Futbola

Roberto Olabek Reala utziko du sasoi amaieran

Hala iragarri du gaur goizean Ingalaterrako 'The Athletic' egunkariak, eta handik ordu gutxira baieztatu du klubak. Erik Bretos izango da haren ordezkoa.

Roberto Olabe Realeko futbol zuzendaria, artxiboko irudi batean. REALA.
Roberto Olabe Realeko futbol zuzendaria, artxiboko irudi batean. REALA.
Beñat Mujika Telleria.
2024ko azaroaren 13a
12:25
Entzun

Roberto Olabek Realeko futbol zuzendariaren kargua utziko du denboraldi amaieran. Ingalaterrako The Athletic egunkariak zabaldu du albistea, eta handik ordu gutxira baieztatu du albistea Realak. Ingalaterrako egunkariaren arabera, kontratua 2026ra arte zeukan arren, Olabek iragan udan eman zion albistearen berri Jokin Aperribai presidenteari, egin beharreko lana amaitu duela iritzita. Albistea baieztatzeaz gain, Realak adierazi du haren ordezkoa Erik Bretos izango dela. Orain arte Realaren Futbol Profesionalaren eta Scouting Taldearen arduraduna izan da. Olabek prentsaurrekoa egingo du bihar, Anoetan, 10:00etan.

Realean ez dute aste lasairik izan azken hilabeteetan. Emaitza txarrak izan ziren lehendabizi, baina selekzioen geldialdian lehen taldeko ia jokalaririk gabe gelditzeak eta Espainiako Kopako lehen kanporaketa eten horietako batean izateak hainbat buruhauste sortu ditu klubean. Gaur, ordea, espero ez zen albiste batek hautsak harrotu ditu Donostia aldean. Roberto Olabe futbol zuzendariak Reala utziko du denboraldi honen amaieran. Realaren aro berriaren arkitektoak 2026ra arte sinatu zuen kontratua Realarekin, baina, egin beharreko lana eginda dagoela iritzita, kluba uztea erabaki du.

Testu labur batekin iragarri du albistea Realak bere sare sozialetan: «Roberto Olabek, Realeko Futbol Zuzendariak, jakinarazi du ez duela gure klubean jarraituko denboraldia amaitzean. Ordura arte, bere eginkizunak betetzen jarraituko du. Roberto Olabek prentsaurrekoa emango du bihar, 10:00etan, Reale Arenan». Klubak mezu berean jakinarazi du Bretosek hartuko duela gasteiztarraren lekua.

Hiru aro

Olabek hiru aldi egin ditu Realeko kirol zuzendaritzan. Baina azken hau izan da loriatsuena. Lehenbizikoa 2001-2002ko denboraldiaren amaieran izan zen, eta 2005era arte egon zen karguan. Orduan hauteskundeak izan ziren talde txuri-urdinean. Miguel Fuentes izan zen garailea, eta Olabek ez zuen jarraitu ardura karguan. 2016an, Qatarko Aspire akademian zegoela, Jokin Aperribai presidenteak deitu zion, eta Realeko futbol zuzendari izateko proposatu. Artean, Lorenzo Juarros Loren zen kirol zuzendaria, eta haren aginduetara egingo zuen lan. Proposamena onartu, baina urtebete eskas egon zen lan horretan. «Arrazoi pertsonalengatik» utzi zuen kargua, eta Independiente del Valle taldera joan zen handik gutxira, estrategia arduradun aritzera.

Roberto Olabe 2003an, Realean izan zuen lehen etapan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Roberto Olabe 2003an, Realean izan zuen lehen etapan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Azkenerako, 2018ko martxoan iritsi zen azken aldi honen hasiera. Garai hartan ere, Loren zen kirol zuzendaria; eta hura eta Eusebio Sacristan entrenatzailea kargutik kendu zituen Realak. Orduan deitu zion berriro ere Aperribaik futbol zuzendari aritzea eskaintzeko. Orain, zazpigarren denboraldia abiatu berri du Realarekin, eta orain arte loria dastatu dute txuri-urdinek Olaberekin. Denbora horretan, hainbat lorpen izan ditu Realak: gizonezkoen taldeak Espainiako Kopa bat irabazi du, eta bost aldiz sailkatu da Europarako; lau aldiz Europa Ligarako, eta behin Txapeldunen Ligarako. Emakumezkoen taldeak, berriz, Espainiako Kopako bi final jokatu ditu, eta horietako bat irabazi, eta Txapeldunen Liga jokatzeko kanporaketak ere jokatu zituen, Bayern Munichen aurka. 

Olaberen aroak baditu izen propioak ere. Imanol Alguacil, Gonzalo Arconada eta Natalia Arroyo izan dira Olaberen estiloa ezartzeaz arduratu direnak, lehena gizonezkoen egituran, eta Arconada eta Arroyo emakumezkoenean. Hainbat jokalari ere nabarmendu behar dira fitxaketen artean. Utzita aritu diren batzuk –Martin Odegaard, Alexander Sorloth, Nayef Aguerd...– eta Realaren azken urteetako bizkarrezurraren parte izan diren beste hainbat fitxaketa; besteak beste, Mikel Merino, Alex Remiro, David Silva eta Alexander Isak. Azken hori Realaren historiako salmenta garestiena bilakatu zen; Newcastlek 70 milioi euro ordaindu zizkion Realari. Baina ez da bakarra izan. Realak inoiz egin dituen lau salmenta garestienak —Robin Le Normand Atletico Madrilera, Mikel Merino Arsenalera eta Alvaro Odriozola Real Madrilera— azken zazpi urteetan izan dira, Roberto Olabe futbol zuzendari zela.

Bretos, jarraipena emateko

Bretos izango da Olaberen oinordekoa. Orain arte, Olaberen alboan egin du ibilbidea Realean, eta gasteiztarraren erabakiaren berri zabaldu orduko adierazi du Realak haren ordezkoaren izena. Hortaz, orain arte Olaberen itzalean egon denak hartuko ditu bere gain kirol arloko arduradun nagusiaren lanak datorren denboralditik aurrera. Erabaki hori hartuta, Bretosenganako konfiantza duela erakusteaz gain, Realak argi utzi du pozik dagoela klubak orain arte egindako ibilbidearekin. Egituran egindako lanaz gain, joko erakargarrian, jokalari gazteengan eta harrobiko jokalarien hazkuntzan oinarritu da Olaberen Reala, eta, orain, Bretosi egokituko zaio horri jarraipena ematea.

Erik Bretos, eskuinean, Lorenzo Juarrosen eta David Moyesen ondoan, 2015ean.
Erik Bretos, eskuinean, Lorenzo Juarrosen eta David Moyesen ondoan, 2015ean. ANDONI CANELLADA / FOKU

Bretos Realaren Futbol Profesionalaren eta Scouting Taldearen arduraduna izan da orain arte. Baina ez da ordenagailu aurrean bakarrik aritu. Realarentzat interesgarri izan zitezkeen jokalariak zuzenean ikuskatzeaz arduratu da, eta hainbat fitxaketaren operazioak ere berak abiatu ditu, nahiz eta operazioak ixtearen ardura Olaberena zen. Hemendik aurrera, ordea, erabakirik garrantzitsuenak donostiarraren esku egongo dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.