Dena alde du Primoz Roglicek (Red Bull) Espainiako Vuelta laugarrenez irabazteko. Maillot gorria berreskuratu du Moncalvilloko helmugan; noiz eta lasterketa bukatzeko bi egunen faltan. Ben O’Connorren (Decathlon) mirariak ezin izan du gehiago iraun. Liderrak bost segundora zuen Roglic sailkapen nagusian, eta esloveniarrak ez du gupidarik izan. Alfonbra gorria jarri diote taldekideek: Daniel Felipe Martinez eta Aleksandr Vlasovekin batera egin du aurrera azken igoeran. Eta aurkariek ere erraztu egin diote lana Roglici. Bizkartzainekin alde egiten utzi diote. Oso argi gelditu da nork agintzen duen.
Roglicen eraso kolektiboa helmugarako sei kilometroren faltan iritsi da, eta bakarrik abiatu da behin Martinez eta Vlasov indarrez hustu ondotik. Atzean elkarri erasoka hasi dira beste hautagaiak, baina esloveniarrak tinko eutsi dio minutu erdiko aldeari. Hori gutxi ez, eta estutu egin du azken bi kilometroetako malda tenteetan. Azkenean, 46 segundo atera dizkie David Gauduri (Groupama) eta Mattias Skjelmoseri (Lidl), gainontzeko oilarren artean indartsuenak izan direnei. 50 segundora helmugaratu da Enric Mas (Movistar), berriz ere erasokor jokatu ondoren; eta Mikel Landa (Soudal) izan da iristen hurrengoa, bosgarren postuan, 57 segundora. Bezperako sufrikarioaren ondoren, suspertu egin da arabarra.
Atzo tropelaren herena ibili zen ihes eginda; gaur, aitzitik, bost ziklista aurreratu dira bakarrik: Isaac Del Toro (UAE), Edward Planckaert (Alpecin), Fran Miholjevic (Bahrain), eta Simone Petilli eta Vito Braet (Intermarche). Bost minuturen aldea eman diete hasiera batean, baina Red Bull-Borak berehala itxi du txorrota. Mendiko etapa gehienetan Decathlonek trostan eraman du tropela, baina gaur Roglicek kolpea eman nahi zuen mahai gainean, eta haren taldekideek lasterketa kontrolatzeko ardura hartu dute. Etapa, behingoagatik, taldeburuen artean erabaki da.
O’Connorren hamahirugarren eguna izan da lidergoan. Arraroa egingo zitzaion etaparen ostean podiumera ez igotzea. Alabaina, argi eta garbi menderatu du Roglicek: 1.49 atera dio. Sailkapenean bigarren dago orain australiarra, 1.54ra. Gaitz erdi. Alabaina, 26 segundo eskasera du Mas, eta minutu batera Richard Carapaz (Education First). Garaipenaren lehia ia erabakita dago, baina podiumean sartzeko borroka handia izango da bihar, Picon Blancon jokatuko den etapa bortitzean. Landa bederatzigarren jarri da gaur, eta beste posturen bat aurreratzen saiatuko da.
Tentsioa haizearen eraginez
Biharkoa baino ibilbide etzanagoa izan dute gaur. Logroñotik abiatu dira, eta Pradilla mendatea igo dute ibilbidearen erdialdean. Aurreko boskoteak 2.40ren aldea baino ez zuen gainetik igaro direnean. 80 kilometro luze gelditzen ziren oraindik helmugarako. Tropelak abiada handia hartu du jaitsieraren ostean, haizea lagun, eta zatitu eta guzti egin da; Landa eta Sepp Kuss (Visma), besteak beste, ezustean harrapatu dituzte. Halere, gutxi iraun du tentsioak.
Gauzak lasai izan dira Moncalvillora bidean. Behin mendatera iritsita, azkar batean irentsi dituzte iheslariak. Miholjevicek iraun du gehien. Eta hortik gutxira zabaldu dituzte hegoak Red Bullekoek. 2020an Roglicek buruz buruko ikusgarria izan zuen Carapazekin Moncalvillon, baina gaur ez du aurkaririk izan. Ekuadortarrak eraso egin du, baina ordurako Roglicek tartea zabaldua zuen, eta, gainera, sua azkar itzali zaio. Masen garrak gehiago iraun du, baina bukaeran aurreratu egin dute Gauduk eta Skjelmosek. Azken kilometro bikaina egin dute. Halere, Roglic ukiezina izan da.
Bihar garaipena ziurtatzen saiatuko da esloveniarra, igandean Madrilen jokatuko den erlojupekoaren aurretik. Dena alde dauka, baina hobe du ahuleziarik ez eduki, zazpi mendate igoko baitituzte 172 kilometroan. Lasterketa lehertu nahi duenak oso ibilbide aproposa izango du. Aurrera egin ahala, gorantz egingo du igoeren zailtasunak, eta lehen mailako bi mendate kateatuko dituzte bukaeran: Los Tornos eta Picon Blanco. Azken horren tontorrean bukatuko dute etapa, ahalegin bortitza egin ostean –7,9 kilometro eta %9,1eko pendiza–. Faboritoen lehia, dena den, Picon Blancora iritsi aurretik piztuko dela dirudi. Ihesaldia osatzeko ere zalaparta handia izango da ziurrenik: bertan izaten saiatuko dira ehiztariak nahiz taldeburuen ezkutariak.