Izaro Arbe

Salbuespena ez izateko lanean

Emakumea eta zestalaria izaki, Izaro Arbek ondo daki zer den haize kontra aritzea. «Burugogorra» da, ordea, eta entrenatzaile hasi da Markina inguruko nesken artean zesta-punta zabaltzeko. Hamalau ditu orain bere multzoan.

Imanol Magro Eizmendi.
2016ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Ez dakit baikorra edo burugogorra naizen, baina nik uste dut posible dela zesta-punta emakumeen artean zabaltzea», aitortu du Izaro Arbek (Markina, Bizkaia, 1993). Bietatik asko duela esatea litzateke zuzenena, bi baitira Euskal Herrian helduen mailan zestaz aritzen diren emakumezkoak. Bera eta Leire Arribas donostiarra; hura iaz hasi zen. Udan partida bat jokatu zuten Bartzelonako pilota eskolako bikote baten aurka, Berriozarren (Nafarroa). Arbek, baina, urteak egin ditu bakarrik, mutilen artean eta mutilen aurka jokatzen, eta salbuespena izate horrek zaildu egin du. «Nire ametsa emakume askok pilotan jokatzea litzateke. Zesta-puntan, eskuz... Tira, apurka egoera aldatzen ari dela iruditzen zait».

Inork ezingo dio leporatu Arberi bere ametsa gauzatzeko pausorik eman ez duenik. Iaz, pilota teknikariaren titulua atera, eta entrenatzen hasi zen. Durangon eta Berriatuan aritu zen, eta, aurten, Markinan. «Bi urte hauetan berrogei bat neska etorri dira probatzera. Erreferenteak falta direla iruditzen zait; emakume bat entrenatzen ikusita, errazago gerturatzen dira probatzera. Egun, Markinan 20-25 gazteko multzoa dut —12-17 urte bitartekoak—, eta hamalau dira neskak». Astean bi arratsaldez entrenatzen ditu, astearte eta ostegun, Markinako Bekobenta eskolako pilotalekuan.

12 urterekin jantzi zuen xistera aurrenekoz. Jaiotzez ezkerra da, eta beste traba bat da hori —araudiak ez du uzten xistera ezkerrean jartzen—, baina, halere, barruraino sartu zitzaion harra. Anaia nagusia Danian (Florida, AEB) ari da jokatzen, eta hari segika joan zen frontoira. Gurasoek lagundu zioten, eta 14 urte bete arte mutilekin lehiatu zen. Orduan hasi ziren arazoak, indar aldea nabaritzen hasi baitzen, eta keinu itsusiak jasan behar izan baitzituen. «Bazterketa nabaritu nuen batzuetan: 'zergatik ez zoaz neskekin jokatzera?', esaten zidaten. Nola joango nintzen, neska bakarra nintzen eta! Pilotan, emakumea izanda, beti gehiago egin behar duzu; mutilek halako bi erakutsi behar duzu gauza bera lortzeko».

Garai gogorrak izan zituen: 17 urterekin, 12 urteko mutilekin lehiatzea egokitzen zitzaion. «Inoiz pentsatu nuen uztea, baina egoera horrek indar handiagoa eman zidan segitzeko. Gogo handiagoz hasi nintzen orduan, egoera aldatzeko. Burugogorkeria izango zen!». Beste emakumeren bat ere hasi zen geroago, profesional ohi baten alaba, baina, egoera hori ikusita, utzi egin zuen. Palaz ere hasi zen Arbe, baina berak beste zerbait nahi zuen. «Eskuz hasten direnei gertatzen zaien gauza bera gertatu zitzaidan; emakumeentzako irtenbide bakarra pala da —GRAVNI jokatu zuen—. Gustura aritu nintzen, baina nik ikusten nuen zestaz jokatu nahi nuela; horrek betetzen ninduen gehien».

Egun, bere entrenamendu multzoez gain, hastean bitan entrenatzen da, eta ostiralero partida bat jokatzen du 14-15 urteko mutilekin. Arbe, gainera, atzelaria da —indarrak garrantzi handiagoa duen postua—, eta oso gustura aritzen da. Lehentasuna, dena den, gazteekin egiten duen lana da. «Multzo polita dut; badaude ondo dabiltzan neska batzuk. Finkatu eta sendotuz gero, hiruzpalau urte barru hamar bat neskako txapelketa osa daiteke».

Etorkizuna du buruan Arbek; plangintza bat pentsatua du, eta Bizkaiko Federazioaren babesa nahiko luke garatzeko. Eskuarekin ari dira, eta palaren esperientzia txukuna izan da. Ikasketaz Lehen Hezkuntzako irakaslea da, gorputz hezkuntzan espezializatua —arreta soziosanitarioan teknikari izateko ikasten ari da orain—, eta eskoletan ikusten du etorkizunerako kimua: «Emakumeen pilota eskola kirolean sartu behar da. Neska bat 14 urterekin hasten bada, oso zaila da bidea egitea. Aldiz, umetan hasten bada, mutilak eta neskak batera, pertsonak bezala, jarraitzeko aukera handiagoa dago».

Euskadiko Pilota Federazioak Xistera egitasmoa jarri du abian zesta-punta klubekin, eta horretan ere itxaropena du Arbek. «Egia esan, egungo egoera duela hiru urte baino hobea dela iruditzen zait; hor daude probatu duten neska horiek». Eta etorkizunean lehiatzeko aukera? 22 urte ditu bakarrik, eta gazte horiek koskortzen direnean... «Pentsatzearekin emozionatu egiten naiz. Tira, oraingoz gustura nago multzo eta mutilekin entrenatzen, baina, iristen bada, ni oso prest».

Maria Unzuetaren bidetik

Emakumezko zastalari gutxi egon dira historian, eta ezagunena, agian, agirietan agertzen den aurrenekoa izan zen: Maria Unzueta (Eibar, Gipuzkoa, 1878-Mexiko, 1948). Profesionalekin entrenatzen zen, baita ondo aritu ere, baina aitak ez zion eman baimenik debutatzeko. Eskaintza onak jaso zituen Madril eta Bilbotik, txeke zuri eta guzti, baina aitak ez zuen onartu. Arbek ezagutzen zuen historia, eta atentzioa eman zion irakurri zuenean. «Bitxia egin zitzaidan jakitea emakumeek zestaren bitartez izan zutelalehen harremana pilotarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.