Ibai Gomez. Alaveseko jokalaria

«Sailkapenean ez dago oraindik alde handirik; horri heldu behar diogu»

Ataka gaiztoan da Alaves, baina taldearen ahalmenean «konfiantza osoa» du Ibai Gomezek. Haren ustez, bi gauza egin behar dituzte orain arteko dinamika txarra iraultzeko: defentsan sendoago aritu eta indarrak metatu. Asmo horretan barruan duen guztia emateko prest da.

DAVID AGUILAR / EFE.
enaut agirrebengoa
2017ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Erabaki garrantzitsua hartu zuen iazko udan Ibai Gomezek (Bilbo, 1989): sei urtez bere etxe izandako Athletic utzi, eta Alavesera joan zen. Apustuak bazuen arriskurik, baina ondo atera zaio. «Konfiantza asko» galdu zuen talde zuri-gorrian emaniko azken bi urteetan; Gasteizen, aldiz, berriro ere «futbolaz gozatzen» ari da. Alaves zulotik irtetea behar du orain.

Min hartu zenuen Realaren kontra, eta azken partidetan ez duzu jokatu. Nola zaude orain?

Ondo. Joan den astebururako prest nengoen jada. Teknikariaren esanetara nago. Aulkian utzi ninduen Valentziaren kontra. Aukeraren zain nago orain. Ekarpena egin nahi diot taldeari. Hobe zelaitik bada. Eta, bestela, kanpotik beharko. Denok bat izan behar dugu une honetan.

Taldeak badu zure beharra. Antzu dabil erasoan: lau gol baino ez ditu sartu orain arte, eta kosta egiten zaio aukerak sortzea.

Alavesen moduko talde batentzat, lehen gauza defentsan sendo aritzea da. Neurketen fase askotan lortu dugu hori, baina oraindik ez gara gai izan une oro irmo aritzeko. Behin oinarri hori lortuta, taldea askatu egingo da. Konfiantza hartuko du, eta, horrekin batera, aukera gehiago sortuko ditu. Ez dakit ni naizen ekarpen hori egin behar duena. Denon gauza da.

Zenbakiak argigarriak dira: hamar partidetatik bederatzi galdu dituzue eta bakarra irabazi. Halakorik nekez esperoko zenuten sasoia hasi aurretik, ezta?

Ez, sekula ez duzu espero horren gaizki aritzea, ondo jokatzeko egiten baituzu lan. Egoera zailean gaude. Azkenak gara sailkapenean, eta inoiz ez da ona bertan egotea. Orain gugan konfiantza izatea lortu behar dugu. Oinarrizkoa da hori emaitza hobeak lortzeko.

Zer moduz daramazue buruko nekea?

Garai zailean gaude, baina horrek ezin digu erasan. Egoera bera baino indartsuagoak izan behar dugu. Une txarrean egonik, amore ematen badugu, akabo, ez dago soluziorik. Konfiantza osoa dut talde honetan, eta taldekide bakoitzarengan.

Nolanahi ere, halakoetan zaila izango da baikorra izatea. Eta horrek eragina izan ohi du. Gurpil zoro baten modukoa da.

Hor dago gakoa. Motibo askorik eduki ez arren, ahalik eta baikorrenak izan behar dugu. Azken partidetan itxura hobea eman du taldeak. Adibidez, azken partidan, lehiakor aritu ginen ligako talderik indartsuenetako bat izaten ari den Valentziaren kontra. Noski, hobekuntza hori ez da nahikoa, emaitzak hor baitaude. Nahiago dut itxura txarra eman, eta irabazi, kontrakoa baino.

Iragan sasoian gozo-gozo aritu zineten. Orain, ordea, zuloan bete-betean zaudete sartuta. Zale askorentzat, ulergaitza izango da hain denbora gutxian taldearen egoera horrenbeste aldatu izana.

Futbola halakoa da. Sasoi batetik bestera, eta aste batetik bestera ere aldaketa handiak egon daitezke. Erraza da aldaretik erortzea. Futbolean horrekin bizi beharra dago. Indarrak metatu behar ditugu orain, eta ikusi gai garela zulotik ateratzeko.

Zama al da joan zen denboraldiko arrakasta?

Nik ez dut hala ikusten. Igo berritan, multzo irmoa sortu, eta oso gauza politak lortu genituen. Pena ematen dizu horri segida ezin emateak. Taldea ia osorik aldatu da, eta egokitu beharra dago. Horrelakoa da futbola, eta bizitza bera.

Hainbeste jaitsi al da taldearen maila sasoi batetik bestera?

Ez zait konparazioak egitea gustatzen. Okerra litzateke. Orain dugun taldea daukagu, eta uste dugu gaia badagoela lehiatzeko.

Egutegi gaiztoa izan duzue liga hasieran, batez ere, Mendizorrotzan: Bartzelona, Vila-real, Real Madril, Reala eta Valentzia izan dituzue aurkari.Hori aintzat harturik, errazago ulertzen da Alavesek etxean oraindik punturik batu ez izana.

Guretzat funtsezkoa da etxean aurrerapausoa ematea. Giroak asko hauspotzen gaitu. Horrez gain, aurkari zuzenen kontra ariko gara datozen bost partidetan. Gaur Espanyolen aurka neurtuko ditugu indarrak. Espero behingoz poz bat ematea zaleei, merezi baitute.

Liga Luis Zubeldiaren agindupean hasi zenuten, baina hark lau partida eskas iraun zuen Alavesen aulkian. Agintariek ez zuten azkarregi kargugabetu?

Ni ez naiz inor erabaki hori baloratzeko. Agintariek ondo pentsatuko zuten, eta ikusiko zuten hori zela onena taldearentzat. Jokalariok gogor ahalegindu behar dugu, dagoen teknikaria dagoela. Saiatzen segitzea besterik ez dago.

Zubeldiarekin, ideiarik gabe aritu zen taldea. Gauzak ez zizkizuen behar bezala transmititu?

Ez dut uste erru guztia Luisi bota behar zaionik. Denok dugu ardura. Batzuek pentsatuko dute Luisek ez zuela tekla egokia sakatu. Eta, beste batzuek, denboraren joanean taldeak hobera egingo zuela haren aginduetara. Uste asko egongo dira. Baina guk ez dugu halakoez iritzia eman behar. Egoera bakoitzera egokitzea da gure zeregina.

Gianni De Biasi da lemazain berria. Nolakoa da?

Egoera zailean iritsi da, eta bere ideiak oso azkar txertatu ditu. Taldeak lanketa taktiko ona izatea nahi du. Hori da oinarria. Harekin, taldeak jokamolde garbi bat dauka: bere zelaian sartuta egotea, ordenari eutsiz, eta, gero, kontraerasora azkar ateratzea.

Oso motibatzaile ona omen da.

Bai, aurkaria baino hobea zarela sinetsarazten dizu. Konfiantzaz ateratzen zara zelaira. Eta emaitzak txarrak izan arren, konbentzitu egiten zaitu.

Hobeto zabiltzate harekin, baina uzta eskasegia da oraindik ere. Eta liga aurrera doa. Datozen partidetan eraginkor aritu ezean, itxura oso txarra har dezake taldearen etorkizunak.

Esan bezala, gure ligako hainbat talderen aurka ariko gara datozen neurketetan. Haiek puntuak batu, eta guk ez badugu alerik biltzen, diferentziak oso handiak izango dira. Baina gu ez gara okerrenean jarri behar. Itxaropena izan behar dugu, eta pentsatu laster jaisteko postuetatik aterako garela.

Gauza bat alde duzue: sailkapenean oraindik ez dago alde handirik.

Hori da orain arteko gauzarik baikorrena. Puntu gutxi eduki arren, ez gaude gainontzekoengandik urruti. Horri heldu behar diogu.

Gaur urrats garrantzitsua egin dezakezue, Espanyoli irabazita. Nolako norgehiagoka espero duzu?

Lehia oso taktikoa izango da. Quique Sanchez Floresi ere gustatzen zaio bere taldeek ordena handia izatea. Ez da erraza izango, baina espero dut hiru puntuak lortzea.

Bigarren denboraldia duzu Alavesen. Zein balorazio egiten duzu orain artekoaz?

Pribilegiatu sentitzen naiz hemen, jendea primeran portatzen baita nirekin. Berriz ere futbolaz gozatzeko beharra neukan, eta asmatu egin nuen Alavesera etorrita. Bigarren denboraldia dut hemen, eta kontent nago. Hori bai, neurri batean; taldea ez baitabil nahi bezain ongi.

Konfiantza galdu al zenuen Athleticen?

Bai, azken bi denboraldietan. Konfiantza asko galdu nuen. Hainbat arrazoirengatik, ez nengoen ongi, eta ezin nituen aprobetxatu jasotako aukerak. Konfiantza galduz joan nintzen, eta ezin izan nion buelta eman egoerari. Erabaki nuen onena kapitulu hori amaitzea zela.

Athletic ere nahiko makal dabil aurten. Kanpotik, nola dakusazu zuri-gorrien egoera?

Azkenaldian bestelako gauzetara ohitu da. Urtero Europako postuen lehian izan da, eta Europan bertan txukun aritu da. Denboraldi honen hasiera ez da jendeak esperotakoa izan, baina jokalari handiak ditu Athleticek, etaziur gora egingo duela. Guk bezalaxe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.