Santi Gonzalez bilbotarrak irabazi zuen herenegun Euskadiko Xake Txapelketa. Gonzalezek bere onena eman behar izan zuen hirugarrenez maila nagusiko txapela janzteko, David Astasio gasteiztarrak estu hartu baitzuen. Azken sailkapena da bi jokalarion arteko parekotasunaren erakusle: 5,5 punturekin berdinduta bukatu zuten biek, baina euren artekoan Gonzalez nagusitu zenez, harentzat izan zen garaipena. Haien atzetik sailkatu zen Mikel Huerga iruindarra. Iazko txapeldunak bost punturekin bukatu zuen.
Txapelketa benetan parekatua izan da, emozioz beterikoa. Hasteko, ustekabeko galantarekin hasi zen, Alejandro Franco madrildarrak, titulua irabazteko faboritoetako batek galdu egin baitzuen estreinako partidan Jose Luis Guijarro billabonatarraren aurka. Porrot hark asko zaildu zituen Francoren aukerak; halere, Gros taldeko jokalariak ez zuen etsi, eta hurrengo hiru partidak irabazi zituen. Bosgarrenean, ordea, galdu egin zuen Astasioren aurka, eta aukerarik gabe geratu. Baten galbidea, bestearen onura. Izan ere, Astasio bost punturekin iritsi zen seigarren lehiara, Gonzalezen aurkakora, hain zuzen. Astasiok dena zuen alde titulua ia erabakita uzteko, baina huts egin zuen, eta Gonzalezek ondo baliatu zuen irabazi eta sailkapenean haren aurretik jartzeko.
Azken jardunaldia falta zen jokatzeko, eta Gonzalez eta Astasio bosna puntu zituzten. Bilbotarra zegoen aurretik, ordea. Eta azken jardunaldian biek berdindu zuten, Gonzalezen zorionerako eta Astasioren zoritxarrerako. Gonzalezek hiru txapel ditu jada, Jesus Iruzubietak eta Rafa Alvarezek adina. Urruti du Felix Izetaren marka (bederatzi txapel), bainaziur baten bat gehiago bilduko duela, 32 urte bakarrik baititu.
Santi Gonzalez hirugarren aldiz izan da Euskadiko xake txapeldun
Jokalari bilbotarrak oso lehia estua izan du txapelketan David Astasio gasteiztarrarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu