FUTBOLA

Samuraiek mendeku gosea dute

Bihartik otsailaren 10era arte jokatuko da Asiako Kopa, Qatarren. Miguel Angel Lotinarentzat Japonia da hautagai nagusia. Take Kubo Realeko jokalari japoniarra da euskal taldeetako ordezkari bakarra.

(ID_13164249) GERMANY SOCCER
Japoniako jokalariak, tartean Take Kubo, irailean Alemaniari lagunarteko batean sartutako gola ospatzen. FILIP SINGER / EFE
Iñaki Berastegi.
2024ko urtarrilaren 11
05:05
Entzun

Munduko azken Futbol Kopa bezala, Qatarrek antolatu du 2024ko Asiako Kopa ere. Txinan jokatzekoa zen 2023an, baina, pandemia dela eta, azkenerako herrialdeak uko egin zion txapelketa antolatzeari, eta Asiako Futbol Konfederazioak herrialdez aldatu eta urtebete atzeratu behar izan zuen txapelketa. Sei multzotan banatuta dauden 24 selekziok parte hartuko dute aldi honetan ere, eta hamasei onenak igaroko dira kanporaketetara. 2022ko Munduko Futbol Kopa jokatu zuten sei selekzioak dira indartsuenak: Japonia, Hego Korea, Iran, Australia, Saudi Arabia eta Qatar. Bakoitza multzo batean dago.

Qatarren bi urte eta Japonian beste bost egin zituen entrenatzaile gisa Miguel Angel Lotinak (Meñaka, Bizkaia, 1957), eta Japoniako Samurai Urdinen aldeko apustua egiten du txapelketa honetan. «Japonia da hautagai nagusia, eta haren atzetik Saudi Arabia, Hego Korea eta Qatar daude, nire iritziz». Japonia da Asiako Kopa gehien irabazi duena: lau aldiz izan da txapeldun. 2019an, ordea, Qatarrek irabazi zuen txapelketa, finalean Japonia 1-3 menderatuta.

Bi selekzio mota

Parte hartuko duten 24 selekzioak, gutxi-asko, bi multzo handitan banatu ditu Lotinak: Ekialde Hurbilekoak eta Pazifikoko Asiakoak. Lehendabiziko multzo horretako selekziorik indartsuenak Saudi Arabia, Qatar eta Iran dira; bigarren multzokoak, berriz, Japonia eta Hego Korea dira. «Bi multzo horietako selekzioak oso ezberdinak dira. Japonian eta Hego Korean dago kalitate handiena. Aldiz, beste multzoko selekzioak talde gogorragoak eta lehiakorragoak dira». Dena den, Ekialde Hurbileko selekzio batzuen artean ere ezberdintasun handiak daude. «Saudi Arabiak eta Iranek ez dute zerikusirik Qatarrekin, adibidez. Qatarren 400.000 biztanle dira, eta gehienak ondo bizi dira. Beste herrialde batzuetako jendeak askoz ere bizimodu gogorragoa dauka, hezkuntza ezberdina dute, eta horrek ere eragina dauka futbolean jokatzeko moduan».

Bi multzo horietatik kanpo dago Australia, Asiako Futbol Konfederazioan jokatzen duen Ozeaniako selekzioa. «Bai selekzioa eta bai herrialdeko liga Japoniakoen azpitik daudela esango nuke. Australiako taldeei kosta egin zaie Asiako Txapeldunen Ligan emaitza onak lortzea. Ez dute gaizki jokatzen, baina uste dut Japoniaren eta Hego Korearen atzetik daudela».

Sei hautagai daude

Munduko azken Kopan parte hartu zuten sei taldeetako batek Asiako Kopa ez irabaztea «ezusteko handia» litzateke. «Hautagai nagusi guztiek gaindituko dute ligaxka, lehen fasean maila apaleko selekzioak baitaude. Asko harrituko nintzateke beste horietakoren bat oso aurrera ailegatuko balitz». Lotinak Japonia kokatu du hautagai nagusi gisa, eta haren atzetik beste hiru aipatu ditu. «Hego Korea, Saudi Arabia eta Qatar. Munduko Koparen aldean, selekzioak ez dira askorik aldatuko. Japonia beti izan da Asiako selekzio indartsuenetako bat, indartsuena ez bada. Urte asko dira futbola oso ondo lantzen ari direla. 126 milioi biztanle dituen herrialde bat da, eta, lehen kirola beisbola bada ere, futbolari federatu asko daude, geroz eta gehiago».

Txinako selekzioan, berriz, ez dauka fede handirik. «Ez dakit zergatik, baina ez dute emaitza onik lortzen. Han entrenatzaile izan den jendea ezagutzen dut, eta esan izan didate hango jokalarien maila ez dela handia». Txinako ligak garai batean jokalariak erakartzeko izan zuen gaitasuna orain Saudi Arabiako ligak dauka. «Ez dakit zer gertatuko den, baina badirudi luzerako apustua egiten ari direla. Txinaren egoerarekin alderatuta, bada ezberdintasun handi bat: futbol zelaiak bete egiten dira Saudi Arabian, haientzat futbola betidanik pasio handi bat izan baita».

Qatarren erredentzioa

2022ko Munduko Kopa Qatarrek antolatu zuen. Urte luzez prestatu ziren herrialdea eta selekzioa txapelketa horretarako, baina parte hartu zuten 32 selekzioetatik txarrena izan zen, alde handiz. A multzoan egokitu zen, Herbehereekin, Ekuadorrekin eta Senegalekin, eta azken postuan amaitu zuen, neurketa guztiak galduta; zazpi gol sartu zizkioten, eta bakarra egin zuen. «Ezustekoa izan zen Qatar hain eskas aritzea. Espanyolen laguntzaile izan nuen Tintin Marquez, eta hura da orain hautatzailea; ziur beste itxura bat emango dutela. Duela gutxi harekin hitz egin nuen, eta selekzio ona zeukala esan zidan. Ez, agian, Hego Korearen edo Japoniaren mailakoa, baina bai multzo ona», nabarmendu du Lotinak. Ez alferrik, gaur egungo Asiako Kopako txapeldunak dira; 2019an, Japoniari irabazi zioten finalean. «Japoniarren maila apaldu egiten da presiopean jokatzen dutenean; lehiakortasun pixka bat falta zaie».

Son Heung-min da izarra

Ezbairik gabe, Tottenham taldeko Song Heung-min da Asiako Kopa jokatuko duen jokalaririk onena, eta haren herrikide Kim Min-jae Bayern Municheko erdiko atzelaria izan daiteke bigarrena. Japoniako jokalari onenak, agian, ez dira maila horretakoak, baina jokalari onen zerrenda luzea dute. «Adibidez, Kaoru Mitomaren berri —Brightoneko jokalaria— eman nion Julen Lopetegiri, Sevillako entrenatzaile zenean. Japonia da jokalari interesgarri gehien duen selekzioa, eta horietako asko Europan ari dira». Take Kubo Realeko jokalari japoniarrak ere zeresana eman dezake —Espainiako Ligako ordezkari bakarra da—, baita Irango Mehdi Taremik (Porto), Saudi Arabiako Salem al-Dawsarik (Al-Hilal) eta Hego Koreako Lee Kang-in-ek (Paris Saint-Germain), besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.