Irlandako errugbi selekzioa

Sant Patrick biribilena

Irlandak nagusitasunez irabazi du Sei Nazioen Torneoa. Hamabosgarren aldiz egin du. Partidarik galdu gabe lortu du, eta, hala, laugarrenez eskuratu du Grand Slama. Talde orekatua izan da, eta Munduko Txapelketa irabazteko hautagai sendoa da.

SEI NAZIOAK.
pettan uralde
2023ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Ingalaterrari irabazita (29-16), sari nagusia jaso zuen larunbatean Irlandako errugbi selekzioak: Sei Nazioen Torneoa eta Grand Slama. Hamabosgarren aldiz lortu du torneoa, eta laugarren Grand Slama eskuratu du. Partida guztiak irabazita egin du. Irlandaren garaipena, gainera, Sant Patrick eguna ospatzen den asteburuan egin du, Irlandaren jai nazionalean. Hala ospakizuna biribildu du. Nagusitasunez lortutako garaipena izan da, eta irailean Frantzian jokatuko den Munduko Txapelketari begira bere hautagaitza aurkeztu du, sasoi bikaina erakutsi baitu.

Txapelketa ikusgarria izaten da Sei Nazioena, eta ez du inoiz galtzen Jon Gurtubai Gernikako jokalariak (Igorre,Bizkaia, 1989). Torneoa «espero zen moduan» joan dela azaldu du, eta Irlandaren bolada onaz mintzo da. «Zalantza bakarra Ingalaterra zen, entrenatzailea aldatu baitzuen txapelketaren aurretik, baina bestela argi ikusten zen Irlanda eta Frantzia beste maila batean heldu zirela txapelketara. Frantziak ahul hasi zuen txapelketa, lehen neurketan Italiaren aurka ozta-ozta irabaziz, eta bigarren neurketan galdu egin zuen Irlandaren aurka. Irlandak, ordea, txapelketa perfektua egin du, partida guztiak irabazita».

Azken 23 norgehiagoketatik 22 irabazi ditu Irlandak, baina Frantziak oso jokalari onak ditu. Zaleek faboritotzat jotzen zituzten bi selekzioak, baina, azkenean, Irlandak eraman du garaikurra, nagusitasunez. «Irlandaren azken urtea oso ona izan da, eta antzeman zaie konfiantzaz beteta zeudela. Frantziak, ordea, zalantzekin zetorren, eta horregatik ez zen hain faborito».

Gurtubaik nabarmendu du «marka izugarria» dela Grand Slama laugarrenez irabaztea. «Sei Nazioen Torneoa irabaztea zaila da berez. Bada, Grand Slamarekin egitea are gehiago. Garaipenak konfiantza handia emango die irlandarrei Munduko Txapelketari begira».

Azken jardunaldian Frantziak Galesi irabazi zion, eta garaikurra eramateko Irlandak ezin zuen Ingalaterraren aurka huts egin. Ez zuen egin. «Txapelketa osoan erakutsi duen nagusitasuna berretsi zuen, eta partida nahi zuen bidetik eraman zuen. Bai atzean, bai aurrean talde orekatua dute, eta hori izan da irabazteko gakoetako bat».

Polemika ere ez zen falta izan, Ingalaterrak jokalari bat gutxiagorekin jokatu baitzuen ia bigarren zati osoa. Gurtubaik argi du: «Gehiegi zigortzen ari dira goi plakatzeak edo buruan hartzen diren kolpeak. Frantziaren eta Eskoziaren arteko neurketan ere bi txartel gorri ikusi genituen, eta zaila iruditzen zait horrelako jokaldiak ondo interpretatzea».

Aipatu bezala, emaitza bolada ikusgarrian da Irlanda, eta hortik harago ere joko ikusgarria egiten ari da. «Argi ikusten da ez dela kasualitate hutsa. Selekzioaren maila icebergaren tontorra besterik ez da. Atzetik lan handia egin dute azken urteetan». Adibidez, 20 urtez azpikoetako selekzioak oso talde ona dauka, eta baita United Rugby Championship ligan lehen postuan dagoen Leinsterrek ere. «Oso ondo dago errugbia Irlandan.

Beste selekzioen lana

Txapelketan aritu diren bost selekzioek utzi dutenaz ere aritu da Gurtubai. Atzetik aurrera egin du azterketa. Azken aldietan bezala, Italia izan da azken sailkatua.«Ez du txapelketa txarra egin. Haien helburua partidaren bat irabaztea zen, eta ez dute lortu. Baina nik uste dut beste urteetan baino hobeto aritu dela. Gutxienez aurpegia eman du partidetan».

Galesek garaipen bakarrarekin amaitu du torneoa, Italiaren aurka irabazitakoa. Zalantzekin iritsi ziren herensugeak txapelketara, eta hala amaitu dute. «Gales oso gaizki dabil, agian bere historiako garairik txarrenean. Ikusteko dago zer egin dezaketen Munduko Txapelketan, baina ez dut itxaropena handirik haiengan».

Ingalaterrak entrenatzailea aldatu zuen txapelketa aurretik. «Partida batetik bestera aldaketa asko egin dituzte taldean. Ez dute beren tokia topatu. Ikusteko dago nola iritsiko diren irailera».

Koska bat gorago ikusi du Eskozia. «Indartsuenen atzetik, uste dut Eskozia dagoela. Jokalarien adinagatik, orain daude sasoirik onenean. Frantziaren eta Irlandaren aurka baino ez dute galdu, eta hori asko da. «Munduko zerrendan lehen bi postuetan daude».

Frantziari dagokionez, uste du irailari begira abantaila handi bat duela. «Etxean jokatuko du». Gainera, haren ustez, talde «oso ona» du. Nabarmendu duenez,Irlanda, Zeelanda Berria, Hegoafrika eta Australiarekin batera, selekzio indartsuenak dira. «Goi mailako Munduko Txapelketa izatea espero dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.