San Pedrok irabazi du KAE 1 liga

Gaur bukatuko da, Bilbon, baina jardunaldi bat lehenago lortu du garaipena, Zarautzen bandera atera eta gero. Eusko Label ligara igotzeko kanporaketa jokatuko du irailean

Aitor Manterola Garate.
2022ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
San Pedrok hiru kolpe jo zituen atzo eguerdian Zarautzen. Lehenik eta behin, KAE 1 ligako hamahirugarren jardunaldiko estropada irabazi zuen, Castro, Hondarribia B, Arkote eta Pedreñaren aurretik; bigarrenik, ligaren jabe egin zen, jardunaldi bat falta bada ere; eta hirugarrenik, erregularrena izateak dakarren saria bereganatu zuen, Eusko Label ligarako igoerako kanporaketa jokatzea iraileko hirugarren asteburuan. Arrantza handiagoa ezin zuen egin.

Hirugarren aldiz astindu zuen trapua liga honetan. Bat gehiago du Pedreña bigarren sailkatuak, eta Arkotek hirugarrenak ere hiru dauzka. Bi horiekin aldea honetan ezarri du Asier Carballedaren taldeak: erregularrena ari da izaten. Irabazi ez duenean, postu ona beti. Palmares oparoa du klub ezagunak, baina orain arte irabazi gabea zen KAE 1 liga.

Gaur erabakiko da zein izango den bigarren taldea kanporaketan. Azkena du ligak Bilbon (12:00), eta erlojuaren aurka ariko dira hamabi taldeak. Pedreñak Arkotek baino bi puntu gehiago ditu, eta bien arteko jokoa da.

Behean, Orio edo Busturialdea. jaitsiko da KAE 2 ligara. Besteak, berriz, kanporaketa jokatuko du Camargorekin eta beheko ligako bigarrenarekin eta hirugarrenarekin; oraingoz, Donostiarra eta Mutriku dira.

Liga horretan, Lapurdi mailaz igota dago. Atzo ere irabazi egin zuen Santoñan (Espainia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.