Giharretako minekin ahaztuta zegoen. «Bai, bai, itzuli dira. Lehen egunetan gehiago izan nituen baina oraindik min ematen dute». Hiru aste dira entrenatzera itzuli zela, eta gorputza etenaldi osteko bestondoa pairatzen ari da. Maider Undak badaki kostako zaiola gorputza berriz ere martxan jartzea, baina baikorra da. «Baikorra ez banintz, ez nintzen berriz ere entrenatzen hasiko. Zertarako sufritu orduan? Etenaldi hau, gainera, arrazoi goxo bategatik izan da».
Unda urtebetean baino gehiagoan egon da entrenatu eta borrokatu gabe, 2013ko udaberrian Europako txapeldunorde izan zenetik. Amatasunaren bideari ekin zion, eta, olinpiar jokoetan parte hartzen duten emakume gehienek bezala, haurdunaldia kirol egutegira egokitu zuen —Maialen Chorraut eta Oiana Blanco 2012ko Olinpiar Jokoen ondoren izan dira ama—. «Emaitza on baten ondoren egin nuen etenaldia. Kirolariek beti ditugu gorabeherak, eta ez dago zertan egon behean zauden une baten zain halako erabakiak hartzeko». Etenaldian, BAT Basque Teamen diru laguntza izan du, eta gaztagintzako lanekin ere aritu du.
Abuztuan izan zen ama, eta bizitza aldatu zitzaion. «Orain, pertsona bat dago nirekiko mendekotasun guztia duena, eta hori kontuan izan behar dut entrenatzeko garaian. Badakit askotan beste norbaitekin utzi beharko dudala entrenatu edo atzerrian lehiatzeko. Gogorra izango da, baina etxekoek laguntzen didate; asko diet eskertzeko». Ez du ezkutatu etxean harritu egin direla berriz ere entrenatzen ikustean, amatasunarekin erretiroa hartuko zuela uste baitzuten. Baina arra hor du. «Ez dut nabaritu lehiaren hutsunea. Burua garbitzeko balio izan dit etenaldiak. Baina berriz ere entrenatzen hastean, grina piztu zait. Nire entrenatzailea ere —Luis Crespo, goiko argazkian Undarekin— pozik dago berriz ere hasi naizelako».
Undak, baina, aldapa luzea du aurretik, eta ordu asko sartu beharko ditu sasoia hartzeko. «Hutsetik hasiko naiz. Tira, ia hutsetik, eskarmentua eta ezagutza nirekin daudelako, baina arlo fisikoari dagokionez, behe behetik». Hasia da tonifikazioarekin, egunero, ordu eta erdi. Hastean hirutan Gasteizen, Mendizorrotzan, eta beste hainbestetan etxean. Motibazio falta nabaritu zuen hasieran, baina apurka, nagiak aldendu ahala, aldartea hobetu zaio. «Serioago hasiko naiz Gabonetan borrokan, jana zaintzen...».
Oraindik ez du egutegirik buruan. «Gorputzak zehaztuko dit», baina lehen mugarria Munduko Txapelketak izango dira, irailean, Las Vegasen (AEB). Han banatuko dira 2016ko Olinpiar Jokoetarako lehen sei aukerak. «Helburua Rio de Janeirora iristea da. Jokoak oso gertu ikusten ditut. Bide luzea egin behar dut eta denbora gutxi dut prestatzeko». Denbora gutxi, baina aski, eta maiz errepikatu du esaldi bera: «Kalkuluek ematen dute».
Munduko Txapelketan sartzerik lortuko ez balu, 2016ko udaberrian Europan hiru torneo izango ditu sailkatzeko. Hiruak jarraian jokatuko dira, eta bakoitzeko lehen biak sailkatuko dira. Bide horretan, baina, badu laguntza bat. Gizonezko eta emakumezkoetan mailak parekatu egin dira, eta 2016an emakumeak sei pisutan lehiatuko dira. Londresen lau izan ziren, eta horregatik egon zen borroka olinpiar programatik irteteko zoria. Pisu maila handiagoaegonda, parte hartzaileak banatu egingo dira. Undak gora egingo du, eta 72 kiloz azpitik 75 kilora.
Lesioaren irakaspena
Undak badaki zer den urtebetez geldirik egotea. 2010ean belauneko lotailuak hautsi zituen. «Hura gogorragoa izan zen, arrazoia bera gogorragoa zelako. Ni orain zoriontsu naiz. Ebakuntzaren ondoren ondo jarriko nintzen ere ez nekien». Borrokalaria, gainera, uste baino gehiago luzatzen ari da bere ibilbidea. «Londresera joan aurretik nahiko garbi nuen han bukatuko zela, baina dominak dena aldatu zuen. Jarraitzeko gogoa piztu zidan, gero Europako zilarra etorri zen...».
Eta erretiroa? Rioren ondoren, ezta? «Ikusiko dugu. Riora iritsi eta maila ona ematen badut, nork jakin? 40 urtetik gora ere lehiatzen diren borrokalariak badaude, pisu arinagoetan batez ere, baina nork jakin». Londresen borrokan dominaren bat lortu zuten hamasei emakumetatik zortzik 31 urte edo gehiago zituzten; hori bai, Unda zen zaharrena.
Maider Unda
Rioko iturburuan
Urtebetean baino gehiagoan egon da borrokatu eta entrenatu gabe, ama izateko. Orain, berriz hasi da martxan, eta argi du zein den helmuga: 2015eko Munduko Txapelketak, irailean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu