«Maitasun keinu bat izan zen. Finalean penalti bat huts egin zuen, eta esan nion horretaz ahazteko, txapeldun ginela. Samurtasun handia eragin zidan egoerak, eta hark besapetik heldu eta gero, esan nion ea musu bat eman niezaiokeen. Baietz esan zidan. Musuaren ondoren irribarrez joan zen. Ziur nago Jennik musu emateko baimena eman zidala». Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidente ohiak gaur deklaratu du Jennifer Hermosori baimenik gabe eman zion musuagatik egiten ari diren epaiketan. Gertatutakoari garrantzia kendu dio, eta jokalariak salatutako presioak ukatu ditu.
Gertatutakoari garrantzia kentzeko ahalegin horretan harago joan da: «Behin baino gehiagotan musuka jan ditut futbolariak [gizonezkoak] ospakizunetan, are gehiago Jennirekin nuen adinako konfiantza edukiz gero. Hanka sartu nuen, eta eskatu nuen barkamena. Burua hotzago izan behar nuen, egiteko instituzional bat bainuen». Fiskalak bi urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du harentzat, sexu eraso bat egiteagatik; baita jokalariarengandik 200 metro baino gutxiagora ez hurbiltzeko agindua eta 50.000 euroko kalte ordaina ere.
Oso bestelakoa izan zen epaiketako lehen egunean Hermosok kontatu zuena. «Burutik heldu ninduen, eta bat-batean musu eman zidan. Ezin izan nuen ezer egin. Egin zuena lekuz kanpo zegoen. Ez zuen gertatu behar». Hurrengo egunetan deklaratu zuen Alexia Putellas jokalariak, eta berretsi zuen Hermosok aitortu ziola «nazka» eman ziola musuak.
Bestalde, Rubialesek ukatu egin du Hermosori presioa egin zionik gertatukoari garrantzia kentzeko; baita horretarako bideo edo agiri bat egitera behartu zuenik ere. «Gertatutakoa nolako oihartzuna eta bidea hartzen ari zen kontuan hartuta, iruditu zitzaigun komunikatu bat egitea zela egokiena. Baina nik ez nuen haren idazketan parte hartu. Ez naiz aditua, ez da nire egitekoa; gainera, egoera zail batean geunden. Olga Carmona jokalariari bere aita hil zela esan behar genion, eta Jorge Vildaren alaba apendizitisak jota zegoen. Esan nien bakarra izan zen komunikatua Jennik esandakoan oinarritzen bazen aurrera egiteko, hasiera batean hark ere garrantzia kendu baitzion musuari».
Hegazkinean «presiorik ez»
Esan du hegazkinean ere ez zela presiorik izan: «Lehen orduak lo eman genituen, eta gero Jenniri esan nion egokia izan zitekeela bideo bat egitea gertatutakoa argitzeko. Ezetz esan zidan, oso argia izan zela egin zituen adierazpenetan. Nik eskerrak eman nizkion, eta hortxe geratu zen dena». Gainera, ukatu egin du hegaldian Hermoso negarrez edo gaizki egon zela: «Pozik zegoen, zoriontsu, saltoka. Selekzioko psikologoari berari esan zion gertatutakoa anekdota huts bat izan zela. Espainiara iritsi eta egun batzuk igaro arte ez zuen bertsioa aldatu». Gainera, deklaratu du ez ziola Jorge Vilda hautatzaileari eskatu Hermosoren anaiarekin hitz egiteko: «Jorgek berak esan zidan harekin hitz egiteko asmoa zuela. Nik ez nion eskatu. Ez nekien ezta hegazkinean zetorrenik ere».
Hermosok, ordea, bere deklarazioan adierazi zuen «babesgabe» sentitu zela. Azaldu zuen selekzioko prentsa sailekoek berarengana jo zutela: komunikatu bat erakutsi zioten, Hermosoren beraren izenean idatzitakoa. «Nirea balitz bezala idatzita zegoen, nik idatzi izan banu bezala. Inoiz ez zidaten galdetu zer jarri nahi nuen, eta testua idatzita zegoen jada». Kontatu zuen Dohan hegazkinez aldatzeko egindako geldialdian proposatu ziotela bideoa egitea, eta hau ere esan zion Rubialesek: «Gauza bera gustatzen zaigu zuri eta niri». Beldur zen bideoa ez egiteak zer ondorio izango ote zituen: «Ezin konta ahala aldiz eskatu zidaten komunikatuak edo adierazpenak egiteko». Eta gehitu zuen Eivissan [Herrialde Katalanak] oporretan zegoela ere presio egiten jarraitu zutela federazioko bi kidek, Albert Luque kirol zuzendariak eta Ruben Rivera marketin arduradunak. Esan zioten «maltzurra» zela presidenteari bere bizitzako «fardelik handiena» gainetik ez kentzeagatik. Gainera, bideoa egiteko eskatu zioten beste behin, deklaratu zutenez.
Irene Paredes eta Putellasek Hermosok kontatutakoa berretsi zuten beren deklarazioetan, eta presioak izan zituela baieztatu zuten. Halaber, adierazi zuten Vilda ikusi zutela Hermosoren anaiarekin hizketan. Eivissan gertatutakoa kontatu zuen Ana Ecubek, Hermosoren lagunak. «Jenni oso nekatuta zegoen, bai fisikoki, bai mentalki. Behin baino gehiagotan esan zien ez zela Luquerekin bilduko». Azkenerako, Ecube bera joan zen harekin hitz egitera: «Besteak beste, esan zidan Jennik bideoa egitea lortzen banuen ez zitzaigula lanik faltako ez Jenniri ez niri». Bestalde, Luquek Ecuberi bidalitako mezu batzuk ere plazaratu ziren haren deklarazioan. Horietako batek zera zioen: «Badakizu Luisek oso ondo ordaintzen dituela mesedeak».
Putellasen eta Paredesen aurka egin du gaur Rubialesek: «Vilda kargutik kentzeko esan zidaten, eta ez banuen hala egiten ondorioak izango zituela». Bihar jarraituko dute deklaratzen akusatuek: Vildak, Riverak eta Luquek.