Ben O'Connorrek (Decathlon) ezustekoa eman zuen ostegunean. Etapa irabazi zuen eta Espainiako Vueltako lider jarri zen Primoz Roglicekiko (Bora) bost minuturen aldearekin. Orain, Roglicen lana alde hori murriztea da, eta, gaur, lehen urratsa egin du: Cazorlako etapa irabazi du, eta 56 segundo jan dizkio.
Azken igoera hasi bezain laster egin du eraso, azpi-azpitik, baina O'Connorrek bikain erantzun dio. Beste behin mugitu da Borako esloveniarra, baina berriz ere maillot gorria gurpilean zuen. Hirugarrengoan, ordea, atzean utzi du. Helmugarako bi kilometro baino gutxiago falta zirela egin du ihes Roglicek Enric Masekin (Movistar) batera. Bien artean jokatu dute etapa, eta Roglicek erakutsi du Vuelta honetako ziklistarik indartsuena dela. Hirugarren postuan, hamalau segundora iritsi da Mikel Landa (Soudal).
Roglicek eta Masek azken kilometroan harrapatu dute ihesalditik gehien iraun duena, Harold Tejada (Astana). Gaurkoan ez da aurreko egunetan bezain erraza izan ihesaldia osatzea. Helmugara iritsi zitekeela jakitun, maila handiko ziklistak saiatu dira pelotoitik alde egiten. Azkenean, zazpi txirrindularik osatu dute eguneko ihesaldia; tartean ziren Oier Lazkano (Movistar) gasteiztarra eta Ion Izagirre (Cofidis) ormaiztegiarra. Txirrindulari onak zeuden aurrean, baina, Israel taldearen lanari esker, tropelak asko murriztu diete abantaila; azken 15 kilometroetara 1.40ren aldearekin iritsi dira. Orduan mugitu da Lazkano, eta zazpiko taldea hirukote bihurtu da. Lazkano, Tejada eta Luca Vergallito (Alpecin) geratu dira buruan. Izagirrek ezin izan die segitu.
Azken mendateari ekin aurretik, helmugarako bost kilometroren faltan, 1.15ren aldea zuten pelotoiarekiko. Tejada mugitu da, baina Lazkanok eutsi egin dio. Pelotoian, ordea, Bora jarri da buruan Cazorlako igoera hasterako. Eta azpi-azpitik mugitu da Roglic. Behin, birritan eta, azkenean, hirugarrengo erasoan lortu du elastiko gorridun O'Connor atzean uztea. Ordurako Tejada bakarrik zen buruan, baina hura ere azken kilometroan harrapatu dute.
Helmugan, Roglicek erraz gainditu du Mas, Vuelta honetako bigarren etapa garaipena lortu du, eta 46 segundoren aldea atera dio liderrari. Horri gehitu behar zaio etapa irabazleari ematen dioten 10 segundoko gainsaria. Beraz, guztira, esloveniarrak 56 segundo kendu dizkio australiarrari. Orain, nagusian, O'Connorrek 3.49 ateratzen dio Roglici. Landa bosgarren postuan dago, 5.13ra. Gaurko galtzaile nagusia Joao Almeida (UAE) izan da. Nagusian hirugarren tokian zen, baina, gaur, ia bost minutu galdu ditu. Horrela, UAE taldea elastiko gorria irabazteko hautagairik gabe geratu da.
Bihar aurtengo Vueltako etaparik gogorrenetakoa egin beharko dute. Ia 180 kilometroko ibilbidea osatuko dute Motril eta Granada artean. Lehen zatian etengabe arituko dira goraka, eta, amaieran, lehen mailako hiru mendate kateatuko dituzte Sierra Nevada mendigunean: lehenik, El Purche, eta, gero, Hazallanas bi aldiz. Azken horrek 7 kilometro ditu, eta %9,5eko pendiza. Haren gainetik 25 kilometro baino gutxiago geratuko zaizkie helmugarako, gehienak beheraka.
Gazteak, indartsu
Espainiako Vuelta lehiatzen ari diren bitartean, beste zenbait lasterketa ere ari dira egiten; tartean, Etorkizunekoen Tourra. Lasterketa hori da, 23 urtez azpiko mailan, urteko itzulirik garrantzitsuena. Gaur amaitu da itzulia ,eta, sailkapen nagusian, hirugarren postuan amaitu du Eneritz Vadillo gorliztarrak. Laboral Kutxako txirrindularia Espainiako selekzioarekin aritu da itzuli horretan, eta egunez egun gora egin du sailkapenean.
A ze arratsaldea 😍
— Euskadiko Txirrindularitza Federazioa (@ETXFed) August 24, 2024
🥈 Izaro Etxarri Aranburu Munduko 🌈 azpitxapelduna puntuaketa proban
🥉 Eneritz Vadillo Crespok hirugarren postua lortu du Etorkizuneko Tourreko sailkapen nagusian
🏟 Eñaut Urkaregi Sanz 5️⃣. sailkatu da Munduko Txapelketetako Omniumean.
👏🏼 ZORIONAK! pic.twitter.com/L2KEaiwN6l
Gaurko etapa Colle delle Finestren mendate entzutetsuan amaitu da; Italiako giroan behin baino gehiagotan igaro duten igoeran. Hara laugarren postuan iritsi da Vadillo, eta, azkenean, sailkapen nagusiko podiumera igo da. Laboral Kutxan taldekidea duen Idoia Eraso ere aritu da lasterketa horretan, eta hemeretzigarren lekuan amaitu du.
Horrez gain, Luoyangen (Txina), Junior mailako pistako Munduko Txapelketak jokatzen ari dira. Han ere emaitza onak lortu dituzte euskal herritarrek. Izaro Etxarri adunarrak zilarrezko domina lortu du puntuazio proban, eta Eñaut Urkaregi larrauldarra bosgarren izan da omniumean. Gainera, joan den asteazkenean, taldekako jazarpenean, zilarrezko domina lortu zuen Ellande Larronde saratarrak.
VUELTAKO SAILKAPENAK
Zortzigarren etapa
1. Primoz Roglic (Bora) 3.38.34
2. Enric Mas (Movistar) d.b.
3. Mikel Landa (Soudal) 14ra
4. Antonio Tiberi (Bahrain) 17ra
5. Mattias Skjelmose (Lidl) 21era
6. Carlos Rodriguez (Ineos) d.b.
7. Harold Tejada (Astana) 24ra
8. Edward Dunbar (Jayco) 26ra
9. Lennert van Eetvelt (Lotto) 29ra
10. Jack Haig (Bahrain) d.b.
Nagusia
1. Ben O’Connor (Decathlon) 31.23.27
2. Primoz Roglic (Bora) 3.49ra
3. Enric Mas (Movistar) 4.31ra
4. Antonio Tiberi (Bahrain) 5.00ra
5. MikelLanda (Soudal) 5.13ra
6. Lennert van Eetvelt (Lotto) 5.15era
7. Cristian Rodriguez (Arkea) 5.19ra
8. Mattias Sjkelmose (Lidl) 5.24ra
9. Florian Lipowitz (Bora) 5.25era
10. Felix Gall (Decathlon) 5.26ra