'Rubiales auzia'

Rubialesek dimisioa eman du

Espainiako Futbol Federazioko presidente eta UEFAko presidente karguak utzi ditu. «Zain geratzeak eta hari eusteak ez du ezer onik ekarriko», adierazi du ohar bidez.

Luis Rubiales, Espainiako Futbol Federazioko Asanblean, abuztuan. RFEF/EFE
Julen Otaegi Leonet.
2023ko irailaren 11
07:57
Entzun

Hiru asteren ostean, dimisioa aurkeztu du Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidenteak eta UEFAko presidenteordeak. Bart gauean hartu du erabakia. Erabaki bat baino gehiago hartu dira Rubialesen aurka: FIFAk 90 egunez kargugabetu zuen; TADek «larritzat» jo zuen Jennifer Hermoso Espainiako selekzioko futbolariari haren borondatearen aurka ezpainetan musu eman izana; eta Fiskaltzak kereila jarri zion joan den ostiralean, sexu erasoagatik. Prozedura horiengatik guztiengatik «argi dago ezingo naizela nire kargura itzuli»; hala adierazi du Rubialesek ohar bidez. Argudiatu duenez, «zain geratzeak eta hari eusteak ez du ezer onik ekarriko», eta, gainera, zigorrak amaitu ostean ere haren itzulera «galaraziko duten botere faktikoak daude».

Egun, Pedro Rocha da federazioko presidentea behin-behinean. Rubialesek dimisioa eman ondoren, federazioak hauteskundeei ekiteko prozedura abiatu du. Urtebete ingururako hartuko du kargua Rubialesen hurrengoak. Izan ere, Olinpiar Jokoak diren aldiro izendatzen da presidente berria; heldu den udan berriro egingo dituzte hauteskundeak.

Oharra kaleratu baino minutu batzuk lehenago, Piers Morgan aurkezle britainiarrak egindako elkarrizketan eman zuen berria esklusiban: «Dimisioari buruz: egin egingo dut, bai. Ezin dudalako lanean jarraitu». Bere jarrerak hirugarren pertsonei eragin diezaiekeela aitortu du. «Egoera honetan, erabakirik taxuzkoena eta egin behar dudana da».

Rubialesen auziak Espainiako Federazioko beste kide bat zipriztindu du: Jorge Vilda selekzioko hautatzailea. Ez du dimisioa eman; joan den astean kargugabetu zuen federazioak. Luis Rubialesen eskutik iritsi zen kargura, eta hari txaloka aritu zen federazioko presidente gisa ez zuela dimitituko iragarri zuen agerraldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.