriz, ezagunagoa da. Pablo Berasaluze ordezkatuz bost partida irabazi ditu txapelketan, eta sasoi bikainean dago. Finalerdietan, baina, badaki ardura handiagoa dela. «Partida garrantzitsua da, eta oso polita. Edozein pilotarik jokatu nahiko lukeen partida bat da». Eman duen itxurak faborito bilakatu ditu. Ez da gutxiagorako: otsailean, Beroizekin, Artola eta Albisuri 22-15 irabazi zien Tafallan. Igandean, Albisu aritu beharrean Imaz arituko da, halere, eta, dioenez, ez dute ezer prestatu. «Beste bikotea aldatu egin da, baita nirea ere. Oraindik ez dugu hitz egin taktikari buruz». Sinetsi edo ez, ikusi egin beharko. Pilota bizi antzekoak hartu zituzten behintzat, frontisetik irteten direnak, aurkarien atzelariari lana emateko egokiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.