Julen San Miguelek erraz irabazi zion atzo Jon Juaristiri, 30-15, eta Kutxa txapelketa irabazteko hautagai sendoa dela erakutsi zuen. Buruz buruko txapelketako B multzoko lehen partida izan zen, eta, emaitza horrekin, bere esku dauka finalerdietarako sailkatzea Doneztebeko atzelariak. Zeberioren aurka jokatzea falta zaio.
San Miguelek momentu onenean ez zegoela esan bazuen ere, apustuek bestelakoa erakutsi zuten, garbi atera baitzen dirua doneztebearraren alde —100 40ri—. Hasiera parekatua izan bazen ere, lan erdietarako bideratuta zuen jada partida, 15-6. Sakearekin min handia egin zuen —hamar tanto lortu zituen—, baita errestoarekin ere, Juaristik ez baitzion sakeari zukurik atera. Tanto bakarra lortu zuen, eta errestoarekin zortzi tanto egin zizkion San Miguelek. Hamazazpi tantoren aldea ere izan zuen, 27-10, eta azken emaitzak Galarretan ikusitakoa islatzen du.
Sakeaz gain piloteoan ere nagusi izan zen irabazlea, eta fresko dagoela erakutsi zuen. Hiru aldiz neurtu dituzte indarrak, eta hiruretan San Miguel izan da nagusi. Juaristik, gainera, ez dizkio hogei baino tanto gehiago egin jokatutako partidetan.
Txapelketako hurrengo partida Urriza eta Ezkurrak jokatuko dute, abuztuaren 15ean. Zeberio eta Juaristik 17an jokatuko dute, Ezkurrak eta Urtasunek 20an, eta Zeberiok eta San Miguelek 24an. Abuztuaren 29an eta 31n izango dira finalaurreko partidak, eta irailaren 7an jokatuko dute finala.
San Miguelek ez dio aukerarik eman Juaristiri, eta erraz irabazi du: 30-15
Sake eta errestoarekin min handia egin dio, eta txapela janzteko hautagai sendoa dela erakutsi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu