Futbola. Osasuna Kopako finalean

Sanferminak balira bezala, Sevillan

Zale gorritxoek goizean goizetik disfrutatu dute finalaren egunaz.«Ospatzeko eta gozatzeko» eguna dela nabarmendu dute. Giralda inguruak Gazteluko plaza zirudien eguerdian. «Sevilla, entzun, Osasuna txapeldun!», ozen aditu da.

1. Giralda. Eguerdian bildu zen Osasunaren zale gehien Sevillako eraikin ezagunaren inguruan. OLATZ ARTOLA APEZTEGIA.
ainara arratibel gascon
<i>Sevilla</i>
2023ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Giroa gori eta gorri zegoen atzo Sevillan. Gori, beroa egiten zuelako, eta gorri, Osasunako zaleek bete egin zituztelako hiriko kaleak goizean goizetik. Sevilla Apirileko Feriatik sanferminetara pasatu da astebetean. Iruñeko jaien hasiera bi hilabetez aurreratu da, eta, uztailaren 6a balitz bezala, ohitura guztiak bete zituzten.

Lehena, ondo gosaltzea.Terrazak lepo egon ziren txoko guztietan, baina, batez ere, Giralda eta katedralaren inguruan. Denak bufanda edo elastiko gorriekin zeuden, eta asko, eguzkitako betaurrekoekin. Ez eguzkiak jotzen zuelako, baizik eta gaua luze joan zitzaielako gorritxo askori.

Terraza horietako batean zen Angel Sanchez.«Egun handi bat ezin da bestela hasi; bigarren gosaria dugu. 08:00etan, arrautza frijituak jan ditugu urdaiazpikoarekin. Nafarroako txistorra falta zen, gosaria betea izateko. Orain, berriz, mokadutxo txiki bat egingo dugu». «Pozik eta hunkituta» zegoen. «Ederra da hainbeste belaunalditako Osasunako zaleak hemen ikustea». Astelehen arte luzatuko du egonaldia. «Irabaziz gero, ez gara harrerara iritsiko. Baina hemen ospatuko dugu».

Giroa «harrigarria» egin zaio Bea Arraizari. «Autoz gentozela, jendetza ikusi genuen. Baina hemen ikustea izugarria da. Iruñeko Udaletxe plaza dirudi suziriaren egunean. Izugarria da». Galdu edo irabazi, betiko gordeko duen eguna izango da.«Azken batean, guretzat festa handia da hau». Emaitzaren arabera plan bat edo beste egingo dute itzulerarako. «Gauza asko ditugu buruan, jokalariei Iruñean egingo zaien harrerara ere iritsi nahi baitugu. Ikusiko dugu. Kontua gozatzea da; gaizki pasatutakoak gara».

Jesus Legarrak 50 urte baino gehiago daramatza Osasuna jarraitzen, eta sekula halakorik bizi gabekoa zen. «Oroitzapen asko datozkit burura. Ni heldu samarra naiz; horregatik, gehien gustatzen zaidana da hainbeste gazte eta haur honetaz disfrutatzen ikustea. Osasunarentzat bultzada handia dira».

Gazte horietako bat da Adrian Perez. «Gaua pixka bat luzatu zaigu. Goizaldeko hiruretan joan gara etxera, baina bederatzietarako jaikita geunden, egunaz hasi eta buka gozatu nahi genuelako», azaldu zuen. Trianatik erdialdera zihoazen.«Emaitza bat edo bestea izan, ederki ospatuko dugu. Finalera iriste hutsa handia da».

Zale askok Osasunako ikur izan direnen izena zeramaten elastikoan. Arkaitz Artuxek, adibidez, Mai Garderena. «Denak gara Osasuna, eta hauek ere egin gaituzte handi», esan zuen. Furgonetan iritsi ziren. «Apenas egin dugun lorik, baina egunaz ederki disfrutatzeko asmoa dugu».

Zaleen gunean, joan-etorria

Handik gertu zegoen Osasunako zaleen gunea: Fernando Magallanes parkean. Hantxe ari zen musika jartzen Oihan Vega. Eta bertaratu zirenek jatekoaz, edatekoaz eta umeentzako jokoez gozatu ahal izan zuten. Osasunak ere gune bat jarri zuen bertan, materiala saltzeko. Geratu gabe ari zen lanean Isabel Mendiaraz.«Bero egin arren, finalerako ateratako bufanda ari gara saltzenbatez ere, baita txapelak ere». Lanaamaitu, eta Cartujara zihoazen neurketa ikustera.«Egun oso polita izaten ari da. Zale askorekin hitz egiteko aukera dugu».

Eguerdirako, txoko guztiak hartu zituzten zaleek. Berriro ere Giralda ingurura itzulita, uztailaren 6an suziriaren ondotik izaten den giroa zegoen. Kantuak, animo oihuak... Baina ozenen entzun zen oihua hau izan zen: «Sevilla, entzun, Osasuna txapeldun!». Kantuan ari zen Maider Igerategi. «Polita da hemen euskaraz entzutea», aitortu zuen. Ez zuen sarrerarik finala ikusteko. «Taberna batean ikusiko dut partida, ni bezala dauden beste lagun batzuekin. Baina ez genuen egun hau galdu nahi». Cartujan jo zuen goia zaleek sekula ahaztuko ez duten egunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.