Primoz Roglic nagusitu da Euskal Herriko Itzuliko lehenengo etapan. Esloveniarrak kolpea jo du mahai gainean, eta hamar segundo baino gehiagoren aldea atera die faborito nagusiei. Aldea are handiagoa izango litzateke azken metroetan bidez nahastu ez balitz. Motorrek joan beharreko bidea hartu du Borakoak, eta segundo batzuk galdu ditu helmugara bidean. Remco Evenepoel (Soudal) erori egin da, baina 11 segundora iritsi da. Jonas Vingegaardek (Visma) 15 segundo gehiago behar izan ditu, Juan Ayusok (UAE) baino bat gutxiago. Ezustekorik ezean, litekeena da antzeko aldearekin iristea Eibarko azken etapara.
Gorriz markatutako eguna zen gaurkoa. Ez zen Itzuliaren hasiera soil bat. Sei etapak ikusita, Irungoa eta Eibarkoa baitira aldeak egiteko aproposenak. Hortaz, arriskatzeko eguna zuten tropeleko txirrindulari indartsuenek. Bihurgune eta biribilguneak tarteko, lehen zati oso teknikoa izan du Irungo ibilbideak. Ondoren, igoera txiki bat eta jaitsiera azkar bat izan dituzte aurretik txirrindulariek helmugara iritsi bitartean. Eguraldiaren iragarpenaren ondorioz, lehen txandan aritzea erabaki zuten faborito gehienek atzo, eta ezinezkoa izan da faboritoen lana telebistan zuzenean jarraitzea. Haize handia eta prezipitazioak egongo zirela zioen iragarpenak, eta, oilarrak hasieran atera badira ere, haizeak eragina izan du. Izan ere, zenbait txirrindulari erori egin dira. Horietako bat izan da Tom Pidcock (Ineos). Taldeko liderra ibilbidea ezagutzen ari zela erori da, haize bolada baten ondorioz, eta lehia hasi aurretik utzi behar izan du Itzulia.
Pello Bilbao (Bahrain) eta Ayuso izan dira faboritoen artean abiatzen lehenak, eta banaka-banaka, bata bestearen atzetik irten dira oilar denak. Ayusok berak ezarri du aurreneko marka. Espainiarrak Bilbaok baino bederatzi segundo gutxiago behar izan ditu. Ayusoren marka, baina, berehala bota du Roglicek. Lan erdietan 11 segundo azkarrago aritu da esloveniarra, eta, azkenerako, 12 minutu eta 34 segundoan amaitu ditu lanak. Horrela, Itzulian jokatu dituen erlojupeko guztiak irabazi ditu; bostetik bost. Azken orduan bidez nahastu bada ere, hura izan da eguneko ziklistarik azkarrena. Vingegaard taldekide ohia haren atzetik abiatu da. Frantziako Tourreko azken bi aldietako garailea da Itzulia irabazteko faborito nagusia, baina Roglicek baino 15 segundo gehiago behar izan ditu lanak amaitzeko.
Evenepoel, lurrera
Vingegaardek lanak amaituta, Evenepoelengan iltzatu dira inguruko denen begiradak. Munduko Erlojupeko Txapelduna zen denbora hori hobetu zezakeen oilar bakarra. Flandriarrak, ordea, ezin okerrago abiatu du etapa. Aurreneko bihurguneetako batean lurrera jausi da, eta ez du jakin hasierako amorru horri buelta ematen. Segundo bakarraren galerarekin iritsi da Olaberriako igoerara, baina beste zazpi galdu ditu Olaberria gainera iritsi denean. Jaitsieran ere segundo gutxi batzuk galdu ditu, eta, azkenerako, 11 segundora iritsi da Soudalekoa. Hark amaitzean hartu du lasaitua Roglicek. Inork ez du esloveniarraren denbora bota, eta bosgarren garaipena lortu du Itzulian erlojuaren aurka. Lasterketaren historian erlojupeko gehien irabazi dituen txirrindularia da. Orain arte berdinduta zegoen Sean Kellyrekin eta Alberto Contadorrekin.
Mattias Skjelmose izan da eguneko ezustekoa. Lidl-Trekeko danimarkarra sasoiko iritsi da Itzulira; egun bikaina izan du, eta Eibarko podiumean egon nahi duela erakutsi du. Garaileak baino hamar segundo gehiago behar izan ditu lanak amaitzeko, eta hirugarren izan da azkenean.
Faboritoen artean, zenbait euskaldun daude aurten ere, eta zenbaitek aurrean egoteko hautagaitza aurkeztu dute. Ion Izagirre (Cofidis) izan da denetan onena; hamargarren izan da, Roglicengandik 21 segundora. Bilbao 25era iritsi da, eta Mikel Landak (Soudal) ia minutua galdu du. Bihar ez da zalaparta handirik espero Kanbon (Lapurdi), eta litekeena da tropeleko txirrindulari bizkorrenentzako egun aproposa izatea.