Ruben Gonzalez. Osasunako jokalaria

«Santiagokoak eta Coruñakoak ez gara ondo konpontzen»

Azken bi partidak hasieratik jokatu eta gero, Osasunan dagoenetik garairik gozoenean bizi dela adierazi du Ruben Gonzalezek.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2013ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Iragan sasoian iritsi zen Osasunara Mallorcatik Ruben Gonzalez (Santiago de Compostela, Galizia, 1982), baina gutxi jokatu du ordutik. Azken partidetan bere balioa erakutsi du, hargatik, eta jarraitutasuna izatea amesten du orain. Gaur hasieratik ere ariko da ziurrenik.

Osasunaren azken bi partidak hasieratik jokatu dituzu; nola zaude?

Oso ondo: pozik, aspaldiko partez jokatzen ari naizelako, eta, ilusioz beteta, Deportivoren aurkako partidaren zain.

Osasunan zaudenetik, unerik gozoenean zaudela esan al daiteke?

Esaterik ez dut nahi, badaezpada, baina egia da; gutxienez, jarraitutasuna izan dezakedala sinesten hasia naiz. Ez da gutxi, egon naizen egoeran egon ostean.

Asteburuetan beste zeregin batzuk izatera ohituta zeunden.

Bai, baina gastronomia ederreko inguru batean gaude, eta hori ezagutzeko aprobetxatu dut, kar-kar.

Kopan irabazi zenuen Ligarako aukera, baina Ligan jokatutako lehen partidan egotzi egin zintuen epaileak.

Bai, Valladoliden aurka. Bigarren txartel horia zorrotzegia izan zen; baina, azken finean, ez nuen partida amaitzerik izan. Beste aukera baten zain geratzea beste aukerarik ez nuen izan, baina ez zen samurra izan. Lanean gogor jarraituz gero beste aukeraren bat izan nezakeela uste nuen, eta hala gertatu da, zorionez.

Valentziaren aurka bi partida dotore eginagatik, ez dakit zuretzat ezustekoa ez ote zen izan iragan asteburuan Real Madrilen aurka zeure burua hasierako hamaikakoan ikustea.

Ustekabeko handia izan zen, ez dizut gezurrik esango. Deialdietatik kanpo hainbestetan geratu ostean, ez da erraza zure zortea aldatuko dela sinestea. Ohitu egiten zara horretara. Ustekabeko atsegina izan zen.

Aurkaria Real Madril izanda...

Partida ezberdinak dira talde handien aurka jokatzen dituzunak, baina, nire egoeran, berdin-berdin zitzaidan aurkaria zein izan. Amore ez ematearen osteko saria zen niretzat.

Real Madrilen harrobian hazi zinelako nioen. Kutuna al duzu, oraindik?

Iragana iragana da. Osasuna da orain nire talde bakarra.

Oso gaztetan utzi zenuen Galizia, baina Santiagokoa zara, izatez: Coruñako probintziakoa. Deportivo talde berezia al da zuretzat?

Ez. Compostela da gure taldea. Gerra moduko bat bada han Deportivorekin. Compostelaren ondoren, Celta, inoiz ez Deportivo. Santiagokoak ez gara ondo konpontzen Coruñakoekin.

Deportivori golen bat sartuz gero, penarik ez duzu izango orduan...

Ez, ez, gustura ospatuko nuke.

Are eta gehiago, Celtako jokalaria ere izan zinela aintzat hartuz gero.

Hori ere egia da. Baina horregatik baino gehiago, oraintxe Osasunak hain beharrezkoak dituen puntuak lor genitzakeelako ospatuko nuke.

Deportivoren ondoren, Celta hartuko duzue.

Guretzat, benetan garrantzitsuak dira bi partida horiek. Tartean, Camp Noun ere jokatuko dugu, baina Deportivo eta Celta aurkari zuzenak ditugu, eta bi partida horiek irabazteak ikaragarrizko garrantzia luke guretzat .

Iragan sasoian, Camp Noun jokatu zenuen. Emaitza ikusita [8-0], akaso ez jokatzea hobea izango zen ?

Bartzelona baino talde hoberik aurkitzea ez da erraza. Futbola asmatu duela dirudi. Lehen itzulian hemezortzi garaipen eta berdinketa bat lorztea egundokoa da, eta argi dago partida ezberdina izango dela. Iragan sasoian zortzi gol sartu zizkiguten, baina, egundoko jipoia hartu arren, taldea indartuta atera zen handik.

Zenbat puntu behar dira bigarren itzulian mailari eusteko?

Deportivori irabaztea da orain nire kezka bakarra.

Hamar partidatan golik ez du egin Osasunak. Horrela ezinezkoa da irabaztea.

Egia da, baina ezin gara itsutu, badakigu golak sartu behar direla partidak irabazteko; baina hori jakinda, antsietatea saihestu beharra dago.

Atzelariok ez duzue golik sartu.

Tira, gutxi jokatu dut nik, eta nire eginkizun nagusia ez da golak sartzea. Hargatik, geldikako jokaldiei etekin handiagoa ateratzea oso garrantzitsua da, eta ea atzelariok ere taldeari laguntzerik dugun horretan. Korner eta faltetan errematea lortzeko anbizioa badaukat nik. Hori da gakoa. Ea Deportivoren aurka lortzen dudan.

Nolako partida espero duzu?

Entrenatzaile aldaketarekin, Deportivo defentsan sendoagoa dela dirudi. Atzean sendo aritu eta kontraerasoean azkar irten nahiko dute. Ez da norgehiagoka samurra izango. Pazientzia izan beharko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.