Arrauna

San Pedro eta Bueu Eusko Label ligan lehiatuko dira datorren denboraldian

Mailaz jaitsiko da Santurtzi. Hibaikak, berriz, Euskotren ligan jarraituko du. Eusko Label ligan, Zierbenak irabazi du denboraldiko azken estropada.

Bueuko eta San Pedro arraunlariak igoera ospatzen, gaur, Portugaleteko (Bizkaia) uretan. JAVIER ZORRILLA / EFE
Paulo Ostolaza.
2023ko irailaren 17a
16:38
Entzun

Amaitu da arraun denboraldia, eta argitu dira kontuak: jakina da jada datorren urtean zein traineru izango diren Eusko Label eta Euskotren ligetan. Gizonezkoetan, San Pedro maila nagusira itzuliko da lau urteren ostean, eta lehen aldiz lehiatuko da han Bueu ontzi galiziarra. Emakumezkoetan, mailari eustea lortu du Hibaikak, gaur Portugaleten (Bizkaia) izan den estropadan.

Eusko Label ligan ziurra zen jada Urdaibairen garaipena —bermeotarrek atzo irabazi zuten liga matematikoki, etxeko estropadan—, baina jokoan zegoen oraindik bigarren postua, Zierbenaren eta Hondarribiaren artean. Hura ere Bizkaian geratu da: estropada bikaina egin du gaur Zierbenak, eta sari bikoitza lortu du, bandera eta bigarren postua poltsikoratuta. Bigarren izan da Hondarribia, hamabi segundora.

Eguneko lehen estropadan, Euskotren Ligara igotzeko kanporaketan, atzoko garaipena errepikatu du Hibaikak. Ziabogara arte eutsi dio Zumaiak, baina itzulerako luzean hobea izan da Madalen. Helmugan zazpi segundo atera dizkio Zumaiari, eta zortzi Kaikuri.

Eusko Label ligara igotzeko kanporaketan, nagusitasuna erakutsi du San Pedrok, atzoko garaipena errepikatuta. Estu egon da, ordea, bigarren posturako borroka. Bigarren postuan berdinduta geratu dira Bueu eta Lapurdi, baina, bi egunetako denborak batuta, 2.62 segundo gutxiago behar izan dituzte galiziarrek lanak amaitzeko. Horrek eman die igoera. Santurtzik maila galdu du.

Sari bikoitza

Eusko Label Ligako azken estropadan, berriz, Zierbenak astindu du Portugaleteko bandera, eta, horri esker, sailkapen nagusiko bigarren postua eskuratu du. Puntuetan, Hondarribiarekin berdinduta amaitu dute, baina bandera gehiago lortu dituztelako eskuratu dute bigarren postua. Lau astindu ditu Zierbenak, eta bi Hondarribiak.

Horretarako, lehen kaletik arraun egitearen abantaila baliatu dute bizkaitarrek. Estropadaren hasieratik amaierara arte izan dira aurretik, eta hamabi segundoko tartea atera diote bigarren kalean lehiatu denari, Hondarribiari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.