Areto futbola

Roberto Martil: bizitza bat Xotari emana

Irurtzungo taldeko kapitainak erretiroa hartuko du denboraldi amaieran, 38 urterekin, eta etxean 30 urtez aritu eta gero. «Oso zoriontsu izan naiz», aitortu du.

Roberto Martil. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Roberto Martil Osasuna Magna Xota areto futbol taldeko kapitaina, Anaitasuna pabiloian, entrenamendu batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2025eko apirilaren 15a
05:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Etxeko taldean oso gaztetan hasi, pausoz pauso gora egin, pixkanaka jokalari garrantzitsu bilakatu, kapitain izan, ibilbide luze eta oparoa osatu, eta bertan zoriontsu erretiratzea. Horra kirolari askoren ametsa. Amets hori beteko du Roberto Martilek (Iruñea, 1987), Osasuna Magna Xota areto futboleko taldeko jokalariak: denboraldi amaieran hartuko du erretiroa, hasi zen toki berean, Irurtzunen (Nafarroa), 38 urterekin, eta 30 urteko ibilbide ederra egin ondoren. Eta, guztiaren gainetik, «oso zoriontsu» egingo du. «Pribilegiatutzat daukat neure burua bizi izan dudan guztiagatik. Ametsik ederrenean ere ez nuen halakorik imajinatuko. Oso pozik eta harro nago», aitortu du.

Horrelako erabakiak ez dira egun batetik bestera hartzen, eta, Martil udan hasi zen erretiroaz hausnartzen. Otsailean hartu zuen erabakia. Esan, ordea, duela bi aste esan zuen. «Lasaitua hartu dut. Esan arte, urduri samar egon naiz. Dena ondo egin nahi nuen. Hala nahi, eta hala izan; oso polita izan zen, hunkigarria. Ederrak izaten ari dira azken egunak. Orain oso pozik nago, baina, seguru irailean inbidia handia izango dudala, eta zer esanik ez Anaitasunara joaten naizenean».

Nekez irudika dezake bere burua areto futbolean jokatu gabe. Ez da harritzekoa, 6 urterekin hasi baitzen Xotan. Zergatik areto futbola eta ez futbola? «Irurtzunen, Xotak tiradizo handia du». Zerikusia izan zuen haren arreba, Yolanda, areto futbolean aritzeak ere. «Bitxia da, aita karate irakaslea baitzen. Arreba eta biok karatean aritu ginen, baina biok aukeratu genuen gero areto futbola. Nik 17 urterekin utzi nuen karatea. Aita haserretu egin zen, eta astebetez ez zidan hitzik egin. Gero, ulertu egin zuen. Uste dut asmatu egin nuela areto futbola aukeratuta», esan du barrez.

Ordurako egina zuen lehen entrenamendua Xotaren lehen taldearekin, 15 urte besterik ez zuela. Ez du ahaztu egun hura. «Eskolan nengoen, jolas garaian, eta zenbaki arraro batetik deitu ninduten. Deia hartu, eta Imanol zen [Arregi, urte askoan taldeko entrenatzaile izandakoa]. Esan zidan arratsaldean lehen taldearekin entrenatzera joan behar nuela. Oso pozik joan nintzen, baina baita oso urduri eta beldurtuta ere. Sekulakoa izan zen. Ez dut inoiz ahaztuko. Asko dio eskertzeko Imanoli. Nire ibilbidea ezin da ulertu hura gabe».

«Pribilegiatutzat daukat neure burua bizi izan dudan guztiagatik. Ametsik ederrenean ere ez nuen halakorik imajinatuko. Oso pozik eta harro nago»

ROBERTO MARTILOsasuna Magna Xota areto futbol taldeko jokalaria

Baina, entrenatu bakarrik ez, jokatu ere egin nahi zuen talde nagusian. «Baina oso zaila zen, jauzi handia baitzen», aitortu du. Erdibidea topatu zuen, kolpean jauzi hain handia ez egin behar izateko: Espainiako Bigarren Mailako talde batean utzita aritzea, Playas de Saloun. 18 urterekin joan zen, eta urtebetez jokatu zuen han. «Aldaketa oso handia izan zen: etxean ia ez nuen etxeko lanik egiten, eta, Saloun, dena egin behar nuen. Kirol mailan ere aldaketa handia izan zen, baina mesede egin zidan. Ez banintz hara joan, agian ez nukeen horrelako kirol ibilbidea egingo».

Saloutik bueltan, Lizarrara (Nafarroa) joan zen, berriro utzita, Bigarren Mailako Zalatambor taldera. Gutxi iraun zuen han. Xotako jokalari batek min hartu, eta Arregik deitu egin zion, buelta zedin. Zalantza egin zuen. «Oso gustura ari nintzen, asko eta ondo jokatzen, eta, ez nion berehala baietz esan. Ez nuen ez jokatzeko itzuli nahi. Azkenean, baiezkoa eman nion. Erronka bat zen, jokalari on asko baitzeuden, baina gogor lan eginez lortu nuen sendotzea eta aritzea».

Hemezortzi urte egin ditu jarraian Xotan, guztiak maila nagusian. «Asko dira. Iristea zaila da, baina are zailagoa da urte askoan irautea. Urtero etortzen dira jokalari onak, eta ez da batere erraza sasoiari eustea. Horregatik, oso harro nago horrenbeste urtez gorenean aritzeagatik. Gauza handi asko lortu ditugu».

Titulurik gabe, baina harro

Bi gertakari azpimarratu ditu, bi final: 2010eko Espainiako Ligakoa, eta, 2017ko Espainiako Kopakoa. Azken horri erreparatu dio. «Sekulakoa izan zen. Jarraitzaile pila bat joan zen Guadalajarara [Espainia]; elastiko berdeak zeuden nonahi. Oso berezia izan zen. Ez genuen irabazi, baina beste gauza batzuk irabazi genituen: adibidez, Anaitasuna betetzen hasi zen».

Badu arantza txiki bat: ez du titulurik irabazi. Baina ez du kexarik. «Gauza eder asko bizi izan ditugu, eta askotan ikusi dugu pabiloia lepo beteta, harmailetan 3.000 ikusle zeudela. Horrez gain, niretzat ederra izan da ikustea zenbat jokalari gazte eta on atera diren harrobitik: Dani Saldise, Asier Llamas, Jon Cerviño... Horri guztiari balio handia ematen diot». 

Argi du: etxekoa izateak «bereziago» egin du dena. «Onerako eta txarrerako. Adibidez, garai zailetan. Izan ditugu halakoak ere: besteak beste, jaistekotan egon garenean. Egoera horietan etxekook okerrago pasatzen dugu. Jende askok ateratzen du bizibidea klubean lan eginez. Garai zailak bizi izan ditugu».

«Etxean beti esan digute maite ditugun gauzak zaindu behar ditugula: kluba, herria, euskara... Edozertan laguntzeko prest gaude»

ROBERTO MARTILOsasuna Magna Xota areto futboleko taldeko jokalaria

Martilek duela gutxikoa du txarrena: duela bi urte lesio larria izan zuen belaunean. «Oso gaizki pasatu nuen. Osatuta nago, baina ikusteko dago etorkizunean traba egingo didan». Baina ez dago gaitzik onik ez dakarrenik, min hartuta zegoela hasi baitzen bigarren entrenatzaile lanetan. «Gustatuko litzaidake zeregin horretan jarraitzea, baina klubarekin hitz egin behar dut». Argi du lagundu egin nahi duela, harrobian eta emakumezkoen taldearen sorreran lagundu duen bezala. «Etxean beti esan digute maite ditugun gauzak zaindu behar ditugula: kluba, herria, euskara... Edozertan laguntzeko prest gaude».

Azken desio bat du: gutxienez, ligako final-laurdenak jokatzea. «Ederra litzateke berriro Anaitasunan kanporaketa bat bizitzea». 

Hark erretiroa hartuko du, baina aurrerantzean ere martildar batek eramango du kapitainaren besokoa Xotan: arrebak. Zenbaki bera dute biek elastikoan, zortzia, eta, postu berean jokatzen dute, azkenekoan. «Hura izan da beti etxeko onena. Eredu da. Oso harro gaude».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.