Salbuespen hutsa izan zelakoan

Osasunak Valladolid hartuko du gaur (14:00, Dazn). Etxean garaipenaren bidera itzultzea du helburu, eta sailkapeneko goiko postuetan jarraitzea. Zigortuta daude gorritxoen bi entrenatzaileak; Ramon Alturo analista arituko da teknikari.

(ID_14352423) (Iñigo Uriz/@FOKU) 2024-10-19, Iruñea. Ligako partida, Osasuna eta Betis artean
Osasunako Ante Budimir eta Pablo Ibañez, Betiseko atzelariekin lehian, Sadarren gorritxoek jokatutako azken partidan. IÑIGO URIZ / FOKU
enaut agirrebengoa
2024ko azaroaren 2a
05:05
Entzun

Aro aldaketa betean, Osasuna sasoi hasiera historikoa ari da osatzen. Hemezortzi puntu batu ditu lehen 11 partidetan; Lehen Mailako ligari indartsuen ekin dion aldietako bat da. Munta handiko garaipenak lortu ditu orain arte; esaterako, 0-2 irabazi zion Realari azken jardunaldian. Sadarren, berriz, Bartzelonaren aurka lortu zuen emaitzarik nabarmenena (4-2). Soilik etxeko jardunari erreparatuz, txapelketako talderik onenetan bigarrena da: hamahiru puntu bildu ditu zaleen gerizpean. Hainbat astez menderaezina izan da Iruñean, baina duela bi jardunaldi, harresia eraitsi egin zuen Betisek (1-2). Bada, estropezu hura salbuespen soila izan zelakoan, orain arteko araua ezartzen saiatuko dira gaur gorritxoak, Valladoliden aurka.

Irabaziz gero, bosgarren garaipena lukete Sadarren, eta are gehiago finkatuko lirateke sailkapeneko ohorezko postuetan. Oraindik oso goiz da Europa helburu gisa jartzeko, baina oraingoz, Osasuna parez pare ari zaie begiratzen txapelketako talderik indartsuenei. Zortzigarren bukatu zuen aurreko jardunaldia, eta gora egiten saiatuko da gaur. Jaitsiera postuei ere erreparatu behar die, zeharka bada ere, horiek saihestea baita klubaren ezinbesteko xedea. Oso bideratuta dauka oraingoz: bederatzi puntura du Las Palmas, azken hiru taldeetan onena. Hain justu, kanariarren atzetik dago Valladolid, lehen 11 partidetan zortzi puntu batuta. Arnasa hartuko luke gaur Sadarren irabaziko balu. Osasunak, ordea, ez du gupidarik eduki nahi. 

Nafarrek ia astebeteko atsedena izan dute. Asteazkenean Espainiako Kopako partida jokatu behar zuten, Chiclana apalaren zelaian; aitzitik, bertan behera geratu zen neurketa, euriteen ondorioz. Zelaiak ezin izan zuen ur guztia xurgatu, eta putzuak sortu ziren han eta hemen. Osasunak alferrik egin zuen bidaia. Behintzat, gaurko partida etxean jokatuko du. Zaleen bultzada baliatzen saiatuko dira jokalari gorritxoak; haatik, teknikarien argibideak ezingo dituzte zuzenean jaso, zigortuta baitaude Vicente Moreno nahiz haren laguntzailea, Dani Pendin. Ezohiko egoera da, baina gertatu izan da lantzean behin: 2014-2015eko denboraldian, esaterako, Richard Sanzol aritu zen Jan Urban eta Kibu Vicuñaren tokian. Gaur, ordea, Ramon Alturo analistak beteko du entrenatzaileen hutsunea. 

Moreno eta Pendin Sadarreko kabinetan izango dira, eta bertatik emango dizkiote aginduak Alturori. Jokalarientzat arraroa suerta daiteke. Batzuek, ordea, ez dute jarraibide askorik behar. Bryan Zaragozak, adibidez, garbi du zein duen bere egitekoa: ezker hegalean aurkariak aztoratzea. Anoetan, hark eman zituen azken paseak Osasunako bi goletan. Dagoeneko bost gol banatu ditu guztira. Gaur ere, ondo bidean, nafarren pizgarri nagusietako bat izango da. Eta haren jokaldiak biribiltzeko pronto izango da Ante Budimir. Kroaziarra asegaitz dabil area barruan: bost gol sartuak ditu dagoeneko. Erabakigarria izan zen Realaren aurka, eta gaurko partidan ere bere zigilua jartzen saiatuko da. 

Valladolid, oso hauskor

Ruben Garciak ezin izan zuen Realaren kontra jokatu, arazo fisikoengatik, baina osatu da. Hortaz, jokalari guztiak eskuragarri ditu Vicente Morenok. Denak ezin zituen deialdian sartu, eta Kike Barja eta Javi Martinez baztertu behar izan ditu. Hamaikakoari dagokionez, ez litzateke harritzekoa izango Morenok Anoetako apustu berbera egitea. Akaso, Abel Bretonesek tokia ken diezaioke Juan Cruzi defentsako ezker hegalean. Zelai erdian lehia dago Pablo Ibañezen eta Moncayolaren artean, baina Chiclanaren kontra Ibañezek jokatu behar zuenez, pentsa daiteke gaur Moncayola ariko dela titular gisa. 

Boyomo, berriz, taldekide ohien aurka ariko da. Defentsa gorritxoa Valladoliden aritu zen iragan denboraldian, eta sasoi honetako lehen hiru partidak ere Paulo Pezzolanoren aginduetara jokatu zituen. Boyomoren irteera mingarria izan da Valladolidentzat, eta golak erruz ari da jasotzen: 23 sartu dizkiote dagoeneko. Gehienak etxetik at sartu dizkiote. Makal dabil bisitari gisa: galdu egin ditu partida guztiak, bat izan ezik, Alavesen aurka (1-2), etxetik kanpo jardun zuen azken aldian. Garaipen horri jarraipena eman nahiko dio gaur. Hori bai, 1988az geroztik, neurketa bakarra irabazi du Iruñean; 2013an izan zen. Osasunak ez du beste salbuespenik nahi. 

Valentziakoa izanda, herrikideentzat izan zuen atzo lehen oroitzapena Vicente Morenok, partida atariko agerraldian. «Babes eta elkartasun osoa azaldu nahi diet. Oso gogorra da hondamendia bertatik bertara bizitzen ari direnentzat, baita kanpoan egon, baina hangoak garenontzat. Senideak eta lagunak ditugu han. Biharko [gaurko] partida oso berezia eta  garrantzitsua da niretzat, kaltetuei eskaini nahi diet garaipena. Taldea ondo dago, eta gogotsu lan onari segida emateko», esan zuen malko artean.

Athletic eta Eibar gaur itzuliko dira lehiara

Aurreko asteburuko etenaren ostean, gaur ekingo diote berriz ligari Lehen Mailan. Gorenean ari diren hiru euskal taldeen artean, Athleticen eta Eibarren txanda izango da gaur. Zuri-gorriek Teneriferen zelaian jokatuko dute (13:00, Dazn). «Bai zelai motarengatik, bai Tenerifek dituen jokalariengatik ere, asko eskatuko digun partida izango da, baina gogoz eta ilusioz gaude», esan zuen herenegun David Aznar teknikariak. Deialditik kanpo geratu dira Marta Unzue, Bibiane Schulze eta Itsaso Uriarte, min hartuta baitaude.

 Eibarrek, berriz, Bartzelona ahaltsuari egingo dio bisita (18:30, Dazn). Yeray Martin teknikariak honela aztertu du partida: «Badakigu oso zaila dela emaitza on bat lortzea. Baina neurketa serio bat jokatu nahi dugu, eta balioa eman munduko talderik onenaren aurka jokatzeari».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.