Reala

Olabe: «Nekeak eraginda hartu dut erabakia»

Realeko futbol zuzendariak ez du bere lanaren balantzerik egin nahi izan, eta denboraldi amaiera bitartean «erronka ugari» dituztela nabarmendu du.

Roberto Olabe Realeko futbol zuzendaria prentsa aretoan. GORKA RUBIO / FOKU
Roberto Olabe, Anoetako prentsa aretoan. GORKA RUBIO / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
Donostia
2024ko azaroaren 14a
11:35
Entzun

Ikusmin handia piztu du Roberto Olabe Realeko kirol zuzendariaren agurrak. Azken orduan sortutako kontua izaki, inor gutxik espero zuen, eta lepo bete da Anoetako prentsa aretoa. Argi utzi nahi izan du bere agurraren erabakiak ez duela zer ikusirik Imanol Alguacil teknikariarekin daukan harremanarekin, ezta beste klub batera joatearekin ere. Bere buruaren inguruan hitz egitea «zail» egiten zaiola onartu du, eta ez du egin nahi izan orain arteko lanaren balantzerik: «Nire etapa ez da amaitu Realean. Ekaina iritsi arte hemen jarraituko dut, Realarekin ilusioa eta konpromisoa baitaukat». Erabakia «nekeak» eraginda hartu du.

Erabakia «sakona», baina aldi berean «ardura handiz hartutakoa» izan dela nabarmendu du Olabek. Iragan denboraldia amaitu zenean hartu zuen, eta orduan jakinarazi zion Jokin Aperribai presidenteari. «Zikloak hasi eta amaitu egiten dira…Ekainean Jokinekin hitz egin nuen, eta kluba uzteko asmoa neukala adierazi nion. Denborarekin egin beharreko gauza zela uste nuen, eta horregatik egongo naiz hemen datorren ekainera arte. Uda ez zen erraza izan behar, eta oraindik gauza asko genituen egiteke proiektua berriro sendotzeko», argitu du.

Hasieratik azpimarratu du prentsaurrekoa ez zela inor agurtzeko eguna, baina eskerrak eman nahi izan dizkio Aperribai presidenteari zein Realari. «Eskerrak eman nahi dizkiot Realari, klub ausarta delako; konfiantza baitu pertsonengan eta haien gaitasunean. Bereziki Jokini eta Administrazio Kontseiluari, nirekin izan duten eta oraindik ere erakusten didaten konfiantzagatik».

Reala uzteko arrazoiengatik galdetu diote prentsaurrekoan, eta «akidura» hitza errepikatu du gehien. «Ez dago arrazoi zehatzik. Zure lana asteko zazpi egunetan eta 24 orduz bizitzen duzunean, akidura oso handia da. Epe ertainera eta epe luzera begiratu behar duzu, eta, horretarako, freskotasuna behar izaten da. Nekeak ez dizu laguntzen begiradarik onena izaten aurrerantzean ere honen parte izateko, eta, nire ustez, pertsonek iraungitze data bat dute proiektuek bizirik jarrai dezaten; horretarako, pertsona berriak behar dira, aurrera begiratzen lagunduko dutenak».

«Ez dago arrazoi zehatzik [kargua uzteko]. Zure lana asteko zazpi egunetan eta 24 orduz bizitzen duzunean, akidura oso handia da»

ROBERTO OLABERealeko kirol zuzendaria

Azken hilabeteetan askotan jarri da zalantzan Olaberen eta Imanolen arteko harremana, baina argi utzi nahi izan du horrek ez duela zer ikusirik erabakiarekin: «Ni ez noa lanera, ez lagunak egitera, ez etsaiak egitera. Askotan, Imanolek eta biok ez dugu gauza bera pentsatzen, baina hor dago aberastasuna. Pentsamendu kritikoarekin hobekuntza lortzen da, iritzi horren atzean dagoena bilatzen baita. Imanolen eta nire arteko harremana profesionala da, eredu eta estilo baten aldeko begirada eta konpromiso bera dugu. Finean, entrenatzaileak dira proiektuari distira ematen dioten elementuak».

Erik Bretosen inguruan ere mintzatu da. Adierazi duenez, ez da bere erabakia izan, baizik eta klubarena. «Oso bizirik dagoen eta hazteko aukera duen proiektu honetan lanean jarraitzeko trantsizio natural logikoa eta koherentea sortzea erabaki du klubak», nabarmendu du. Gainera, Bretos erronka horri aurre egiteko «prest» dagoela esan du: «Erik etxekoa da; bokaziozko pertsona bat da. Interes handia duena. Realekoa da, eta hori ere garrantzitsua da. Harro nago Realak erabaki hori hartu duelako. Klubak etxeko norbaiten aldeko apustua egin baitu berriro. Oso prestatuta dago, eta zentzua emango dio proiektuari bere izaerarekin. Onena opa diot, Realarentzat ere onena izango baita hori. Realak, eta Realak daukan ereduak, klubak behetik nola funtzionatzen duen ulertuko duten kudeatzaileak behar ditu. Eta prest dago horretarako».

Zubietako eredua

Olabek bere estiloa ezarri zuen Zubietan 2018an iritsi zenean; alegia, Realean abiatu zuen hirugarren aroan. Reala eredu horrekin hazi dela ikusita, «harrotasuna» sentitzen duela adierazi du futbol zuzendariak: «Harro nago proiektu honen parte izateaz. Harro nago garai batean eman genituen lehen pausoez, eta egiturari dagokionez denok batera garatu dugunaz». Gainera, «kanpotik jasotzen diren iritziek» ere harro sentiarazten dutela esan du: «Zubietan hezitako hainbat jokalari daude futbol profesionalean, eta harrotasuna sentitzen dut beste teknikari batzuek Zubietatik ateratzen diren jokalarien lanari balioa emateko deitzen digutenean. Hori ere Zubietan egiten den garapen prozesuaren parte da… Reala ez da saiatzen gazteen errendimendua ahalik eta azkarren irits dadin, ahalik eta onena izan dadin baizik».

Hiru aro egin ditu Realean, baina kluba utzi duen aurreko bi aldietan, itzuli egin da. Adierazi duenez, ez daki laugarren aro bat izango ote duen edo ez, baina hemendik ekainera bitartean egin beharreko lanean murgildu nahi duela azpimarratu du behin eta berriro: «Ekainera bitartean nire klubaz gozatu nahi dut; helburuak bete daitezela, eta agian helburuak ez diren gauza ederrak irits daitezela. Reala nire kluba da, sentitzen dudan kluba, eta gaur defendatzen ditudan prozesuak ulertzen lagundu didan kluba. Ez dakit zer gertatuko den etorkizunean, eta ezin dut esan ez naizela inoiz itzuliko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.