Reala

Roberto Olabe: «Realak beldurra galdu dio irabazteari buruz hitz egiteari»

Realeko futbol zuzendariak prentsa agerraldia egin du, eta txuri-urdinen egoeraren berri eman du. Aurretik dituzten erronkak «gogorrak baina liluragarriak» direla adierazi du.

(ID_17068809283435) ROBERTO OLABE
Roberto Olabe Anoetako aretoetako batean
Beñat Mujika Telleria.
Donostia
2024ko otsailaren 2a
18:00
Entzun

Prentsa agerraldia egin du Realeko futbol zuzendari Roberto Olabek, Realaren egoeraren inguruan hitz egiteko. Ohikoak izaten dira haren agerraldiak sasoi hasieran, neguko merkatua amaitutakoan eta sasoia amaitutakoan. Gizonezkoen lehen taldeaz mintzatu da gehienbat, eta aitortu du aurretik dituzten erronkak «gogorrak baina liluragarriak» direla. Jokalari garrantzitsuen kontratuak, PSGren eta Mallorcaren aurkako kanporaketak, neguko merkatua eta klubaren egoera izan ditu hizpide.

Erronka eta ilusioa. Hori izan da Realeko futbol zuzendariak gehien errepikatu dituen hitzak. Ez da gutxiagorako. Realak partida asko jokatuko ditu otsailean, eta etorkizunari begira garrantzitsuak izan daitezkeenak. Ligak ematen dio jaten klub bati, baina zale guztien begiradapean daude Espainiako Kopako finalerdietako kanporaketa eta Txapeldunen Ligako final-zortzirenetakoa. Ez zaleenean bakarrik, Olabek ere anbizioa erakutsi du: «Hilabete oso gogorra izango da, baina ilusio handiz ekingo diogu. Garaipenak lortu nahi ditugu, baina hazten jarraitzeko aukera eta erronka ere bada aurrean daukaguna».

Oso gogoko izaten du Olabek proiektuari buruz hitz egitean denborei eta prozesuei buruz hitz egitea. Gaurkoan ere hala egin du. Imanolek Realean egin zuen lehenengo denboraldi osoari erreparatu dio [2019-2020], eta oraingoarekin alderatu du. «Garai hartan ez genuen Europan jokatzen, eta Espainiako Kopa baliatu nahi izan genuen ikusteko ea astean bi partida jokatzeko gai ginen. Otsailean partida asko jokatu genituen Kopan eta ligan, eta nahi genuenerako prestatzen aritu ginen. Orain partida asko jokatuko ditugu, baina erakutsi dugu nahi genuen hori lortu dugula».

Donostiarrek dauzkaten erronkei aurre egiteko, laguntza eskatu die zaleei eta Realaren ingurua osatzen duten guztiei. «Gogorra izango da, baina ilusioz beterik gaude. Aurkaria errespetatuz, baina ilusio handiz». Hala ere, adierazi du oinak lurrean eduki behar dituztela: «Gure ereduan eta nortasunean oinarrituta, nahi dugun kluba eraikitzen ari gara, eta aurrera egin nahi dugu. Emaitzak hobeak edo okerragoak izan daitezke, baina gertatzen dena gertatzen dela, ez da ezer amaituko. Nortasun jakin bat daukagu, eta jokoak emaitzak lortzen eta zaleekin konektatzen lagunduko digu».

Dena den, futbol zuzendariak aho bizarrik gabe hitz egin du irabazi nahiari buruz: «Klubak beldurra galdu dio irabazteari buruz hitz egiteari. Apaltasunez beti. Baina denok diogu irabazi nahi dugula; jokalariek, entrenatzaileak, kirol zuzendaritzak eta presidenteak. Ez dugu espektatiba bat sortu nahi, baizik eta horra iristeko lan egin. Ohitura sanoa dugu partida bakoitza irabazi nahi izateko, eta txapelketa bakoitzean hazten jarraitzeko, horietako bakar bat ere baztertu gabe».

PSGren kanporaketak piztu du Donostian ilusiorik handiena. Olabek, baina, lasaitasuna adierazi du partida horretarako: «Jendeari ezin zaio ilusioa kendu, eta bakoitzak nahi duen bezala bizitzen du horrelako kanporaketa handi bat. Baina guk ilusio hori kudeatu behar dugu, Paris oraindik ez baita iritsi. Erronka horietarako hobekien prestatzen zaituena egutegia errespetatzea da. Mallorca errespetatu behar da lehendabizi, PSGren gainetik».

Merkatua eta kontratuak

Txuri-urdinen futbol zuzendariak ez du gogoko izaten klubeko jokalariengatik iritsi diren eskaintzei buruz hitz egitea, eta gaurkoan ere hala izan da: «Klubek gure jokalarien inguruan galdetu dute, baina ez da proposamen ofizialik egin. Jokalariek egunerokoa ikusten dute Realean, eta klubaren erronkekin ilusioa dute». Kontratua amaituko zaienei buruz, berriz, zaleen artean bolo-bolo dabil jokalari bat: Mikel Merino. Olabek lasaitasuna erakutsi du. «Gauza bakoitzak bere denbora behar du, eta ez nago kezkatuta. Beste norbait izango balitz agian bai, baina Mikelekin ez».

Emakumezkoen taldeari dagokionez, Natalia Arroyo prestatzaileari kontratua amaituko zaio ekainean, eta oraindik ez dago haren etorkizunaren gaineko erabakirik. «Ondo ari gara lehiatzen, eta sentsazioak hartzen ari gara. Proiektu egonkor bat nahi badugu, garrantzitsua da entrenatzaileetan ere egonkortasuna egotea, eta Nataliak lau urte daramatza postu horretan. Natalia eta Reala ziklo baten erdian gaude, eta guztion artean erabaki behar dugu ziklo honek nora garamatzan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.