San Mames bezain biribila izan da Athleticen urtea

Zuri-gorrientzat betirako iraungo duten bi irudi utzi ditu urteak: apirilaren 6an lortutako Kopako titulua, eta apirilaren 11n gabarraren inguruan bizitakoa. Valverderen gidaritzapean, talde irabazlea eta berme handikoa bihurtu da Athletic.

Athleticeko jokalariak gabarran, Bilboko itsasadarretik, Kopako titulua ospatzen. ARITZ LOIOLA / FOKU / FOKU
Athleticeko jokalariak gabarran, Bilboko itsasadarretik, Kopako titulua ospatzen. ARITZ LOIOLA / FOKU
jon eskudero
2024ko abenduaren 28a
05:00
Entzun

«2024. urtea hamarrekoa izan da, deskribaezina». Balorazio ezin hobea egin zion aurtengo urteari Ernesto Valverde Athleticeko entrenatzaileak aurtengo azken partida jokatu berritan, Sadarren. Ez da gutxiagorako. Besteak beste, urte gogoangarria osatu baitu Athleticek: San Mames bezain biribila. Batez ere, bi irudik markatu dute urtea. Batetik, apirilaren 6an Espainiako Kopako titulua irabazi izanak. Eta, bestetik, bost egun geroago Bilboko itsasadarreko uretan Gabarraren inguruan bizitako guztiak. Titulu eta ospakizunen gainetik, talde irabazlea eta berme handikoa osatu du Valverdek, eta berrindartu egin du Lezamako harrobia. Sei urteren ondoren, Europan indartsu dihardute zuri-gorriek, eta etorkizunari inoiz baino baikorrago begiratzen diote. Zaleak ez daude kexatzeko.

Kopa eta gabarra: 40 urteko lehorteari agur

Azken urteetan bizitako amesgaiztoa apirilaren 6an gainditu zuen Athleticek, Espainiako Kopa irabazita, Mallorcaren aurka, penaltietan. Finalak madarikazio huts bilakatuak ziren zuri-gorrientzat 1984az geroztik. Urte hartan lortu zituzten azken bi titulu nagusiak, Kopa eta Espainiako Liga irabazita. Ordutik, lehorte luzean sartuta zegoen kluba: sei final zituen jokatuak, horietatik bost 2009az geroztik, eta inoiz ez zen txapeldun izan. Jarraitzaile askok ez zuten inoiz ikusi Athletic titulu bat altxatzen, eta apirilaren 6a mugarria bihurtu zen. Sufrituta bada ere, lau hamarkadako lehorteari agur esan zioten zuri-gorriek. Inork ez ditu ahaztu Julen Agirrezabalgaren geldituak eta Alex Berengerrek sartutako penalti erabakigarria.

Hala, apirilaren 11n gabarra atera zuten uretara, eta leporaino bete ziren Ibaizabal itsasadarraren ertzak. Milioi bat lagun inguru bildu zen, eta jokalari eta teknikariek une gogoangarriak bizitzeko aukera izan zuten uretatik. Jendea zuri-gorriz jantzita ikus zitekeen hiriaren bazter guztietan, eta Bilboko udaletxearen aurrean jokalariek hartu zuten hitza. Asier Villalibrek euskaraz hitz egiteko eskatu zuen, eta horrek piztu zuen zeresana.

Athletic Kopako Txapeldun
Athleticeko jokalariak Kopako garaikurra jasotzen. JULIO MUÑOZ / EFE

Harrobia: filosofia, indartuta

Tituluaren indarrak lagundurik, urteak aurrera egin ahala gero eta talde sendoagoa eta irabazleagoa bihurtuz joan da Athletic, eta gaur egun inor gutxik jartzen du ezbaian klubaren filosofia. Lezaman oinarritutako proiektua izan du bidelagun Valverdek, eta zenbaki distiratsuak lortu ditu. Hain zuzen, 2024an 51 partida jokatu dituzte zuri-gorriek, eta balantzea bikaina da: 30 garaipen (%59), hamahiru berdinketa (%25) eta zortzi porrot (%16). Ligari dagokionez, guztira 69 puntu batu ditu taldeak, 33 joan den sasoian eta 36 aurtengoan. Soilik hiru talde egon dira Athleticen gainetik 2024an: Real Madril, Bartzelona eta Atletico Madril.

Gaur-gaurkoz, ligako lau talde onenen artean dago Athletic, eta denboraldi honetan soilik bost puntura dauka lidergoa. Mikel Gonzalez kirol zuzendaria lan oparoa egiten ari da, eta Lezama du abiapuntu. Oso jokalari gutxik gainditzen dute 30 urteren langa, eta Lezamak inoiz ez bezalako aitortza jaso du. Unai Simon munduko atezain onenetan bigarrena izendatu dute. Nico Williams, berriz, hamabosgarren tokian geratu da Urrezko Baloiaren sarian.

(ID_13491911) (Raul Bogajo/@FOKU) 2024-01-13, Bilbo. Ligako partida Athletic eta Real Sociedad artean
Unai Simon munduko atezain onenetan bigarrena izendatu dute. RAUL BOGAJO / FOKU

Europara sendo itzuli da

Atzetik aurrera, bizkarrezur sendoa eraiki du Athleticek, lerro bakoitzean goi mailako bizpahiru jokalari baitauzka. Ateari dagokionez, Europako talde onenetakoa izango da, Unai Simonez harago Julen Agirrezabalaren kalitatea ere aparta baita. Gainerakoan, taldearen ikur bihurtu dira Dani Vivian, Oihan Sancet eta Williams anaiak. Defentsako arloari dagokionez, goi mailako lana egin dute jokalariek aurten, partidako batez beste 0,76 gol sartu baitizkiete. Erasoan, berriz, distiratsuak izan dira zenbakiak, 81 gol sartu baitituzte: 56 ligan, 14 Kopan, eta 11 Europan. Iñaki Williams eta Gorka Guruzeta izan dira golegile nagusiak, hamalauna gol sartuta.

Ordea, izen propioen gainetik, multzo osoaren lana izan da sekretu nagusia, aulkiko jokalariek ere asko eman baitiote taldeari. Valverdek garbi izan du hasieratik guztien ekarpena dela garrantzitsua lehiaketa guztietan bermez aritzeko. Oraingoz, bikain doazkio kontuak. Europa ligako finala San Mamesen izaki, ilusioa nabaria da Bilbon, eta Athleticek ia eginda dauka lehen zortzietan sailkatzeko bidea. Besteak beste, jokoan izan dituen hemezortzi puntuetatik hamasei bildu ditu, eta bigarren dago sailkapenean, Lazio liderrarekin berdinduta.

(ID_14507097) TURKEY SOCCER
Williams anaiak Fenerbahceri sartutako goletako bat ospatzen. TOLGA BOZOGLU / EFE

Zaleen fideltasuna

Jokalariek ez ezik, zaleek ere bikain erantzun dute, eta San Mamesek orain arteko marka guztiak hautsi ditu. Izan ere, inoizko jende gehien batu da hiru bider. Esate batera, Athletic-Atletico Madril partidan, Kopako finalerdietako itzulerakoan, 52.061 lagun batu ziren harmailetan. Guztiek gogotik ospatu zuten final historikorako sailkapena. Apur bat gutxiago izan ziren zuri-gorrien eta Realaren arteko derbian, ligan: 51.475. Kopako final-laurdenetan, berriz, beste sarrera bikain bat izan zuen San Mamesek, Bartzelonaren aurkakoan: 50.953. Alde horretatik ere gorakada nabarmena izan du Athleticek, aurten arte hainbeste zale ezin erakarririk baitzebilen kluba. Olatu gainean dihardu taldeak, eta zaleak ere ilusioz gainezka daude, emaitzek ez ezik jokoak ere ematen baitu horretarako arrazoirik. Athleticek partida bakarra galdu du aurten San Mamesen. Atletico Madrilen kontra izan zen, abuztuaren 31n, ligan (0-1).

Atheltic zaleak
San Mameseko zaleak animatzen, sasoi honetako partida batean. LUIS TEJIDO / EFE

Muniainen agurra

Aurtengo unerik tristeena Iker Muniainen agurra izan da. Lehen taldean hamabost denboraldiz jokatu ondoren, maletak egiteko erabakiaren berri eman zuen nafarrak, eta San Mamesen egin zioten agur hunkigarria, maiatzean: 30.000 zale bildu ziren. Jokalari historikoen artean, partida gehien jokatu dutenetan bigarrena da Muniain, 516 neurketatan aritu baita, Jose Angel Iribarren atzetik (615). Orain, San Lorenzon ari da. Muniainek ez ezik, Raul Garciak ere taldea utzi du aurten.

(ID_13874825) -FOTODELDÍA- ESPAÑA FÚTBOL ATHLETIC CLUB
Iker Muniain San Mameseko zaleak agurtzen, taldekideak atzean dituela. MIGUEL TOÑA / EFE
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.