Rubiales auzitara eramatea proposatu du epaileak

Espainiako Futbol Federazioaren presidente ohiaz gain, Jorge Vilda Espainiako emakumezkoen selekzioko hautatzaile ohia eta beste bi inputatu epaitu nahi ditu Francisco de Jorge Auzitegi Nazionaleko epaileak.

marcos tedin
2024ko urtarrilaren 25a
18:15
Entzun

Rubiales auzia aurrera doa. Gaur, RFEF Espainiako Futbol Federazioaren presidente ohia auzitara eramatea proposatu du Francisco de Jorge epaileak, Albert Luque selekzioko zuzendaria eta Ruben Rivera Espainiako Federazioko marketin buruarekin batera. Jenni Hermoso jokalaria presionatu izana leporatzen die De Jorgek, Munduko Txapelketako finalean hari emandako musua onetsia izan zela esateko. Epaileak arrazoitu du musua «aldebakarrekoa eta ustekabekoa» izan zela.

De Jorgek adierazi du Hermosok jaso duen presioak «antsietatea eta estres handia» sorrarazi diotela. Horrez gain, azaldu du lau inputatuen arteko egintza egon dela Hermoso behartzeko jendaurrean adieraz zezan musu ematea onetsi zuela. Epailearen ustez, laurek batera jokatu dute jokalaria menderatzeko.

Epailea Rubiales ikertzen ari zen sexu eraso eta derrigortzeen delituengatik. Hala, autoan adierazi du salaketez beste batzuk arduratu behar direla: «Ez da beharrezkoa instrukzio epaileak kalifikazio zehatza egitea, ezta tipo penal zehatzak zehaztea ere». Alegia, oraindik ez dago argi zein izango den inputatuei leporatuko dien delitua.

Musuaren onespenari dagokionez, De Jorgek duda guztiak uxatu ditu: «Uste eta espero gabe, ezpainetan musu eman zion jokalariari; hura ez zen ohartu kereilapekoak ezpainetan musu emateko asmoa zuela, eta ez zuen onetsi halakorik egitea». Hori zela eta, Hermosok ez zuen erreakzionatzeko astirik izan.

Ordu batzuk eta Munduko Txapelketa irabazteko euforia pasatu ahala, haserrea piztu zitzaion. Epailearen arabera, bueltako hegazkinean Rubialesek Hermoso presionatu zuen jendaurrean adieraz zezan musu ematea onetsi zuela. Jokalariak ez zuen amore eman, eta presidente ohiak Vildari, Luqueri eta Riverari laguntza eskatu zien. De Jorgek adierazi duenez, lau inputatuak behin eta berriro saiatu ziren Hermoso konbentzitzen, eta, eginiko presioaren ondorioz, «estresa eta antsietatea» izan zuen jokalariak.     

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.