Urruti dago 2020ko abenduaren 8a. Egun horretan jokatu eta irabazi zuen azken finala Joseba Ezkurdiak (Arbizu, Nafarroa, 1991): binakakoa, Julen Martijarekin. «Sekulako gogoa» zuen berriz final bat jokatzeko. «Ilusio ikaragarria» egiten dio etxean jokatzeak.
Zer sentitzen duzu berriz final baten atarian egonda?
Sentipen politak ditut. Banuen gogoa berriro neure burua txapel bat irabazteko borrokan ikusteko. Gozatzeko da hau, eta gozatzen ari naiz.
Berehala esan duzu: «Banuen gogoa».
Hala baita. Ederra da finalak jokatzea; gauza asko mugitzen dituzte: sekulako giroa sortzen da herrian, eta jendeak ilusio handiz bizitzen du dena. Oso polita da hori bizitzea. Zorte ikaragarria dut halako une bereziak bizitzeagatik.
2020ko binakakoan jokatu zenuen azkenekoz finala. Ordukoak, ordea, ez du inolako antzik oraingoarekin. Ateak itxita jokatu zen lehen finala izan zen. Irabazi arren, ia ez zenuten ospatu.
Ezohikoa izan zen erabat, eta ez Julenek, ez nik ez genuen bizi final bat jokatu eta hura irabazteak eragiten duen guztia. Pandemia dela-eta, oso aldrebesa zen egoera. Ezin zen ezer egin: ikuslerik gabe jokatu genuen, eta ezin izan genuen ospatu. Banuen gogoa berriz final bat jokatzeko eta horretaz gozatzeko.
Irudikatu duzu zeure burua igandean?
Bai, eta ziur naiz sekulakoa izango dela. Izugarri berezia izango da: Iruñean, frontoia beteta, bi pilotari nafar... Emozio handiko eguna izango da. Ea Unaik eta biok partida polita jokatzen dugun, eta frontoian edo etxean daudenek ikuskizun ederraz gozatzen duten.
San Fermin egun txiki bat izango da ia.
Sanferminen aurrerapena izango da. Giro polita sortu da, eta ea egun ederra ateratzen den.
Sarrera asko eskatu dizkizute?
Bai. 170-180 inguru eman dizkidate. Gehiago nahiko nituzke, eta hori lortzeko negoziatzen ari naiz. Eman dizkidatenak halako bi izanda ere, ziur naiz ziztu bizian geratuko nintzela gabe. Interneten salmentan jarritakoak ere berehala saldu ziren. Seinale ona da hori, jendea pilota gosez dagoen seinale. Pozgarria da hori.
Nafarroa Arenan jokatuko duzue. Oroitzapen bikainekoa da zuretzat: bitan jokatu duzu finala bertan, eta bietan irabazi duzu: 2018ko eta 2019ko lau eta erdikoak, Jokin Altunaren aurka.
Nafarroa Arena izena entzun, eta berehala etortzen zaizkit burura une onak eta sentipen politak. Bertan bi txapel irabazi ditut, eta sekulako gozatuak hartu. Ea hirugarren aldian ere goza dezakedan, eta hirugarren txapela irabazi.
Bitan han irabazi izana zure ezaugarrietara ondo moldatzen den seinale da?
Lau eta erdian aritu naiz han, eta oraingoan buruz buru jokatuko dut; ez dute zerikusirik batak bestearekin: buruz buru, sakearekin min handia egiten da. Nafarroa Arenak ezkerpareta latza du, eta pilotak mugimendu arraroak egiten ditu ezkerpareta jotzen duenean. Ea nola moldatzen naizen.
Bi aldiz soilik entrenatuko zarete Nafarroa Arenan —Ezkurdia, lehen aldiz, atzo—. Eskertuko zenukete gehiagotan aritzea?
Bai, noski. Bagenekien ekitaldi asko egiten direla Nafarroa Arenan, eta finalaren aurreko asteburuan gimnastika erritmikoko txapelketa bat zegoela. Guri gustatzen zaigu finala jokatu baino bi aste lehenago finalaren frontoian entrenatzea, haren berezitasunetara egokitzeko, eta sentsazioak hartzeko. Ezin izan dugu egin, eta horrek kalte egin digu Unairi eta bioi. Gainera, ez da lehen aldia. Jokini irabazi nion lau eta erdiko final batean ere ezin izan ginen nahi bezainbeste entrenatu bertan. Espero dugu gertatutakoak balio izatea berriz halakorik ez gertatzeko, eta halako xehetasunak gehiago zaintzeko.
Lau final jokatu dituzu Lehen Mailan, eta laurak irabazi dituzu. Bosgarrena ere bai?
Nahiko nuke! Lau final jokatzeko eta irabazteko zortea izan dut, eta orain bosgarrena jokatzeko aukera dut, hirugarren modalitate batean. Sekulakoa da. Ea kantxan dena ematen dudan, eta, txapela irabazten badut, askoz hobeto.
Bitan irabazi duzu lau eta erdikoa, eta beste bitan binakakoa. Igandean irabaziko bazenu, hiru modalitatetan txapela irabazi duen bederatzigarren pilotaria zinateke. Buruan duzu hori?
Saihetsezina da, kazetari guztiek horren inguruan galdetu baitidazue. Baina ez dit buruhausterik eragiten, ez dit denbora kentzen. Gauza handia litzateke hori lortzea, eta, lortuko banu, lan ona egiten ari naizen seinale litzateke. Baina, orain, uneaz gozatzen ari naiz. Oso pozik nago, helburua finala jokatzea baitzen, eta lortu baitut.
Duda zenuen bi partida gutxiago jokatzeak finalerdia jokatzeko orduan kalte egingo zizun edo ez. Baina nagusitasun handiz irabazi zenion Erik Jakari: 22-2.
Bai, baina ulertzekoa zen zalantza izatea. Buruz buru jokatu nuen azken partidatik hiru aste pasatu ziren, eta, tarte horretan, aurkariek jokatu egin zuten. Zalantza eta beldur horiek izateak lagundu egin zidaten adiago jokatzeko eta une oro oso kontzentratuta egoteko. Ondo nago, sasoiko, txisparekin, eta gogotsu.
Igartzen da hiru partida bakarrik jokatu dituzula?
Ez dakit. Nik, adibidez, final-zortzirenak jokatu eta sei egun eskasera jokatu nuen Zabaletaren aurka. Ez zaio horri buelta gehiago eman behar. Ez dakigu jokatu ez nituen bi partida horiek nolakoak izango ziren. Zabaletaren aurkakoa bezain gogorrak izan balira, minen bat izango nuke.
Zer itxura hartzen diozu finalari?
Oso gogorra izango da. Unai sekulako maila ematen ari da azken urtean. Pilotari ikaragarria da, eta indar betean jokatzen du beti. Hirugarren finala du itzuli denetik, eta horrek agerian uzten du sekulako pilotaria dela. Gauzak ondo egin beharko ditut irabazteko.
Zeintzuk izango dira gakoak?
Lehenbizi, sakearekin asmatu beharko dut, eta gauzak ondo egin. Zalantzarik gabe jokatu behar dut, buruz buru dudaren bat izanez gero aurkaria gainetik pasatzen baitzaizu.
Ikusi gehiago:Unai Laso: «Etxean, frontoia beteta, giro ederra... Sekulakoa izango da»