San Miguel eta Urriza, belaunaldi berriaren finalean

1980tik aurrera jaiotako bi pilotarik buruz buruko erremonte finala jokatuko duten lehen aldia da gaurkoa

Imanol Magro Eizmendi.
Hernani
2013ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Belaunaldi aldaketa apurka txertatzen joan da erremontean. Enpresek sustatu dutelako batetik, eta beteranoen ajeak areagotzen joan direlako bestetik. Oraindik, baina, pauso garbi bat falta zen, txapeldun gaztea izateaz haratagokoa. Alegia, buruz buruko bi finalistak eskola berrikoak izatea, 1980ko hamarkadan jaioak. Bada gaur gertatuko da aurrenekoz, Javier Urrizak (Iruñea, 1981) eta Julen San Miguelek (1987, Doneztebe), Kutxa torneoko txapela izango baitute jokoan.

Miguel Mari Urrutiak (Saldias, 1983) haize freskoa sartu zuen Galarretan, eta bera izan zen belaunaldi berriaren bidea urratu zuena. Saldiaskoak lau final jokatu zituen: 2006an, 2008an, 2009 eta 2011n, eta erdiko biak irabazi. Baina beti Ezkurra edo Zeberio II.a izan zuen aurkari. Izan ere, 1995etik hasi eta iaz arte, bi aurrelari handietako bat gutxienez beti egon da buruz buruko finalean.

Urrizak eta San Miguelek Urrutiak irekitako bidea are gehiago zabaldu zuten. San Miguelek 2010eko finala galdu zuen, eta Urrizak iazkoa irabazi. Biek, baina, Ezkurraren aurka jokatu zuten. Belaunaldi aldaketa osoa egiteko bi finalistek behar zuten gazteak eta aurten gertatu da. Urrizak 30-18 irabazi dio Juaristiri finalerdietan; beraz, San Miguel izan da beteranoen arrastoa ezabatu duena. Parte hartu duen atzelari bakarrak 30-27 irabazi dio Ezkurrari finalerdietan, aurkako 22-25ekoa altxatu ondoren.

Lehen fasean Urrizak Ezkurraren aurka galdu zuen, eta hori da finalisten jarduna neurtzeko izendatzaile komun bakarra. Emaitza alderaketa horrek San Miguel bihurtu beharko luke faborito, baina ez da hala izango, apustuak Urrizaren alde irtengo baitira: 100-70i. «Urrizak konfiantza handia ematen dio apustuzaleari», zioen herenegun, pilota aukeraketan Kike Elizalde Oriamendiko intendenteak. Egia da, duela sei urte erremontea hartu zuen munduko pala txapeldunak egun txar gutxi dituelako, eta San Miguelen aurka jokaturiko bi partidak irabazi ditu (30-22 eta 30-18).

San Miguelek sasoia du alde. Torneoko partida guztiak irabazi dituen pilotari bakarra da. Gorputzaldi txarrarekin hasi arren, finalerdietan aldapa gora jarritako partida irabazi izanak konfiantza emango zion. Urtero entzuten du galdera bera: «Buruz burukoa noiz?», eta aurten du aukera. 2010ean galdutako finala ere ikasgai ona izango zen. Gainera arma sekretua ere badu, ez da bere saski batekin jokatzen ari, Zubizarreta enpresa kidearen batekin baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.