Osasuna

Roberto Torres kapitainari agur esan diote zaleek eta taldekideek, Sadarren

Nabarmendu dute aurrelariak 352 partida jokatu dituela Osasunarekin eta goleatzaile nagusietako bat izan dela.

Roberto Torres agurtzeko ekitaldia, gaur, Sadarren. JESUS DIGES / EFE
2023ko urtarrilaren 1a
16:28
Entzun

Omenaldia egin diote gaur goizean Roberto Torres Osasunako jokalariari, Iruñeko Sadar estadioan. Zale eta taldekide ohi ugari bildu dira zelaian, Torresi txalo jotzeko. Ostegunean iragarri zuten kapitainak ez zuela jarraituko klubean, lehen taldean hamabi denboraldi jokatu ostean.

Gaurko ekitaldian adierazi duenez, 2011. urtean debutatu zuenean ez zuen espero azkeneko egunean esan ahal izatea «amets guztiak bete» egin dituela. Izan ere, duela 18 urte hasi zen Torres klubean, gazte-gaztetatik. Gaineratu du amets horien artean zeudela «Patxi Puñal jaunaren» 10. zenbakia hartzea eta kapitain bihurtzea.

Arreko magoa ezizena irabazi du Torresek, elastiko horrekin, eta klubaren historiako jokalaririk garrantzitsuenetako bat izatera heldu da, zazpigarrena baita partida gehien jokatu duen jokalarien zerrendan, 353 neurketarekin. Aurrelari postuan nabarmendu da, hirurogei gol sartu baititu, eta golegilerik handienetan seigarrena da.

Eskerrak eman dizkie jokalariak senide, taldekide eta zaleei. «Une zoragarriak bizi izan ditugu. Baina nabarmendu nahi nuke gauzak ondo ez zihoazenean eredugarriak izan zaretela. Horrek gainerakoengandik bereizten zaituzte, eta espero dut zuek hori inoiz ez galtzea».

Torresen ibilbidean nabarmentzekoak dira Bigarren Mailan egindako 2015-2016ko eta 2018-2019ko denboraldiak. Bietan, Osasuna Lehen Mailara igotzea lortu zuen, eta, hein handi batean, Torresen lidergoari esker: hamabi gol sartu zituen sasoi bakoitzean. Lehen Mailan ere hiru aldiz lortu du denboraldi batean zazpi gol sartzera heltzea.

Futbolaririk onenetako bat

Osasunako presidente Luis Sabalzak hartu du parte gaurko omenaldian, eta adierazi du Torres taldearen azkeneko urteetako «futbolaririk onenetako bat» izan dela. «Zu gabe, Osasunak ez luke edukiko gaur duen osasuna. Atzera begira dezakezu, eta utzitako ondareaz harro egon».

Aldeek oraindik ez dute azaldu zergatik utzi duen Torresek, ezta nora joango den. Baina esan dute bi aldeak kontratua eteteko akordio batera iritsi zirela.

Urte berean bi kapitain galdu ditu Osasunak: Oier Sanjurjok udan esan zion agur bere bihotzeko klubari. Zipreko AEK Larnakarekin sinatu zuen, urtebeterako kontratua sinatuta. «Niretzat ez zutela tokirik esateak harritu ninduen», adierazi zion BERRIAri udan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.