Sakanako pasio sakona

Itzulia Sakanara iritsi da. Errepideko ziklismoarekin lotura estua du eskualde horrek: txirrindulari profesional ugari izan ditu, eta maila handiko taldeak sortu dira bertan. Lan handia egiten da harrobian; alabaina, lizentzia kopurua behera doa.

Altsasuko txirrindularitza proba
Altsasuko txirrindularitza proba. GUAIXE
enaut agirrebengoa
2024ko apirilaren 4a
05:05
Entzun

Zahar zein gazte. Gizon zein emakume. Bakarrik nahiz saldoan. Txirrindulari ugari ibiltzen da egunero joan-etorrian Sakanan zehar. Ziklismoak loturiko eskualdea da: sarri, auto baino bizikleta gehiago ikusten da herriz herri doan errepide zaharrean. Bertatik igaro zen atzo Itzuliko tropela, Altsasun bukatu zen etapan. Gaur, berriz, Etxarri-Aranatzen izango da irteera. «Gure eskualde ederra erakusteko aukera paregabea da. Gainera, oso ziklismozaleak gara hemen, eta luxua da Itzulia etxean bertan edukitzea», esan du Egoi Martinezek (Etxarri-Aranatz, Nafarroa, 1978). Sakanako txirrindulari ohiaren ustez, elkarren osagarri dira atzoko etapa bukaera eta gaurko irteera. «Helmugako adrenalinaz eta irteerako patxadaz goza dezakegu aldi berean. Esperientzia biribila da». 

Afizioa ofizio bihurtu duten sakandarretako bat da Martinez. Urte luzez lehiatu zen elitean, besteak beste Euskaltel-Euskadiren maillota jantzita. Alberto Mazkiaran (Altsasu, Nafarroa, 1980) ezin izan zen profesionaletara iritsi, baina pasioa beste egiteko batzuetara bideratu du: teknikari eta zuzendari aritu zen amateur mailako Caja Ruralen, eta gaur egun, antolatzaile aritzen da goi mailako zenbait probatan: Itzulian, besteak beste. Aurten ezin izan du ardurarik hartu, lan kontuak direla eta. «Egia esan, itzela da ziklistarik onenak hemen bertan edukitzea; herriko futbol zelaian Bartzelona edo Real Madril ikustearen parekoa da».

Bi egunotan gozatua hartuko du sakandar askok. Martinezek bezala, haranean ziklismoa «pasio handiz» bizi dela nabarmendu du Mazkiaranek. «Esango nuke Euskal Herran zaletasunik handiena duten eskualdeetako bat dela. Zoazen lasterketara zoazela, beti aurkitzen duzu sakandarren bat errepide bazterrean. Eta bizikletan ibiltzea ere asko gustatzen zaigu». Horretan zerikusia du inguruaren edertasunak. Gozagarria da pedalei eragin bitartean ezker-eskuin begiratu, eta Andiako, Urbasako eta Aralarko mendilerroak ikustea. Gainera, apenas dagoen trafikorik. «Leku askotan ibili naiz bizikletan, eta ohartu naiz Sakana paradisu bat dela. Lau orduan lau autorekin egin dezakezu topo. Hori pentsaezina da beste toki batzuetan, baina normala da guretzat», esan du Martinezek.

«Jende askok urte pila darama Aralar eta Burunda taldeetan sekulako lana egiten. Batzuk afizio hutsagatik ari dira, umeak klubetan izan gabe» EGOI MARTINEZ Txirrindulari ohia

Horretaz landa, ibilbide ugari egin daiteke Sakanatik abiatuta. Hala azaldu du Mazkiaranek: «Gipuzkoa eta Araba bertan ditugu, eta Estellerria eta Ultzama ere ez daude aparte. Hortaz, aldiro irteera ezberdinak egin ditzakegu». Gogortasun aldetik ere, nahi adina aukera daudela esan du Martinezek.

Goi mailako taldeen habia

Inguru horietan milaka kilometro ditu eginak Martinezek. Aralar Txirrindulari Taldeko eskolan eman zituen lehen pedalkadak, eta, behin elitera iritsita, laranja koloreko tropela osatu zuen beste sakandar askorekin. Izan ere, Euskaltelen taldekide izan zituen Gorka Verdugo herrikidea, Pablo Urtasun eta Iker eta Igor Flores urdiaindarrak, eta Jorge Azanza altsasuarra. «Eskualdean sekula egon den belaunaldirik onena izan zen gurea. Asko gozatu genuen urte haietan. Entrenatzeko multzo polita geneukan hemen». Caisse d’Epargnen —gaur egun Movistar da—, berriz, Uharte Arakilgo eta Hiriberriko bi ziklistak bat egin zuten: Jose Luis Arrietak eta Imanol Erbitik.

Elitera iristeko, baliabideak eta irtenbideak eman behar zaizkie txirrindulariei. Alde horretatik, Martinezek nabarmendu du «betidanik bultzatzaile eta laguntzaile asko» izan dituela haraneko ziklismoak. «Jende askok urte pila darama Aralar eta Burunda taldeetan sekulako lana egiten. Batzuk afizio hutsagatik ari dira, klubetan seme-alabarik izan gabe». Egitura profesionalak ere sortu izan dira Sakanan. 1980an, Reynolds talde mitikoa jarri zuten martxan Irurtzunen. Caja Ruralen jaioterria, berriz, Altsasu da. Burundaren adar gisa sortu zen hasieran, amateurretan jarduteko. Hor aritu zen Martinez, harik eta Euskaltelera salto egin zuen arte. Garai hartan Caja Ruralek ez zuen talde profesionalik. 2010az geroztik badauka, ordea.

Mazkiaran 8 urterekin hasi zen Burundaren eskolan, eta maila guztietatik igaro zen, amateur mailako Caja Ruralera iritsi arte. Teknikari hasi zen gero, eta zuzendari autora igo hurrena. «Dugun zaletasunaren isla da Sakanan sortu diren taldeen maila. Pentsa zer ibilbide egin duen Caja Ruralek elitean lehiatzen hasi zenetik». Gerora gorenera iritsi diren hainbat ziklistarekin egin zuen lan Mazkiaranek. Denetan ezagunena Michal Kwiatkowski poloniarra da. «Munduko txapeldun bat izan genuen Altsasun bizitzen. Herri gutxik esan dezakete hori. Bagenekien gutxi iraungo zuela hemen, sekulako maila baitzuen».

«Dugun zaletasunaren isla da Sakanan sortu diren taldeen maila. Pentsa zer ibilbide egin duen Caja Ruralek elitean lehiatzen hasi zenetik». ALBERTO MAZKIARAN Caja Rural taldeko teknikari eta zuzendari ohia

Mazkiaranentzat, atzoko eta gaurko etapek bultzada eman diezaiokete Sakanako ziklismoari. Izan ere, kezkatuta dauka lizentzia aldetik harrobian izan den beherakadak. «2022an, 46 ume zebiltzan Burundan, maila guztietan. Hiru gutxiago ziren iaz, eta aurten 31ra jaitsi da kopurua». Martinez ere jakitun da arazoaz. «Ez daude lehen adina haur. Gure garaian, urtero ehundik gora egoten ginen eskolan. Futbolak indar handia hartu du, eta orain, haur gutxiagok aukeratzen du ziklismoa. Horrek eragin zuzena du profesional kopuruan».

Gaur egun, hiru dira Sakanan jaiotako txirrindulari profesionalak: Igor Arrieta (UAE), Iker Mintegi (Euskaltel) eta Josu Etxeberria (Caja Rural) —istripu larria izan zuen iazko azaroan—. Haiekin batera, beste bi ziklista profesional bizi dira Sakanan: Gorka Izagirre (Cofidis) eta Mulu Hailemichael (Caja Rural). Etiopiarra da azken hori, eta hiru urte daramatza Etxarrin. Martinezek ekarri zuen. «Urte gogorrak izan ditu, eta, orain, oso gustura dago Sakanan. Jendeak asko maite du; ni neu baino famatuagoa da Etxarrin!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.