Jose Luis Sanchez Vera entrenatzaileak argibideak eman ditu denboraldia amaitzean Realean ez jarraitzeko erabakiaren inguruan. Argi mintzatu da teknikaria: «Ia iritsi nintzenetik konturatu nintzen hau ez zela nire tokia, ez zela guk espero genuena. Ondo ordaintzen didate, tratua bikaina da, bulego eder bat daukat, eta Zurriolatik gertu dagoen etxe batean bizi naiz. Baina zelaian oso goiz antzeman nuen ez zegoela konexio hori. Ez zait bidezkoa iruditzen sentitu gabe lan egitea; ezta irabaziko banu ere. Inork ez zuen halakorik espero, baina tarteka gertatzen da».
Jokalariek kritikak jaso dituzte, eta, besteak beste, esan izan da haiek eragin edo behartu dutela teknikariaren erabakia. Hori ukatu du Sanchez Verak. «Ez da egia. Bidegabea da hori esatea, bai haiengatik, bai klubarengatik. Benetan diot: ez da halakorik gertatu». Erabakia berak hartu du: «Duela aste batzuk izan zen». Kluba saiatu zen jarrai zezan konbentzitzen. «Klubak esan zidan nahi nuen arte jarraitu nezakeela. Baina, esan bezala, ez zait gustatzen tokietan egoteagatik egotea, baizik eta bizi egin behar dut, sentitu. Gainera, emaitzei eta jokoari dagokienez ere ez gara nahi duguna lortzen ari».
Roberto Olabe kirol zuzendariak jakinarazi zien berria jokalariei. «Denak bildu ginen, eta hark esan zien. Jokalariak harrituta geratu ziren, baina horri buelta eman, eta entrenamendua egin genuen gero. Gure helburua ostiralean Eibarri irabaztea da, eta geratzen diren puntu guztiak biltzea. Argi esan nuen helburua lehen seien artean sailkatzea zela. Ea lortzen dugun».
Baikor da etorkizunari begira. «Ziur nago gauza politak iritsiko direla, proiektuak itxura ona du, egin kasu. Maider iristeak [Castillo kirol zuzendaria] gauza asko emango dizkio. Baina nik nahi nuen erritmoa ezin da izan orain. Realean egon nahi duenak egon behar du, hau ez baita igarobide hutsa».