Athletic 1-0 Reala

Sanceten gol batek erabaki du derbia

Athletic nagusi izan da lehen zatian, eta hori baliatu du gola egiteko. Intentsitate handiko partida izan da, baina urriak izan dira gol aukerak.

Sancet bere gola ospatzen, gaur, San Mamesen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Sancet bere gola ospatzen, gaur, San Mamesen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2024ko azaroaren 24a
23:10
Entzun

San Mamesen jokatzen diren derbietan nagusi izaten jarraitzen du Athleticek. Ernesto Valverderen taldea Reala baino askoz hobeto zelairatu da, lehen ordu erdian ezinean aritu dira txuri-urdinak, eta orduan heldu da Sanceten gola. Bisitariek ezin izan dute markagailua irauli gero. Sailkapen nagusian bost puntuko tartea dago, orain, bien artean.

Hamaikakoetan ezusteko gutxi izan da. Athleticen Alvaro Djalo izan da berrikuntza nagusian, eta Realean Brais Mendez aulkian geratu izana ezusteko bakarra. Bi entrenatzaileek zekiten partida garrantzitsua zela, eta jokalariek ere hala erakutsi dute zelaian: intentsitate handia izan du lehiak.

Aurreneko minutuetan bere armak erakutsi ditu Athleticek: baloia berreskuratzeko presio bikaina eta joko zuzena. Zelai erdia ez du ia pasa ere egin Realak. Eta saria merezita heldu zaio etxeko taldeari. Nico Williamsek egin du jokaldia hegaletik, kostata, baina eraman du baloia, erdiraketa loratua bidali du bigarren zutoinera, eta han, buruz, Javi Lopezi nagusitu zaio Sancet. 

Lehen zatiko azken minutuetan hobera egin du Realak, arriskua sortzen hasi da Kubo, baina gola egiteko abagune argirik ez du izan.

Aukera gutxi

Bigarren zatian bide beretik segi du norgehiagokak. Reala hobeto aritu da, baloiaren jabetza gehiago izan du eta nahi zuen erritmo jarri dio partidari. Gol aukera argia, ordea, bakarra izan du Alguacilen taldeak, Sucicek ezker hegaletik egindako erdiraketa batean. Gutxigatik ez da heldu Zubimendi.

Athleticek ere izan du errenta handitzeko parada, baina Sanceten jokaldi zoragarri bat ezin izan du behar bezala amaitu Pradosek. Azken minutura arte egin dute borroka bi taldeek, baina saria, azkenean, etxekoentzat izan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.