«Salbuespen neurri gisa», hemeretzi talde ariko dira aurten World Tourrean

TASek Katuxari arrazoia eman ondoren hartu du erabakia UCIk; Giroak du arazoa orain, lau talde gonbidatu dituelako

Erredakzioa
Donostia
2013ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Ez zeukan erabaki erraza Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI). Talde bat maila gorenetik kanpo utzi, edo bere hitza jan. Eta bigarrena egitea erabaki du, azkenean. UCIk World Tourretik kanpo utzi zuen Katuxa, «irizpide etikoengatik», baina Errusiako taldeak helegitea jarri zuen, eta Kirola Arbitratzeko Epaitegiak (TAS) arrazoia eman zion joan den astean. Arazoa sortu zuen horrek, World Tourrean, berez, hemezortzi talderentzat zegoelako lekua, eta hemeretzigarrena zelako Katuxa. TASen erabakiaren ondoren, maila galtzeko arriskuan zegoen Ag2r, Euskaltel-Euskadi, Blanco, Garmin-Sharp, Argos-Shimano, Saxo-Tinkoff edo Katuxa bera. Baina arnasa lasai hartzeko moduan dira guztiak.

Gonbidapena banatuta zeukaten probei sortu die orain UCIk arazoa, Giroari tartean. 22 taldek parte har dezakete, gehienez, itzuli horietan, eta lau gonbidapen banatuta zeuzkan jada Giroak; World Tourreko 18 taldeekin batera, Colombia, Vini Fantini-Selle Italia, Bardiani eta Androni-Giocattoli ziren parte hartzekoak. Katuxarekin, ordea, 23 dira jada onartutako taldeak. Antzeko arazoa daukate, besteak beste, Paris-Nizak, Tirreno-Adriatikoak eta Dauphinek ere.

Kirol arloan, Jonathan Hivertek (Sojasun) irabazi zuen atzo Andaluziako Itzuliko lehen etapa, eta Alejandro Valverdek (Movistar) jarraitzen du lider. Herenegun, berriz, Tony Martinek (Omega) irabazi zuen Algarveko Itzulia, erlojupekoan nagusituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.