Sanzek beste etapa bat irabazi du Alentejoko Itzulian
TXIRRINDULARITZA. Bolada ikusgarria darama Enrique Sanzek (Euskadi-Murias) Portugalen, Alentejoko Itzulian. Bi etapa jokatu dituzte, eta biak irabazi ditu Orkoiengoak (Nafarroa). Herenegun bezala, atzo ere bera izan zen azkarrena azken esprintean. Raul Alarcon (Porto) eta Vicente de Mateus (Louletano) sailkatu ziren haren atzetik. Sergio Higuita (Euskadi Fundazioa), berriz, seigarren helmugaratu zen, eta Cyril Barthe (Euskadi-Murias), bederatzigarren. Sailkapen nagusian, Sanzek lidergoa sendotu du. Higuita bosgarren da, eta Barthe, seigarren. Sanz pozarren zegoen etapa amaitutakoan. «Lan ikusgarria egin dugu, eta nik bakarrik ginga jarri diot pastelari. Niretzat horrenbeste lan egin dutenei eskaintzen diet garaipena: Julen Irizarri, Beñat Intxaustiri, Hector Saezi... Bihar [gaur], gehiago». Eta aukera du horretarako, lehen bi etapen antzekoa baita hirugarrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu