Manolo Saiz Liberty Seguroseko zuzendariak, afizionatu mailako Espainiako aukeratzaile zenean, 80ko hamarkadaren erdi aldera, obsesio bakarra zuen: 100 kilometroko taldekako erlojupekoa. Han txertatu nahi izan zuen bere jakituria akademikoa. Txirrindulariak (Xabier Aldanondo, Melcior Mauri, Miguel Angel Martinez hirurak bere taldean izan zituen gero, ONCEnRicardo Iturbe, eta, besteak beste, Eduardo Ruiz) gogotik jipoituz zaildu nahi zituen. Ziklistek, gerora aitortu izan dutenez, gehitxo entrenatzen zuten, eta, bakarren bat kiskali izanaz ere kexatu izan da. Kontua da, bere biziko lan kargak eginagatik, ez zuela bere eredu ziren beste selekzio batzuen pareko emaitzarik lortzen, ez eta Espainiakoak aurrez lortutakoak baino hoberik ere. Lehengaia, entrenamenduak, plangintza eta, oro har, bestelako baliabideak ere onak ziren, baina katearen maila batek huts egiten zion. Ez zekien ordea zerk. Jakin bazekien, ordekako erlojupekoetan bi baldintza behar direla ezinbestean ondo ibiltzeko: potentzia absolutua (watio asko eragiteko gaitasuna) eta aerodinamika. Ahalegintzen zen, liburuetan, beste batzuen ikerketetan eta bere eskarmentuan ikasi eta, teoria eta praktikaren arteko uztarria egiten, baina, beti zerbait falta zuen.
Bistakoa da falta zitzaion kate-maila bilatu duela, urteak baitaramatza erlojupekoen kadetratiko tituluarekin. Bere eskuetan jartzen den txirrindulariak nabarmen egiten du hobera erlojupekoan, eta adibideak asko izan daitezke, baina garbiak bi: Laurent Jalabert, eta, bereziki Roberto Heras. Frantziarra Munduko Txapeldun egin zuen Donostian 1997an, baina, atzo Salamancako eskalatzaile txikiak egin zuena denborak berresten badu, askoz meritu handiagoa izango du proportzioan. Herasek, ez baitu ordekako erlojupekoetan ondo ibiltzeko dohainik. Ez du potentziarik, ziklista txiki arina delako, gihar gutxikoa, eta, ez du aerodinamikarik, txikia izateko oso tente ibiltzen delako. Martxa honetan, baina, mendiak baino nahiagoko ditu.
Alferrik da konparaketa eta galdera gehiago eginez erantzuna topatzeko ahaleginean izerditzea. Erantzuna, agi danean, Saizek bakarrik dauka, eta ez du jakitera emango. Bestela, akabo, haren pagotxa.
ZIZTU BIZIAN
Saizen sekretua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu