Saralegi:«Ez dut lokartuko hatza. Probatu, eta ez zitzaidan gustatu»

Imanol Magro Eizmendi.
Iruñea
2014ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Ekaitz Saralegik anestesiarik gabe jokatuko du larunbatean Aimar Olaizolaren aurka, lau t'erdiko txapelketako finalerdian. Iragan astelehenean ziurtatu zuen jokatuko zuela, eta atzo, pilota aukeraketan, iragarri zuenez, ez du infiltraziorik egingo. «Hatza lokartu eta proba bat egin nuen, baina sentsazioak ez zitzaizkidan gustatu. Minari eutsi beharko diot, eta hatza hausten bada, hautsi dadila».

Mina ez zaio joan, baina beldurrik gabe jokatzeko itxaropena du. Neurrira eginiko babesa erabiliko du. Babesa ez da eragozpen handia,pilotari askok erabiltzen dituzte, bai, ordea mina. «Ematen diozunean eskuan gora egiten du, eta hortik, burura».

Saralegi ez da bere onenean egongo, ezta Aimar Olaizola ere, hala uste du berak behintzat. «Fisikoki ondo nago, arazoa ez da hori. Jokorik gabe nagoela da kontua. Freskotasun pixka bat falta zait, pilotari abiadura eman ezinik nabil. Ez diot nik bakarrik, jende guztiak ikusi du hala dela. Ni ere harrituta nengoen joko oneko bolada luzearekin, eta orain iritsi da beherakada». Saralegi, dena den, ez da fio. «Agian ez da sasoi bete-betean egongo, baina, hala ere, bera da pilotaririk onena».

Ez da goraino beteko

Larunbatean jendetza batuko da Labriten, baina ez da goraino beteko. Atzo oraindik kantxako 200 sarrera inguru zeuden saltzeko, 40 euroan, eta zaila izango da denak bi egunean saltzea. Goiko harmailetakoak, aldiz, salduta daude. Apustuei dagokienez, Olaizola II.aren alde irtengo dira: 100-30i. Saralegiren hatzeko arazoak apustuzaleak zuhur jokatzera bultzatu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.