Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidente ohia, Jorge Vilda emakumezkoen hautatzaile ohia, Albert Luque kirol zuzendaria eta Ruben Rivera marketineko arduradun ohia epaitu egingo dituzte Jennifer Hermoso jokalariari emandako musuarengatik eta ondoren hura hertsatzeagatik. Hala berretsi du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Salak, ikertuen helegiteak atzera bota ostean.
Hirugarren Ataleko magistratuek lau autoetan adierazi dute —helegite bakoitzeko auto bat— auzia dagoen fase prozesalean helburua ez dela egitateak egiaztatzea, baizik eta bultzada prozesal bat dela, eta instrukzio organoak prozedura tramitatzen jarraitzeko zantzurik dagoen baloratu beharko du.
Kasu honetan, magistratuek uste dute sexu askatasunaren aurkako delitu baten eta hertsatze delitu baten deskribapenarekin bat datozen zantzuak daudela federazioko kideak aulkian esertzea proposatu zuen autoan deskribatzen diren egitateetan.
«Onartu gabeko» musua
Espainiako selekzioak Munduko Txapelketa irabazi berritan egin zion eraso Rubialesek Hermosori. Hori dela eta, urtarrilean proposatu zuen Francisco de Jorge Auzitegi Nazionaleko epaileak Rubiales epaitzea, iritzita jokalariari emandako musua «hark onartu gabea» izan zela eta presidente ohiak «ezustean» jokatu zuela. Ebazpenean adierazi zuenez, «jokalariari egindako presioek antsietate eta estres handia» sortu zioten Hermosori.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskal Marta Durantezek bi urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu zuen Rubialesentzat, eta, gainera, biktimari 100.000 euroko kalte ordaina emateko ere eskatu zuen. Fiskalaren idatziak zioen sexu erasoa izan zela.
Kalte ordainaren erdia Rubialesek ordaindu beharko luke, eta bestea erdia, berriz, Vildak, Luquek eta Riverak. Haietako bakoitzarentzat ere urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu zuen, jokalariari mehatxu eta presio egiteagatik. Fiskalak dio hertsatu egin zutela musua baimendua zela esan zezan, baina jokalariak behin eta berriz egin ziola uko horri.