Sakea baliatuta, Elordi ligaxkarako sailkatu da

Erakustaldia emanda sailkatu da Aitor Elordi lau eta erdiko final-laurdenetarako: sakearen bitartez 11 tanto egin ditu, eta beste sei sake errematean. Txapela janzteko hautagaietako bat dela berretsi du.

Aitor Elordi Tolosan, sakean pilota jotzeko prest. GORKA RUBIO / FOKU
Aitor Elordi Tolosan, sakean pilota jotzeko prest. GORKA RUBIO / FOKU
jon eskudero
Tolosa
2024ko urriaren 14a
19:15
Entzun

Lau eta erdiko txapelketako final-laurdenetako ligaxkan izango da Aitor Elordi. Konpromiso handiko partida zuen Tolosako Beotibar pilotalekuan, eta ez du huts egin. Hasi eta buka, aparteko erakustaldia eman du, eta aise irabazi dio Javier Zabalari. Sakea izan du armarik onena. 11 tanto egin ditu era horretan, eta sake errematean, beste sei. Jokoan ere fresko eta konfiantza handiz aritu da, garairik onenetako pilotari haren itxura berretsiz. Ordu erdi aski izan du lanak biribiltzeko, eta pozarren zen lehia amaitu berritan. Amorru oihu batekin ospatu du 22. tantoa. «Presio izugarria neukan. Uda zaila igaro dut, enpresaren planetatik kanpo egon bainaiz. Banekien galduz gero etorkizun zaila izango nuela, eta irabazi izana oso garrantzitsua da niretzat», adierazi du. 

Joan den urtean buruz buruko txapeldun izan geroztik, bere onenean aritu ezinik ibili da Aspeko aurrelaria. Udan apenas izan duen partida garrantzitsurik jokatzeko aukerarik; hain zuzen, Zabalaren beraren alde egin duelako enpresak. Hortaz, galtzeak berekin zekarren arriskua: «Banekien irabazten ez banuen binakako txapelketatik kanpo geratzeko arrisku handia nuela». Ordea, presioak kalte egin beharrean, pauso bat eman du aurrera bizkaitarrak. Ausart jokatu du, erritmo eta abiadura bizian, eta ez dio inolako aukerarik eman Zabalari. «Irabazteaz gain, oso pozik nago emandako itxuragatik. Berriz ere pilotari onenekin lehiatzea saria da niretzat». Zehazki, hiru aurkari handi edukiko ditu final-laurdenetan: Peio Etxeberria, Jon Ander Peña eta Unai Laso. 

Zalantzarik gabe, lau eta erdian sakea hobekien egiten duen pilotaria da Elordi, eta horixe bera probestu du lanak errazteko. Ez da beldurrez kantxaratu. Azpitik ibiltzen zen pilota bat baliatuta, dotore joan da sakea egitera, lasterka bizian eta kontzentratuta, eta teknikak ez dio huts egin. Lehenbiziko hiru tantoak sakearen bitartez lortu ditu, eta horrek konfiantza hartzeko balio izan dio. Zabala nahi eta ezin aritu da; errestoak frontisean jartzea lortu duenetan ere tantoa amaitzen asmatu egin du Elordik. Hori bai, hutsak ere nahi baino gehiago egin ditu hasieran, eta horrek mantendu du bizirik errioxarra: 4-2 eta 6-3. Denetarik egin du Elordik ordura arte, egin eta galdu. 

Hots, orduantxe heldu da irabazlearen joko erauntsia. Sakean ez ezik, sake errematean ere fin aritu da, eta denetariko tantoak egin ditu erasoan. Hamar tanto jarraian lortu ditu: 5-3kotik 15-3kora igaro da. Horma-bikoz eta botez tanto ederrak egin ditu, baina batez ere ezker airearekin asmatu du. Goitik behera ezin hobeki bihurritu du pilota, eta laineza hartuta jokatu du. Tarte horretan birritan geratu du neurketa Zabalak, atseden setera joanaz, baina alferrik. Nahi eta ezin ibili da, erabat defentsan. Lasterka egitea besterik ez zaio egokitu, eta pilotakada bakar batean ere ez da agintzera pasatu. Erakustaldi izugarria eman du Elordik. 

Sakea, horma-bikoz

Nola edo hala, tanto bat behar zuen Zabalak heldulekuren bat izateko, eta 15-4koa lortu du, ederki kostata. Elordiri txapa azpira joan zaion pilotakada bat. Saskitik pilota biziago bat atera du errioxarrak, eta, horri esker, hiru tanto jarraian egin ditu. 15-5ekoa izan da berak egindako lehen tantoa, luze jotako pilotakada bati esker. Txaloz erantzun diote jarraitzaileek, eta are txalo gehiago jo dizkiote hurrengo tantoan. Izan ere, sakean horma-bikoa egin eta jendartean sartu du pilota. Oso gutxitan ikus daitekeen tanto horietako bat eskaini du. Hots, Elordi ez da urduri jarri, eta berriz ere sakea hartu duenean lehengo jokoari heldu dio. 

Ausart jarraitu du, bizi eta burutsu, eta azken tantoak hurrengo partidetarako konfiantza hartzeko baliatu ditu. Aurkezpen egunean akaso ez zen faboritoen zerrendan sartuko, baina Tolosan erakutsi du lau eta erdiko txapela janzteko hautagai sendoetako bat dela. «Presiorik gabe kantxaratuko naiz final-laurdenetan; gozatzea izango dut helburu. Badakit ongi jokatuz gero edonori irabaz diezaiokedala».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.