Zurrumurru eta bertsio lausoen ondotik, aitorpena egin du Athleticeko jokalari Oihan Sancetek. Futbolariak onartu du berak gidatzen zuela igande goizaldean Iruñean istripua izandako autoa. Autoa errepidetik atera zen 01:20 aldera, Iruñeko Belosoko aldapan, eta hainbat kalte eragin zituen. Berehala, foruzainak joan ziren gertatutakoa aztertzera, eta hiru lagun aurkitu zituzten ibilgailuaren kanpoaldean; autoaren jabe den Sancet ez ze horien artean, korrika joana baitzen, ihesi. Azkenik, atzo iluntzean baieztatu zen ibilgailuaren jabea ez ezik bera zela gidaria ere.
Berriki arte, baina, korapilatuak eta kontrajarriak izan dira auziaren gaineko bertsioak. Izan ere, istripua gertatu eta ordu gutxira, futbolariaren lagunetako bat polizia etxera joan zen, aitortzeko bera ari zela autoa gidatzen, eta ez Sancet. Hala eta guztiz ere, Foruzaingoak deklaratzera deitu zuen Sancet, eta, azkenik, onartu du egiazki bera zela gidaria. Futbolariak gaur entrenatu du berriz ere taldekideekin, Lezaman.