Alemaniaren aurka galdu orduko, dituen aurpegiak erakutsi zituen Brasilek astearte gauez. Dena den, eta hegoalde hotzetik hasi eta iparralde berora arte, herritarrek erakutsitako jarrerak bat egin zuen biharamunean. Zigorraldi sentsazioa zabaldu zen, eta sanbaren herrialdean musika kolpetik eten zela zirudien.
Rio de Janeiroko Copacabana hondartzan, tentsioa handituz joan zen gol bakoitzeko. Partidaren osteko liskarretan, hildako bat, lapurreta ugari eta dozenaka atxiloketa izan ziren. Hildakoa, polizia iturrien arabera, autobus bat erre zuen gazte bat da, eta Poliziarekin izandako tiroketan hil zuten. Sao Paulon ere gaua luzea izan zen: hogei autobus kiskali, eta hainbat saltokiri eraso zioten.
Egunkariak ere gogorrak izan ziren. Lance-k, esaterako, hau zekarren azal zurian: «Etsipena, iraultza, frustrazioa, mina...»; eta irakurleak sentimenduak idaztera gonbidatu zituen. O Globok, berriz: «Brasilgo selekzioak bere historiako umiliaziorik handiena izan du». Azkenik, Folha de Sao Paulo-k zioen Alemaniak «zanpatu» egin zuela Brasil eta herrialdeak «1950eko trauma» berritu zuela.
Zaleek hedabideen antzeko iritzia dute. «Nik Brasilek irabaztea nahi nuen, baina ez nuen esperantza handirik. Egia esanda, 1-2 galduko zuela uste nuen, baina 1-7... Amesgaiztoa izan da». Mirton Oliviera Salvador da Bahiako 26 urteko gazte bat da. Partida hasi baino ordubete lehenago, Farol da Barra itsasargi ezagunaren parean zegoen, guardia egiten. Pantaila erraldoi bati esker, jaiaren erdigune bilakatu da Salvadorren.
Herenegungoa, dena den, ez zen izan ohiko eguna Bahian. Canarinharen elastiko horiak nonahi eta ia autorik ez zirkulazioa eguneroko amesgaizto den hirian. Langile askok jai hartu izanak arindu zituen autobideak: «Orain bertan irten naiz lanetik, eta sekulako itzulia egin behar izan dut etortzeko. Kopan, Brasilek jokatu duen bakoitzean, ordu batzuk lehenago irteteko aukera eman digute», azaldu zuen Joao Gonzalvesek, pozik oraindik, partidaren aurretik.
«'Que vergonha!'»
Bahian sustraitu zen Brasil, eta han loratu dira, mendeetan, Brasilgo kulturaren adibiderik ezagunenak. Bahiak atzerritarrak Brasilen inguruan dituen irudi eta sentipen gehienak biltzen ditu. Poztasuna ere bai, noski. Horren erakusgarri da, beste hiriburuetan ez bezala, jendea dantzan hasi izana epailearen azken txistuarekin batera.
Aurretik, baina, ez zen negarrik falta izan. 23. minuturako, bikotekidearen besoetan zegoen neska gazteak ezin izan zien malkoei eutsi. Brasili bigarren gola sartu berri zioten. Hala ere, ez zekien zer zetorkion gainera.«Que vergonha, que vergonha!», entzun zitekeen (A zer lotsa!); beste batzuk, ordea, barrezka; eta jende multzoaren atzealdean zegoen alemaniar taldetxoa, pozez txoratzen.
Azken golak jai giroan ospatu zituzten, eta, partida bukatzean, musikak tristezia ahazten lagundu zuen. Gonzalves pragmatikoago mintzatu zen partidaren ondoren: «Polita izan da iraun duen bitartean, baina niri futbolak ez dit jaten ematen. Bihar ez dut jairik izango; lanera joan beharko dut. Lehen ez ginen hain onak, eta orain ez gara hain txarrak».
Brasilgo Munduko Kopa
Sanbarik ez goizean
Selekzioaren porrotak jota utzi ditu Brasilgo zaleak. Rion eta Sao Paulon istiluak izan dira, eta pertsona bat hil da tiroketa batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu