Brasilgo Munduko Kopa

Santutxutik izarren artera

Juan Gardeazabal epaile bizkaitarra munduko hiru kopatan izan zen, 1958tik 1966ra. 1970ekoan ere aritzekoa zen, baina ordurako oso gaixo zen. 1969an hil zen, 46 urte besterik ez zuela.

2014ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Munduko Kopa batean, dena da distira, ikusmin eta ikuskizun. Datozen asteetan garbi ikusiko da futbolak gizartean daukan eragina, Brasilgo partidek ehunka milioi jarraitzaile erakarriko baitituzte. Haatik, jokoaren garapenerako ezinbestekoak badira ere, gehienetan epaileak itzalean geratzen dira, jokalari ospetsuen argiaren gerizpean. Hala ere, epaile batzuek merezi dute pribilegiozko leku bat munduko kopen historian, eta horietako bat da Juan Gardeazabal (Bilbo, 1923-1969). Munduko hiru kopatan parte hartu zuen, eta laugarrenean ere parte hartuko zuen, heriotzak ez balu eraman. Bere nortasunagatik, jokalariek begirunea zioten, eta, zelaitik kanpo ere, pertsona maitatua zen, herrikoia.

Juan Gardeazabali Juanito esaten zioten Bilboko Santutxun, bere auzoan. 1923an jaio zen, eta, gaztetatik, futbolzale sutsua izan zen. Epaile asko bezala, jokalari izan zen epaile baino lehen. Belauneko minak bultzatu zuen jarduna aldatzera. Bizkaiko Erregional Mailan hasi zen 1946an, eta, 1952-53ko denboraldirako, Lehen Mailan partidak zuzentzeko ardura eman zioten. 233 neurketa zuzendu zituen Lehen Mailan, hamazazpi denboralditan.

Jose Mari Gardeazabal lehengusuak ondo baino hobeto ezagutzen zuen Juanito; elkarrekin ibiltzen ziren beti. Santutxun itzal handiko pertsona zela aitortu du. «Txikiteoan ibiltzen zen lagunekin, eta auzo guztiak ezagutzen zuen». Jose Mariren seme Gorka Gardeazabalek ez zuen Juanito ezagutu, baina, familian entzun duenez, «tipo berezia zen, umore handikoa, eta ateraldi bikainak omen zituen». Gorka ere futbol epaile izan zen: bost denboraldi egin zituen Bigarren Mailan. «Ez nintzen epaile egin Juanitorengatik, baina aita asko poztu zen epaile izango nintzela esan nionean».

1955ean, nazioarteko izendapena eman zioten Juan Gardeazabali, eta Eskozia eta Portugalen arteko lagunarteko bat egokitu zitzaion hasteko. Handik aurrera, ibilbide oparoa osatu zuen. Munduko hiru kopatan epaile izan zen: Suedian 1958an, Txilen 1962an eta Ingalaterran 1966an. Stockholmen, 1958ko finalean, marrazain izatea egokitu zitzaion —Peleren Brasilek 5-2 irabazi zion Suediari—, eta 1962ko hirugarren posturako lehian epaile izan zen. Munduko Kopako zazpi neurketa zuzendu zituen, gaur egungo errekorra baino bat gutxiago.

Gaixotasun larri batek zelaietatik aldendu zuen arte, Juanito mundu osoko epailerik errespetatuenetako bat izan zen. «Justua zen talde guztiekin, boteretsu zein apal», oroitu du Jose Mari lehengusuak. Arazoak ekarri zizkion horrek, Francoren diktaduraren sasoia baitzen. «Talde handien nahietara ez zen makurtzen, eta garai hartako Espainiako Federazioarekin tirabira latzak ekarri zizkion horrek, eta, azkenean, 1970eko Munduko Kopako zerrendan ez sartzea erabaki zuten agintariek». Nazioartean Juan Gardeazabalek zuen izen ona hain zen handia, ordea, FIFAk berak zuzenean gonbidatu baitzuen 1970eko ekitaldira, Mexikora, Espainiako agintarien iritziaren gainetik. 2014an, oraindik inor ez da heldu munduko lau kopatan epaile izatera.

Kale bat Santutxun

Ordurako, ordea, larri gaixorik zen Gardeazabal, eta ezin izan zuen errekorra lortu. Ebakuntza egin zioten, eta ez zuen hasi 1969-70eko denboraldia. 1969ko abenduaren 21ean hil zen, 46 urte baino ez zituela, Mexikoko Munduko Koparako urte erdia falta zela. Futbolaren mundua astindu zuen albisteak. San Mamesen omenaldia egin zioten, eta Santutxuko kale batek haren izena darama. «Epaile zorrotza baina hurbilekoa zen; eredua izan zen», azaldu du lehengusuak. Gorka Gardeazabalek berretsi du baieztapen hori: «Nik, epaile nintzela, asko bidaiatu nuen Espainian, eta toki guztietan bazegoen norbait Juanito gogoan zuena. Oroitzapen ona uzten zuen edonon; gizon karismaduna zen».

Gorka Gardeazabalen ustez, egun ia ezinezkoa litzateke epaile batek munduko hiru kopatan jarraian parte hartzea. «Futbola asko aldatu da, eta orduan errazagoa zen dena; telebistarik ez zegoen, eta jokoa geldoagoa zen». Jose Marik, ordea, badaki lehengusuak ahalegin izugarria egin behar izaten zuela: «Kontulari aritzen zen lanean enpresa batean, eta, asteburuan, trenez edo autobusez joaten zen partidetara. Gehiago nekatzen zen bidaian partidan bertan baino!».

Maiz, San Mamesera joaten zen, Athleticeko jokalariekin batera korrikaldiak egitera, sasoian jartzeko. Jose Mariren aburuz, Juanito bere garaiko epailerik onena izan zen: «Batzuek aurkakoa esango dute, baina nor egon da munduko hiru kopatan? Eta laugarrenera ez zen joan, hil egin zelako; hori marka izango zen!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.