Kirolari gazteak berezkoa du askotan gorenera iristeko presa. Ez da horrela ibili Ruben Dominguez Bilbo Basketeko jokalaria (Puerto Real, Espainia, 2003). Hegalekoa udan iritsi zen Bilbora, Estudiantesetik. Madrilgo taldea Bigarren Mailan ari da gaur egun. Han eta Unicajan egin zituen lehen urratsak saskibaloian. Orain, Bilbon, ACB ligan egonkortzeko erronka du. Fitxaketaren berri eman zutenean, Rafa Pueyo kirol zuzendariak haren «etorkizuna eta hirukoak jaurtitzeko gaitasuna» azpimarratu zituen. Pixkanaka, bai bere aldetik eta bai klubaren aldetik pazientzia izanda, hori erakusten ari da.
Horren adibiderik garbiena Leyma Coruñaren aurka jokatutako partida izan zen. Guztira 35 puntu sartu zituen, tartean zortzi hiruko. Ordura arte 22 puntu zeramatzan sasoi osoan. Partida batean Bilbo Basketeko jokalari batek inoiz sartutako puntu kopururik handiena izan da. «Ederra izan zen, izugarria. Bete-betean sentitu nintzen. Taldekide guztiak asko poztu ziren. Entrenamendu bakoitzaren ostean hirukoak jaurtitzen geratzen naiz, hobetzen segitu nahi baitut».
Bilbon «oso gustura» dago. «Klubak eta taldekideek nigan konfiantza dutela sentitzen dut. Niretzat hori da garrantzitsuena». ACB ligan hamar partidatan hartu du parte, eta 132 minutuz jokatu du. «Egia da denek asko jokatu nahi izaten dugula. Baina hasieratik, bai klubak, baita nik ere, argi genuen patxadaz hartu behar genituela gauzak. Ez dugu presarik. Hazten jarraitu nahi dut, urrats sendoak eginez». Jaume Ponsarnau teknikaria berarekin egiten ari den lana eskertu du: «Oso pertsona ona da. Gaitasun eta pazientzia handia du jokalariengana iristeko». Hau eskatzen dio teknikariak: «Ez kezkatzeko esaten dit, eta, batez ere, hartzen ditudan erabakiekin aurrera egiteko, ez zalantza egiteko uztaiaren aurrean».
«Entrenatzaileak ez kezkatzeko esaten dit, eta, batez ere, hartzen ditudan erabakiekin aurrera egiteko, ez zalantza egiteko uztaiaren aurrean»
RUBEN DOMINGUEZBilbo Basketeko jokalaria
Taldea bolada onean iritsi da gaur Unicajaren kontrako neurketara (18:00), FIBAren Eurokopan Le Portel taldeari irabazi ostean: 74-65. Hala, partidarik galdu gabe segitzen du txapelketa horretan. «Egia da bigarren zatian sufritu egin genuela. Ziurrenik, txapelketa horretako kontrarioetako batzuek ez dute ACB ligako taldeek bezainbeste talentu. Baina oro har fisikoki oso indartsuak dira, eta ez dira partida errazak izaten». Argi du gaurko neurketa ere ez dela samurra izango: «Talde gogorra da Unicaja, baina talentu handia duena aldi berean. Zerbaitegatik daude lehen tokian, Valentziarekin berdinduta. Niretzat partida berezia izango da. Joan nintzenetik ez dut haien aurka jokatu, eta gogoz nago».
Baikor bigarren itzulirako
Lehen itzulia bukatzeko bi jardunaldi falta dira, eta bi garaipenera dituzte Espainiako Koparako sailkatzeko postuak. Ia ezinezkoa dute bertan egotea. Batez ere Murtziaren eta Gironaren aurka galdutako partiden arantza geratu zaio. «Lehenengoan, eskura genuen garaipena. Gure hutsengatik galdu genuen neurketa hura. Bestalde, Gironaren aurka, haiek bolada txarrean zeudela baliatu behar genuen, eta ez zen posible izan. Bi partida horietako bat irabazi izan bagenu, bete-betean ariko ginen Koparako sailkatzeko borrokan».
Argi du zer falta izan zaien. «Partidetan erregularragoak izatea lortu behar dugu. Izan ere, egungo saskibaloian, hirukoek hartu duten garrantziarekin, ohikoa da partzialak izatea. Hori kudeatzen jakin behar dugu». Baina gorako bidean ikusten du taldea: «Multzo gaztea gara, baina gero eta gehiago ezagutzen dugu elkar. Horri esker, gero eta hobeto jokatzen ari garela uste dut. Bizi jokatzen dugunean, taldeak emaitza hobeak lortzen ditu. Bizitasun horri segida handiagoa ematea lortu behar dugu, eta pixkana ari gara».
«Uste dut mentalki mesede egingo digula Europan jarraitzeak. Guztiok gehiago jokatzeko aukera izango dugu, eta hori beti da ona»
Ruben DominguezBilbo Basketeko jokalaria
Hori lortuz gero, denboraldi amaieran titulurako kanporaketak jokatzeko borrokan ibil daitezkeela berretsi du: «Baikor naiz alde horretatik. Azken partidetan, gainera, momentu erabakigarriak hobeto kudeatzen ari gara, eta, hor egon nahi badugu, hori izango da beste gakoetako bat». Ez du uste, gainera, Europan segitzea zama izango denik. «Alderantziz. Uste dut mentalki mesede egingo digula, konfiantza emango baitigu. Gainera, taldekide guztiok gehiago jokatzeko aukera izango dugu, eta hori beti da ona. Azken kanporaketetan aurkarien maila igo egingo da, baina dena emango dugu».