Rol bikoitzaren isilpeko lana

Osertz Aldai entrenatzailea eta arraunlaria da aldi berean. Hala aritu da Isuntzara iritsi zenetik, eta bikain egiten ditu bi lanak. Lekeitioko taldearen azken denboraldiek berretsi egiten dute hori.

Osertz Aldai, Isuntzako arraunlaria eta entrenatzailea. ARITZ LOIOLA / FOKU.
pettan uralde
Lekeitio
2023ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Gazte garaian Lekeition bizitakoak bultzatuta, 2016. urtean iritsi zen hara Osertz Aldai (Hondarribia, Gipuzkoa, 1976). Bizitza osoa etxeko taldean eman ondoren, Aldaik erabateko bira eman zion bere bizitzari: Hondarribiako arraunlari izateari utzi zion, Isuntzako arraunlari eta, era berean, entrenatzaile izateko. Aurten, zortzigarren denboraldia beteko du Lekeitiora joan eta erronka berri horretan murgildu zenetik. 2018an, Eusko Label ligara igotzea lortu zuen, eta bertan sendotzea lortu du.

Urte dezente igaro diren arren, hondarribiarrak ongi gogoratzen du nola hasi zen arraunlari eta entrenatzaile lanetan. «Arraunlari bezala, beti izan nituen motibazio edo estimulu batzuk entrenatzaile izateko. Lekeition suertatu zitzaidan aukera, eta hona etorri nintzen. Hasieran, bakarrik arraunlari moduan aritu nintzen, eta, ondoren, erronka bikoitzari ekitea erabaki nuen».

Arraunlari moduan ia 30 urte egin ondoren, taldekideen arteko harremanarekin ohituta zegoen Aldai. Entrenatzaile izanda, ordea, beste pisu bat dauka taldean, beste ardura bat. Nahiz eta batzuetan «ahaztu» egiten zaion, aitortu duen bezala. «Gertu zaude, baina, aldi berean, ezin zara gertu egon. Arraunlariek beraien artean egoteko momentuak dauzkate; adibidez, egoera batez hitz egiteko edo entrenatzailea kritikatzeko. Momentu horiek haiei utzi behar dizkiet, eta ikusten dut neure burua hortik atera behar dudala, nahiz eta gustura egongo nintzatekeen arraunlari moduan. Pena ematen dit, batzuetan sakrifizio batzuk egin behar ditudalako, baina gauzak ahalik eta hobekien eramaten saiatzen naiz».

Hala ere, Aldaik entrenatzaile arrunt batek baino gehiago ezagutzen ditu arraunlariak, «beti» baitaude elkarrekin. Horrek lagundu egiten dio: «Ezagutzeaz gain, informazio asko jasotzen dut; taldeko giroa, taldeko porrotak zein garaipenak... Era desberdin batean bizitzen dira egoera horiek, eta arraunlari moduan hor egoteak asko laguntzen nau entrenatzaile lanerako».

Gauzak ondo doazenean, meritua taldearena dela esaten da normalean, baina, gauzak gaizki doazenean, entrenatzailea izaten da erantzulea. Aldairen kasuan, berriz, entrenatzaile den aldetik hartzen du ardura. «Entrenatzailea izanagatik badaukat ardura hori, baina, arraunlari izanda, taldekoek desberdin ikusten dituzte gauzak. Zerbait eskatzen dudanean, beste informazio batekin jokatzen dudanez, agian errazago iristen zaie. Porrotak pisu handia dauka, batez ere lantzen aritu zarena ateratzen ez denean. Inpotentzia hori, edo nahi duzuna transmititu ezin izatea da gehien izorratzen nauena». Hala ere, azpimarratu du frustrazio momentu horiek «bere buruarekin» izaten direla.

Barruan nahiz kanpoan

Entrenatzaile arruntek motordun txalupan erreparatzen diete entrenamenduei eta estropadei. Aldaik, berriz, traineru barrutik bizitzen ditu ia estropada guztiak:«Denboraldiko momentuaren arabera, leku batean edo bestean egoten naiz. Arraunlaria naizen aldetik, barrutik entrenatzea eta lehiatzea gustatzen zait. Baina, entrenatzaile moduan, kanpotik egotea komeni da, eta gustatuko litzaidake denbora gehiago horrela egitea. Neguan, gehiago saiatzen naiz kanpotik ikusten, eta, denboraldia aurrera doan heinean, barrutik». Denboraldiaren barruan «besteen begiak» erabiltzen ditu, patroiarenak, edo motordun txalupan doanarenak. Laguntza hori «asko» eskertzen du, eta «ezinbestekoa» dela dio.

Barrutik eta kanpotik bizitzeak «irakurketa desberdinak» egiteko aukera ematen dio Aldairi. «Barrutik beste modu batean irakurtzen da, baina kanpoko ikuspuntu hori ere landu egin behar da. Barrutik lortzen ditudan sentipenak kosta egiten zait kanpotik lortzea, eta horregatik laguntzen dit barrutik joateak. Bi moduetara, oso desberdin bizitzen da estropada bat. Barrutik zoazenean, oso kontzentratua zoaz; kanpoan zaudenean, berriz, urduritasunez bizitzen duzu».

Biak ala biak era desberdinak dira traineruaren inguruko hausnarketak egiteko. Aldaik bien arteko «nahasketak» duen garrantzia aipatu du. «Barrutik eta kanpotik gauza desberdinak ikusten dira, eta bi ikuspegiek laguntzen dute. Bien arteko oreka hori da niretzat garrantzitsua. Entrenatzaile guztiei gustatuko litzaieke barruan egotea, eta alderantziz ere bai, barruan dagoen entrenatzaile bati kanpotik ikustea. Guztia kontuan hartuz erabakitzen dut».

Ezer ez da betiko, eta Aldaik badaki hori. Baina «arazo bat» du: arraunlari moduan «asko» gozatzen du. «Kirol honek asko ematen dit, eta sentimendu asko ditut arraunarekiko. Baina traineruan hobekuntzak egiten joan ahala, nire presentzia kanpotik izateko garaia iritsiko dela pentsatzen dut. Taldeak ikusten badu arraunlari moduan egon behar dudala, orduan hor egongo naiz. Aldiz, erreleboa emateko gaitasuna duen norbait ikusten badut, ez nuke zalantzarik izango neure burua kanpoan gehiagotan uzteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.