Bezperako nagikeriak azkar demonio uxatu zituen atzo tropelak Espainiako Vueltako hamalaugarren etapan, Urdazubi eta Aubisque artean. Hori da ikuskizunatxirrindulariek eskainitakoa aurrean zein atzean. Gutxitan ikus daitekeen horietakoa. Aurrean, Robert Gesink (Lotto) izan zen indartsuena, eta, eguneko ihesaldia helmugaraino eramanda, garaipen bikaina lortu zuen. Ondo merezitakoa. Atzean, berriz, oilar nagusiak ez ziren lo egon. Guztien gainetik, Nairo Quintana (Movistar) eta Chris Froome (Sky) agertu ziren, eta bien arteko norgehiagoka izan zuen aski su. Kolonbiarrak jo, britainiarrak eutsi. Hala ibili ziren mokoka Aubisquen gora, eta, azkenean, elkarrekin helmugaratu ziren. Ezeren gainetik, ordea, txirrindularitzak irabazi zuen.
Kritika ugari jaso zuen tropelak bezperan Bilbo eta Urdazubi artean erakutsitako jarreragatik. Lotsagarri jo zuten gehienek. Ziurrenik, horren ondorioz atzo bestelako joera izan zen lehen kilometroetan. Eraso festa latza izan zuten, eta, azkenean, 41 laguneko ihesaldia osatu zen. Izen eta izan handiak ziren tartean, eta bost euskal ziklista ere bai: Romain Sicard (Direct Energie), Haimar Zubeldia (Trek), David Lopez (Sky), Pello Bilbao (Caja Rural) eta Omar Fraile (Direct Energie). Azken bi horiek lehenago geratu ziren. Gainerakoak onenen taldean joan ziren luzaro. Zubeldiak, besteak beste, seigarren amaitu zuen, meritu handiko lana eginez.
Dena den, izan zen ikuskizunik Aubisquen baino lehen. Marie Blanque mendatean, hain zuzen. Eta faboritoen artean, gainera. Bi taldekide lagun hartuta, Simon Yatesek (Orica) aurrera egin zuen, eta ez edonola. Indar erakustaldia egin zuen. Ordekako lanean taldekideen gurpilean joan zen, eta Aubisquen gora bakar-bakarrik atera zituen babak eltzetik. Gainerako faboritoak baino lehenago helmugaratu zen, eta zazpigarren postutik laugarrenera egin du jauzi sailkapen nagusian. Esteban Chaves (Orica) eta biak dira orain Quintanaren eta Froomen etsai nagusiak.
Oricaren estrategiak astindu zituen bazterrak. Movistar eta Sky lanean aritu ziren, eta haien talde buruek azkenean agertu behar izan zuten. Quintana behe-behetik hasi zen jo eta su, baina Froome gurpiletik ateratzerik ez zuen lortu. Gainerakoak bai. Alejandro Valverde (Movistar) taldekidea suertatu zitzaion eguneko galtzaile nagusia. Hamar minutu baino gehiago galdu zituen helmugan, eta aukerarik gabe da podiumean sartzeko. Alberto Contadorrek (Tinkoff) ere segundo batzuk galdu zituen, eta postu bat atzera egin du sailkapenean.
Gaur, Formigalen amaiera
Lehen bi postuetan bere horretan jarraitzen dute kontuek, eta Froome Quintanarengandik 54 segundora dago. Hori bai, hemeretzigarren etapako erlojupekoa gako izan daiteke, eta britainiarrak hori izango du alde. Indartsu agertu zen atzo ere. Horregatik, kolonbiarrak mendiko etapetan jarraitu beharko du ahalegin betean. Atzo ere gogotik saiatu zen aurkari nagusiaren gurpila atzean uzten, baina ezin izan zuen. Gaur beste aukera bat izango du. Formigal gainean amaituko da etapa, eta izango da ikuskizunik. Guztia erabakitzeko dago.
Saiatu ez den damurik gabe
Nairo Quintanak joaldi latzak egin ditu Chris Froome atzean uzteko, baina ez du lortu. Robert Gesinkek irabazi du etapa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu