Athleticek Espainiako Kopa irabazteak sortutako zurrunbilotik aparte ibili da gizonezkoen Bizkaiko talderik onenetan bigarrena: Amorebieta. Arreta osoa du berean: bigarren urtez jarraian aritu nahi du Espainiako Bigarren Mailan. «Lasai ibili gara. Ez gaude ezer oparitzeko. Partida oso garrantzitsua dugu Valentzian», esan du Eneko Jauregi taldeko aurrelariak (Muxika, Bizkaia, 1996). Bigarren sasoia du taldean. «Oso gustura» ari da «etxe ondoan». «Nire kirol ibilbideko garairik onena da hau».
Bolada ederra harrapatu duzue: azken 27 puntuetatik hemezortzi lortu dituzue. Egoera oso bestelakoa da orain?
Bai. Bolada txarra generaman, eta, orain, bolada ona harrapatu dugu. Garrantzitsua da; indartu egin gaitu. Gure aurkariek badakite kosta egingo zaiela guri irabaztea. Lehen, erraza zela uste zuten. Bolada on honi eutsi nahi diogu.
Zer aldatu da halako bolada ona harrapatzeko?
Jarrera eta pentsaera. Lehen, gol bat sartzen ziguten, eta horrek geure buruari erasaten zion. Zaila da horri buelta ematea bolada txarrean zaudenean. Guztiok argi genuen ahalik eta arinena irabazi behar genuela partida bat egoera iraultzeko. Azkenean, irabazi genuen, eta jendea berriro hasi zen sinesten ondo aritu gintezkeela. Denbora daramagu hori erakusten: oso ondo ari gara.
Etxean Elxi 1-0 irabazita eten zenuten bolada txar hori. Partida hori izan zen mugarria?
Bai, baita hiru jardunaldi geroago Zaragozan (Espainia) 0-1 irabazi genuena ere. Azkeneko minutuan sartu genuen gola. Beste horrenbeste egin genuen gero, Andorran. Posible dela sinetsi behar da. Guk sinetsi egin genuen, eta gertatu egin zen. Horrek jarrera eta pentsaera aldatzen dizu. Orain, hobeto doaz bai burua, bai hankak, eta aprobetxatu egin behar dugu.
Azken bederatzi partidetan bost gol baino ez dizkizuete sartu. Hori da beste gakoetako bat?
Bai. Entrenatzaileak [Alejandro Castro, Jandro-k] hauxe esaten digu: zenbat eta gutxiagotan sartzen diguten golik, orduan eta aukera gehiago izango dugu. Halaxe ari gara defentsan: aurkariak baloia duenean aurrelariok hasten gara hari presio egiten, eta, gero, gure atzelariak oso ondo ari dira. Horren ondorioa da bost gol baino ez dizkigutela sartu. Igartzen da jada ez garela golak erraz sartzen dizkiguten talde bat. Horrek lana errazten du.
Azken bederatzi partidetan 11 gol sartu dituzue. Hobetu dezakezue?
Bai, noski. Hala ere, lehen baino aukera gehiago ari gara sortzen. Horiek aprobetxatu behar ditugu.
Etxean ere hobeto ari zarete.
Bai. Maila honetan funtsezkoa da etxean oso sendo aritzea. Hala aritu behar dugu. Azken bi partidetan oso ondo aritu gara, eta biak irabazi ditugu. Ea horri eusten diogun.
Jada ohituta zaudete Lezaman jokatzera, baina zer emango zenukete etxean, Urritxen jokatzeagatik?
Asko, bai taldeko kideok, bai zaleek ere. Ez da erraza haientzat: lehen, oinez joan zitezkeelako zelaira; orain, aldiz, autoan edo autobusean joan behar dute. Baina hauxe da egoera.
«Ez dugu inoiz galdu itxaropena, ezta salbaziotik hamar puntura ginenean ere. Bestela, hamabostera ginateke orain».
Liga amaitzeko zortzi jardunaldi falta direlarik, hogeigarren postuan zaudete, mailari eusteko azken postutik hiru puntura baino ez. Zer itxura hartzen diozu?
Lehen baino itxura askoz hobea du, duela ez asko hamar puntura baikinen. Urrun ikusten genuen salbazioa, baina sinetsita ginen lor genezakeela. Ez dugu inoiz galdu itxaropena. Bestela, hamar puntura ez, hamabostera egongo ginen orain. Beraz, pentsa orain, hiru puntura baino ez gaudela kontuan hartuta. Askoz gaitzagoa da, partida gutxiago falta baitira, baina buruari mesede handia egiten dio ikusteak hiru puntura bakarrik gaudela.
Apustu egin: salbatuko zarete?
Bai, seguru.
Haritz Mujika entrenatzaile zela ekin zenioten denboraldiari, baina klubak hura kendu zuen kargutik abendu erdialdean, eta Jandro jarri. Ezberdina da baten eta bestearen jokamoldea?
Bai. Haritzekin zuzenago jokatzen genuen. Jandrok, ordea, lehen egunetik esan zigun saiatu behar ginela baloia gehiago izaten. Hasieran, kosta egin zitzaigun, eta kosta egin zitzaigun emaitza onak lortzea. Baina haren lanean eta planteamenduan sinetsi genuen, eta, denborarekin, gauzak ateratzen hasi ziren. Hori ikusteak lana errazten du.
Levanteren zelaian jokatuko duzue gaur (21:00, La Liga). Ligako talderik indartsuenetako bat da. Partida zaila da.
Bai, baina taldekideon artean hitz egin dugu haren aurka jokatu genuela kopan, haren zelaian, eta irabazi egin genuela [0-1]. Zaila izango da, Levantek oso jokalari onak baititu, eta talde indartsua baita etxean jokatzen duenean. Baina gu bolada onean gaude. Argi dugu: irabaztera joango gara.
Esaten den bezain gogorra da Bigarren Maila?
Bai. Sailkapena ikusi besterik ez dago: oso estu dago, bai goialdetik, bai behealdetik. Edozeinek irabaz diezaioke edozeini.
«Bigarren Mailan, etxetik hamar minutura, familiaren eta lagunen babesean... Niretzat sekulakoa da hori».
Taldea ondo ari da. Eta zu?
Ondo ekin nion denboraldiari, baina osasun arazo batzuk medio, behera egin nuen. Hori gutxi ez, eta otsail amaieran kolpe gogorra jaso nuen ezker hankan, eta zauria ixteko hamahiru puntu eman zizkidaten. Mugarri izan zen lesio horri buelta eman izana; orduz geroztik, oso gustura ari naiz. Ahalik eta gol gehiena sartu nahi ditut taldeari laguntzeko.
Bi entrenatzaileek hartu zaituzte kontuan: 30 partida jokatu dituzu ligan, eta bost gol sartu. Eskertzen da zugan konfiantza izatea?
Izugarri. Oso garrantzitsua da jokalari batentzat entrenatzailearen babesa eta konfiantza izatea.
Muxikakoa zara. Berezia da etxe ondoan jokatzea?
Oso. Bigarren Mailan, etxetik hamar minutura, familiaren eta lagunen babesean... Niretzat sekulakoa da hori.
27 urte dituzu, eta talde dezentetan jokatu duzu Amorebietara iritsi aurretik: Reala B, Cadiz, Kordoba, Levante B, Asteras Tripolis, UCAM Murtzia, Lleida eta San Sebastian de los Reyes. Ia guztietan urtebete eskas egin duzu. Amorebietan, ordea, bigarren sasoia duzu, eta beste baterako kontratua duzu. Eskertzen da nonbait egonkortzea?
Pila bat. Talde askotan ibili naiz apur bat bueltaka, gustura aritu ezinik eta lesioengatik asko sufrituz. Izugarri eskertzen da hori pasatu eta gero talde batean horren gustura aritzea eta zeure burua egonkortuta ikustea. Etxean aritzea bezala da Amorebietan jokatzea.
Zure kirol ibilbideko garairik onena da hau?
Bai, duda barik.