Urte berean bi kapitainek, bi erreferentek utzi dute Osasuna. Oier Sanjurjok udan esan zion agur bere bihotzeko klubari, eta urtarrilaren 1etik aurrera Roberto Torresek ere (Arre, Nafarroa, 1989) utzi egingo dio Osasunako jokalari izateari, bi aldeak kontratua eteteko akordio batera iritsi ostean. Hala, litekeena da Arnedoren aurka Kopan jokatutako neurketa izatea elastiko gorritxoarekin jokatu duen azkena.
Arreko magoak hemezortzi denboraldi egin ditu klubean, eta hamabi denboraldiz aritu da lehen taldean, 2011n Malagaren aurka La Rosaleda futbol zelaian debuta egin zuenetik. Azken bi denboraldietan haren parte hartzeak nabarmen behera egin badu ere —Ligan bederatzi minutu jokatu ditu sasoi honetan—, klubaren historiako jokalari garrantzitsuenetako baten gisara esango du agur. Izan ere, elastiko gorritxoa aldi gehien jantzi duten jokalarien zerrendan zazpigarrena da, 353 neurketa jokatuta, eta Osasunaren historiako golegilerik handienetan seigarrena da, 60 gol sartuta. Datu nabarmenak.
Golegile eta kapitain ez ezik, zelaiko liderra izan da urte askoan. Nabarmentzekoak dira 2015-2016ko eta 2018-2019ko denboraldiak, Bigarren Mailan. Bietan, Osasunak Lehen Mailara igotzea lortu zuen, eta Arrekoak hamabi gol sartu zituen denboraldi bakoitzean. Estrategia jokaldietan eta erdiraketetan maisua, duen teknika apartagatik gogoratuko dute Arreko jokalaria.
Urtarrilaren 1ean egingo diote agur ekitaldi eta omenaldia Sadarren, ateak irekita. Jokalariak ez du oraindik argitu non jokatuko duen aurrerantzean.