Athleticera iritsi orduko, bere mailaren berri ematen hasia da Maroan Sannadi. Alavesek utzita Barakaldon sei hilabetez aritu ondoren, neguko merkatuan hura fitxatzea erabaki zuen Jon Uriarte buru duen zuzendaritzak, 4 milioi euro pasatxo ordainduta, eta ilusioa agerikoa da Athleticeko zaleen artean. Ez da gutxiagorako. Besteak beste, orain arte jokatu dituen hiru partidetan bikain aritu baita aurrelaria. Ernesto Valverdek hasierako hamaikakoan zelairatu du azken bi neurketetan, eta joan den igandean lehen gola sartu zuen elastiko zuri-gorriarekin: 3-0ekoa egin zion Valladolidi. Bi maila beheragotik etorri arren, Lehen Mailako jokora azkar egokitu da Sannadi, eta adituek diote oso goian daukala sabaia. Ondorioz, etorkizunerako ez ezik, orainerako ere fitxaketa garrantzitsua egin du Athleticek.
Hain zuzen, Sannadi gutxik ezagutzen dute hobeto Joseba Nuñez Barakaldoko kirol zuzendariak baino (Bilbo, 1964). Denboraldiaren lehen zatian Barakaldon bertan jokatu du gasteiztarrak, eta Nuñezek gertutik erreparatu dio haren bilakaerari. «11 gol sartu ditu guztira, eta maila horretako jokalaririk onena izan da dudarik gabe. Orain kolpetik bi koska egin ditu gora, baina badirudi ez duela aldaketarik nabaritu. Ezin hobeto egokitu da Lehen Mailako erritmora». Ezerk ez du ezustean harrapatu Nuñez, espero baitzuen Sannadik lehen egunetik ematea bere mailaren berri. «Ez nau ezerk harritu: sinetsita nengoen dena ongi joango zitzaiola. Sannadi oso lasaia da, eta saiatua. Indarra badauka, eta kalitatea ere bai. Inguruan zenbat eta jokalari hobeak eduki, berak ere gehiago azalduko ditu bere dohainak».
«Haren gorpuzkera ikusita, hasieran ematen du baldar samarra izango dela agian, baina ez da hala. Aurkariekin tupust egitean oso indartsua da, baina baditu dohain gehiago»
JOSEBA NUÑEZBarakaldoko kirol zuzendaria
Goitik beherako aurrelaria da, Nuñezen esanetan. 1,92 metro luze izan arren kalitate handia daukala dio. «Haren gorpuzkera ikusita, hasieran ematen du baldar samarra izango dela agian, baina ez da hala. Aurkariekin tupust egitean oso indartsua da, baina baditu dohain gehiago. Kalitatea dauka oinetan, eta jokaldi interesgarriak egiten ditu teknikoki aparta delako. Ausarta da, eta gauzak ez ditu birritan pentsatzen. Aurkarian atzean uzteko gaitasun handia dauka». Gainera, gola sartzeko erraztasuna du, baita abiadura ere. «Ziurrenik ez da Williams anaiak bezain azkarra izango, baina oso ongi mugitzen da lerro artean, eta buruhauste ugari eragin dezake aurkarien defentsan. Valladoliden aurka ere ikusi zen zein mugimendu onak egin zituen atezainaren aurrean bakarrik geratzeko. Gola sartzeko erraztasuna ere badauka, eta hori oso garrantzitsua da».
Gorka Guruzeta ezinbesteko jokalaria izan da orain arte Athleticen erasoko lerroan, baina Sannadik taldeari beste ate batzuk irekiko dizkiola uste du Nuñezek. «Zenbat eta aukera gehiago izan, hobe Valverderentzat. Ikusi da entrenatzaileak hasieratik zelairatu duela azken bi partidetan, eta horrek esan nahi du jokalaria gustatu zaiola. Oraindik elkar ezagutzen ari dira Sannadi eta gainerako jokalariak, baina dagoeneko oso gauza interesgarriak ikusi ditugu». Guruzeta eta Sannadi jokalari ezberdinak dira, Nuñezek dioenez. «Sannadik gaitasun handiagoa izan dezake aurkarien defentsakoak tokitik ateratzeko. Jokoa ongi nahasten du, atzetik aurrera ongi iristen da errematera, buruz ongi jotzen du baloia, eta, gainera, bi oinak ditu onak. Lehen Mailan arrakasta izateko dena dauka».
Balio handiko pertsona
Futbolerako dohain bikainak izateaz gain, pertsona «ona, atsegina eta gertukoa» dela adierazi du Nuñezek. Gurasoak Marokotik etorriak, larre motzean hazia dela dio, beste haur askoren baliabiderik gabe. «Bost anai-arreba dira, eta haren ilusioa beti izan da futbolean jokatzea. Orduak eta orduak egin ditu kalean jokatzen, eta orain Athleticen aritzea sekulako saria da harentzat eta familiarentzat. Ongi merezitako saria dute». Nuñezek berak ere poz galanta dauka. «Denbora gutxian arrasto galanta utzi du gure artean Sannadik. Oso gertuko pertsona da, alaia, leiala eta lagun ona. Athleticek fitxatu zuela jakin zenean, agur moduko bat antolatu genion aldagela barruan, eta oso hunkigarria izan zen. Eskertuta hitz egin zien denei. Zortea lagun baldin badu, bide luzea egingo du Lehen Mailan».