Robinson fitxatuta, taldea osatu du Gipuzkoa Basketek

Bilbo Basketek pibot bat nahi du, eta baliteke Laboral Kutxak bi fitxaketa egitea; Xengeila izan daiteke lehena

2013ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Jason Robinson hegalekoa fitxatu du Gipuzkoa Basketek denboraldi honetarako. Hortaz, Sito Alonsok ezagutzen ditu heldu den sasoian izango dituen hamar jokalariak. Robinson esperientziadun jokalaria da —33 urte ditu—, eta ACB liga ezagutzen du. Bi sasoi egin zituen Valladoliden (2010-2011 eta 2011-2012), eta maila ona eman zuen. Argentinako ligan denboraldi bat egin ondoren, ACB ligara itzuli zen iragan sasoian, Valentziarekin jokatzeko. Hegaleko indartsua da —1,96 metro da luze, eta 101 kilogramo pisatzen du—, baina azkarra da, eta horrek jokalari oso bilakatzen du. Eskolta gisa ere joka dezake. Jaurtiketetan ongi moldatzen da, eta buruz buruko joko ona du.

Taldea osatu beharrean

Bilbo Basketek eta Laboral Kutxak ez dute oraindik taldea osatu, eta fitxaketak espero dira datozen egunotan. Bizkaitarrek pibot bat nahi dute, eta Rafa Pueyo Bilbo Basketeko entrenatzaileak, aste honetan irits daitekeela esan zuen atzo. «Defentsa lanean erreferentzia izango den jokalari bat nahi dugu. Fitxaketan asmatzen badugu, lehen zortzien artean amai dezakegu». Gasper Vidmar esloveniarra izan daiteke.

Laboral Kuxari dagokionez, baliteke oraindik fitxaketa bat edo bi egitea. Tornike Xengeila izan daiteke iristen lehena. Georgiarrak Brooklyn Netsekin beste urtebeterako kontratua du, baina bertan minutu gutxi izan ditu. 22 urte besterik ez du, eta 2,03 metro luze da. Maila handiko jokalaria da, izarra izatera deitua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.