Mugimendu handia izango da udan Zubietako bulegoetan. Reala beste urtebetez sailkatu da Europa ligarako, eta denboraldiko helburuak bete ditu. Roberto Olabek prentsaurrekoa egin du Anoetako Keler espazioan, Iraganari eta etorkizunari begiratzeko. Ia bi orduz aritu da hizketan, eta hainbat gai jorratu ditu. Adibidez, gizonezkoen taldeko jokalaririk garrantzitsuenen egoera, utzita aritu diren jokalarien etorkizuna, fitxaketak, eta emakumezkoen taldearen entrenatzaile aldaketa. Era berean, Zubietan egiten den lana goraipatu du: «Presidenteak esaten duen bezala, gure helburua da munduko onenak izatea astelehenetik ostiralera. Horrekin identifikatzen gara».
Balantzea
Helburuak betetzearen poza
Denboraldiaren balantzea egiteko garaian, «asebeteta» dagoela onartu du Olabek: «Ezin gara ezkutatu. Gure helburua urtero Europan jokatzea da, eta asebeteta gaude hori lortuta». Iragan otsailean nabarmendu zuen Realak «irabazteari buruz hitz egiteari beldurra galdu» diola, eta oraingoan ere ildo beretik jardun du: «Helburua urtero Europan jokatzea da, baina, horrekin batera, badaude beste xede batzuk, hala nola klubaren eredua edo gauzak egiteko era. Eta horrekin harro gaude, irabazi ala galdu. Finean, bi aukera ditugu: orain arte lortutakoari begiratu, edo datorrenari aurre egin».
Autokritika egiteko tarte txiki bat ere izan du. Neguan egindako agerraldian aipatu zuen «ilusio handiko martxoa» zetorkiela. Reala Txapeldunen Ligako final-zortzirenak jokatzeko sailkatuta zegoen. Baita Espainiako Kopako finalerdiak jokatzeko ere. Bietatik kaleratu zuten, ordea. «Urte berezia izan da. Martxoan denetarik lortzeko aukera genuen, eta, izan zitekeenarekin alderatuta, dezepzio puntu bat ere sentitu genuen. Ez da albiste txarra, horrek esan nahi baitu itxaropen handia daukagula gure taldean. Baina erlatibizatu egin behar da. Jokalariek heldutasun handia erakutsi dute».
Erreferentziazko jokalariak
Dena airean dago
«Gezurra esango nizuke esango banu ez nauela kezkatzen». Hala aitortu du Olabek kazetariek Mikel Merinoren inguruan galdetu diotenean. Nafarrari datorren urteko ekainean amaituko zaio kontratua, eta klubaren helburu nagusietako bat kontratu hori berritzea da. Ez da erraza izango, ordea, klub handi askoren gustagarri baita erdilaria. Gainera, Eurokopa dago tartean, eta horrek are gehiago zaildu du dena. «Ekainean gaude, eta ez dugu kontratua berritzea lortu. Guk Mikelen laguntza izan nahi dugu aurrerantzean ere, eta berak badaki». Hala ere, jokalaria ulertzen duela adierazi du Olabek, Merinok daukan adinagatik erabakia hartzeko orduan «bizitza proiektuari» erreparatu behar baitio, futbolari baino gehiago. «Elkarrekin bizitakoagatik, denbora merezi du erabakia hartzeko. Ez dut uste ekonomia kontua denik, ez eta joatea pentsatu duenik ere. Oraindik Realari asko eman behar diola ikusarazi nahi diogu, eta konbentzitzen saiatzen ari gara».
Beste talde batzuen eskaintzak izan ditzaketen beste bi jokalari dira Robin Le Normand eta Martin Zubimendi. Azken asteetan, Atletico Madrilek Le Normand fitxatu nahi duela argitaratu dute Espainiako egunkari batzuek. Olabek argitu du ez dutela Atletico Madrilen eskaintzarik jaso: «Realak ez du Atletico Madrilen eskaintzarik jaso, eta nik ez dut haiekin hitz egin». Horren harira, nabarmendu du Realak etorkizun oparoa daukala, eta hori jokalariei ikusarazten ari direla: «Klubak denbora asko darama jokalariei ikusarazi nahian oraindik erronka asko daudela».
Fitxaketak
Ezker hegala, behintzat
Fitxaketa argi bakarra ezker hegalean dagoela aitortu du txuri-urdinen futbol zuzendariak: «Atzeko lerroan aritzeko ezker hegaleko jokalari bat fitxatu behar dugu. Pozik gaude ikusita Aihen nola osatzen ari den, baina indartu beharreko postua da. Hegaleko aurrelari bat fitxatu edo ez erabaki behar dugu oraindik, eta beste jokalari batzuekin bildu egin behar dugu. Bi aldeek zer nahi dugun ikusi behar dugu».
Aurrelarien kasua da entzutetsuena. Olabek aitortu du Sadiqek ez duela eduki nahi zuten errendimendua, eta erantsi du jokalariak berak ere adierazi diela «asko sufritu duela». Carlos Fernandezen kasua desberdina da, Realera etorri zenetik osasun arazo ugari izan baititu. Haiei eta Andre Silvari —utzita aritu da— kritika ugari egin dizkiete, baina haien aldeko hitzak izan ditu Olabek: «Realean aurrelari jokatzea ez da erraza, entrenatzailearen eskakizunengatik. Baina gure joko eredua eraginkorra da goiko presioan egiten den lanagatik. Datorren denboraldiko helburuetako bat da azken metroetako jokaldietan hobetzea. Baina, horretarako, gure jokalariak zaindu nahi ditut, eta gure gaur egungo aurrelariak Mikel Oiartzabal, Sadiq eta Carlos Fernandez dira».
Klubean utzita aritu diren jokalariei eskerrak emateko ere baliatu du unea txuri-urdinen futbol zuzendariak. Hori izan da Andre Silvaren, Kieran Tierneyren eta Javi Galanen kasua. «Hobeak izaten lagundu digute», adierazi du Olabek. Denboraldia amaituta, bakoitza bere taldera itzuliko da. Hala ere, aitortu du Galan dela ezker hegaleko defentsan dagoen hutsunea betetzeko hautagaietako bat.
Realak beste taldeetan utzita aritu diren jokalariez ere aritu da Olabe. Bost jokalari aritu dira Realak utzita: Jonathan Gomez, Jon Karrikaburu, Roberto Navarro, Alex Sola eta Roberto Lopez. «Denek egingo dute denboraldiaurrea taldearekin batera. Ez dakit zein izango den azken erabakia. Imanolen esku egongo da erabakiaren parte handi bat».
Aro aldaketa
Natalia Arroyori aitortza
Hizketan hasi eta berehala oroitu da futbol zuzendaria Natalia Arroyorekin. Ez du kataluniarrari eskerrak emateko aukera galdu, duela lau urte zeukaten helburua bete baitute: «Gurea klub egonkorra da, jokalariek urteak egiten baitituzte hemen. Horregatik, garrantzitsua zen aulkietan ere egonkortasuna lortzea». Olaberen hitzetan, Arroyok Realean egin dituen lau urteak «bikainak» izan dira, eta «gozarazi» egin dietela nabarmendu du. «Finalak eta Txapeldunen Liga jokatu ditu taldeak, baina, batez ere, egokitzapena eskertu behar diot Nataliari. Ez kluberakoa bakarrik, baizik eta klubaren garapen eredurakoa. Klubeko jokalari guztientzat erreferentzia izateko gaitasuna izan du», amaitu du.
Datorren urteko denboraldiari ere begiratu dio Olabek, eta aitortu du badakitela nor izango den datorren denboraldian emakumeen taldearen entrenatzailea. «Lotuta daukagu. Baina liga oraindik ez da bukatu, eta ezin dut esan. Denborak errespetatu behar ditut», adierazi du. Jokalariei dagokienez, taldearen «erreferentziazko jokalariek» taldean jarraitzea nahi dutela azpimarratu du, eta gogorarazi du Zubietak fruituak eman dituela, gizonezkoetan bezala emakumezkoetan ere. Nahia Aparicio jarri zuen Olabek horren adibide gisa: «Oso pozik gaude, hori baita Reala».